mikel reina
Hirukotik

Aldakorra

2024ko martxoaren 20a
05:05
Entzun

Saskibaloia, bizitza bezala, aldakorra da. Aste batetik bestera gauzak aldatu egin daitezke, baita segundo batetik bestera ere. Saskibaloian segundo bat asko baita, askorako eman dezake. Hala ere, badaude aldatzeko zailagoak diren aldagaiak, erregular mantentzen direnak.

Aste batetik bestera

Bilbo Basket, adibidez, infernutik zerura igaro da aste bakar batean. Varsovian jipoia, eta, Granadan, kokotekoa. Baina Miribillako infernuan inon baino hobeto sentitzen dira bilbotarrak. Legia Varsoviaren aurkako final-laurdena irauli  zuen lehendabizi, eta sentsazio onei jarraipena eman zien, etxean, Joventuti irabazita. Beste urte batez ACB ligan mantentzeko urrats handia egin dute bizkaitarrek, ia erabakigarria, baina ez erabatekoa oraindik. Saskibaloia aldakorra baita, gogoratu.

Baskoniak ere, duela pare bat aste, urrun ikusten zituen ACBko titulurako kanporaketak, bi garaipenera. Are gehiago, zenbait aurkari zuzenekin, Joventutekin eta Teneriferekin, zuzeneko puntuen aldea galdua dutela kontuan izanda. Orain, berriz, zortzigarren postuan dago, bederatzigarrenarekin eta hamargarrenarekin berdinduta. Hautagaien artean bi geratuko dira kanpoan, erabateko zuloa zabaldu baitute gainontzekoekin. Hain zuzen ere, hurrengo sailkatua Bilbo Basket da, lau garaipen gutxiagorekin. Eta euskal derbia dago igandean Miribillan. Jaume Ponsarnauk astebete dauka Markus Howard geratzen saiatzeko, horretarako estrategia bat prestatzeko. Lortuko ote duen beste kontu bat izango da. Ligako azken bi partidetan 37 puntu sartzetik dator; larunbatean, gainera, hamar hiruko sartu zituen. Hala, Mirza Teletovicen eta Saulius Estombergasen markak hautsi zituen.

Hilabete batetik bestera

Aste batetik bestera gauzak aldatzen badira, zer esan hilabete batetik bestera. Etzi hasiko da emakumezkoen Espainiako Kopa, Huelvan, eta zenbat aldatu diren gauzak ordutik. Bi euskal talde izango dira bertan: Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren. Gero eta beranduago jokatzen da Kopa; esate baterako, urtarrilaren 16an egin zen kanporaketen zozketa. Ordutik asko aldatu dira gauzak, bizkaitarrentzako batez ere.

Denboraldi gorabeheratsua bizitzen ari dira Busturialdean, onena eta txarrena uztartzeko gai dira, eta ez dute lortu erregular izatea. Baina, era berean, Kopak zerbait badu, ezusteetarako tartea da. Izan ere partida bakarrera jokatzen dira kanporaketak. Denboraldi honetan, gainera, gernikarrak lehen hiru sailkatuak mendean hartzeko gai izan dira Malosten. Horregatik, agian, zozketaren egunean pozik zeuden Perfumerias Avenida egokitu zitzaienean. Zozketa bezperan, Pepe Vazquez entrenatzailea kaleratu zuten, aurreikusitako emaitzak ez lortzeagatik. Aldaketak, ordea, on egin dio Salamancako taldeari. Nacho Martinezen taldea ligan sasoirik onenean dagoen taldea da orain, zortzi garaipen daramatzate jarraian. Horrenbestez, Lucas Fernandezen taldeak bere bertsiorik onena beharko du, ez irabazteko, lehiatzeko bakarrik. Azken hiru urteetan sartu dira bizkaitarrak finalaurrekoetan.

IDK Euskotrenen agian gorabehera gutxiago daude, baina aurkaririk zailena egokitu zitzaien: Valentzia Basket. Kopako lehen partida beti izaten da jokatzeko zaila. Baina bi taldeentzako da horrela; beraz, hori baliatu nahiko dute donostiarrek. Gainera, duela hilabete bat ondo baino hobeto lehiatu ziren talde horren aurka, nahiz eta 63-70 galdu zuten. Hain zuzen ere, Euroligatik kanpo geratu ostean, indartu egin da Ruben Burgosen taldea. Alina Iagupova Europako jokalaririk onenetakoa da, aldeak ezartzen dituzten horietakoa, eta valentziarrek badituzte bat baino gehiago. Foku handietatik kanpo egiten den lan horretarako fitxatu dute Maria Eraunzetamurgil. Baina IDK-k zerbait badu, jokamolde sendo bat da.

Egunean bertan

Final-laurdenetan ezusteetarako tarte gutxi egongo da; zerrendaburuak dira faborito. Eta finalaurrekoetan ere ezingo dira asko egon, lau taldeen arteko berdintasuna handia baita. Gainera, partiden ordutegiek ez dute askorik laguntzen, eguerdian jokatuko baitira larunbatean eta igandean. Kopa irabazten duenak, gainera, ez du ziurtatua izango Europarako sailkatzea. Hori bai, denek eraman nahiko dute garaikurra etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.