Asteko lanpostu zailena. Ostegunean, hamalaugarren minutuan Unicaja 19-35 aurretik zihoala zaleen mimo artean kantxaratu zen lehen aldiz Lamar Odom. Taldekide berriak ezinean zebiltzan, beste behin, eta zazpi zenbakidunarekin ez zen berrikuntza aipagarririk ikusi. Atsedenaldirako katastrofea biribilduta zegoen, eta markagailuko 26-47a ikusita txistu kontzertuarekin esan zieten gero arte jokalari eta entrenatzaileei harmailetako hamar mila lagunek. Joxe Felipe Auzmendi speaker-rak imajina daiteken lan eskergabeenari ekin zion azkar asko. «Elkarrekin markagailuari buelta eman diezaiokegu, goazen!», «Eutsi gogor!» eta antzekoekin, autolaguntzako bere errepertorio osoa erabili behar izan zuen. Gasteizko taldearen denboraldia txar-txarra da oraingoz, eta azken 11 lehietan hamar porrot bildu ditu Laboral Kutxak. Ez zaio meriturik falta Joxe Felipe Auzmendiri denboraldia depresioagatik bajarik hartu gabe amaitzen badu, panorama ikusita Buesa Arena animatuko duenik ez baitago.
Gaur ez bada, bihar. Euroligan final-laurdenetatik at egongo da Laboral Kutxa, eta ACB ligan patu berbera jarraitzea ezin da jada baztertu. Teorian, ondorio zorigaiztokoak eragin litzake horrek, Europan urtero aritzeko daukan lehentasunezko lizentzia polemikoa gal lezakeelako Gasteizko klubak. Ez dirudi. ordea. Josean Kerejeta klubeko presidentea aukera horrek gehiegi arduratzen duenik. Zantzu guztien arabera, aldaketa sakonak espero daitezke hurrengo urteetan kontinente osoko txapelketetan. Euroligaren egutegia are eta zabalagoa bihurtzera doa, eta litekeena da norgehiagokak asteburuetan programatzea, bazkide gehienek hala nahiago luketelako. Kerejetak urteak daramatza bere kluba testuinguru horretarako atontzen, eta errealitate bihurtuko denean bertatik kanopo geratzea ez du imajinatu ere egiten.
Bi abiadurako sistema. Saskibaloiarentzat hain aro garrantzitsua den honetan ACB zuzendaritza gabe egotea adierazgarria da. Joan zen astean enegarrenez atzeratu zen lehendakari berriaren aukeraketa, baina aktore nagusiek sukalde lanetan jarraitzen dute. Mahai gainean dagoen plangintzetako bat bi abiaduretako ligarena da. Europan ari direnek multzo bat osatuko lukete —A1 moduko bat—, etxean jarduera oso mugatuarekin. Talde apalagoak —A2 dei diezaiekegu haiei— beraien artean lehiatuko lirateke gehienetan. Maila bakoitzean zenbat klub arituko liratekeen ikusteke dago, eta egitasmoa bideragarria den ala ez irudikatzeko ezer baino lehen Euroligaren asmoen berri jakitea komeniko da. Mudantza uda honetan bertan ala hurrengoan izango den ere ez dakigu —zaila dirudi aurten izatea—, baina lurrikara saihestezina da, eta klubetako zuzendaritzak hasiak dira aterpe bila.
Badago non gozatu. Laboral Kutxaren partidekin asetzen den noizbehinkako ikusleak ondoriozta lezake Euroligako Top 16an ez dagoela garai bateko saskibaloirik dastatzerik. Hiruzpalau lehia mamitsu jazotzen ari dira astero ordea, eta zortzigarren jardunaldia bereziki eskuzabala suertatu zen. Istanbulen, Zeljko Obradovicen Fenerbahcek lehen abisua igorri zuen, Vassilis Spaulis gabe aritu zen Olympiakos mendean hartuta. Handik oso kilometro gutxira, Semih Erdenek jaurtiketa libre bat defendatzen egin zuen akats tamalgarria baliatu zuen Joey Dorseyk Bartzelonak galduta eduki zuen norgehiagoka poltsikoratu zezan. Milanek behingoz proiektu sinesgarria atondu duela frogatu zuen, Panathinaikos modu estuan mendean hartuta. Eta lehia ederrena CSKAk eta Lokomotiv Kubanek burututakoa izan zen. Saturnoren zazpigarren ilargia Plutonen parean kokatzen denean jokatu ohi duen partida harrigarri horietako bat burutu zuen Milos Teodosicek, eta gehienetan ari begira sentitutako frustrazioa itzalarazi. Real Madrilez gain, Istanbulen txapeldun izan daitezkeen legezko dozena erdi hautagai badaude, eta Lauko Finalak itxura ezin desiragarriagoa du zale neutralarentzat.

Saski da!
Altza Joxe Felipe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu