Danel Agirre.
SASKI DA!

Antolatzaile honek ez du antolatzen

2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiztegi ideologizatua. Euskaraz saskibaloiari buruz aritzeko darabilgun terminologia nola taxutzen joan den zehatz ez dakit. Duela hogeita bost bat urte Asier Arangurenek zapatu arratsaldeetan NBAko partidak girotzen zituenerako, jokoaren hiztegiaren atal nagusiak existitzen ziren dagoeneko. Baita Pedro Mari Goikoetxeak ACB ligaren hastapenetan esatari eman zituen garaietan ere. Kontzeptu bakoitzari zein izen ipini ETBn bertan erabaki zutela suposatu izan dut nik. Egiteko horretan, izan zen mezu ideologikoz txertatutako hauturik. Ingelesezko point guard euskaraz antolatzaile itzultzea, adibidez. Gurean, posizio horretan aritu eta orkestra zuzendari rola betetzen ez duena susmagarri bihurtzen du hizkuntzak berak. Eta Iratiko boli dorrean ez dira azkenaldian oso gustura ibiliko, saskibaloi modernoan antolatzen duten antolatzaileak gero eta gutxiago direlako.

Mila arbel buruan. Entrenatzaileek lehia batean jazo daitezkeen aldagarri guztiez duten kontrola areagotzearekin batera, bostekoko beste lau lagunei aginduko dien kantxako liderra eskumenak galduz joan da. Bere lantaldea osatu eta ongi ezagututakoan, saskira batez besteko handiarekin jaurti ahal izateko egoerak identifikatu eta lehenesten dituzte azkar teknikariek. Erasoko jokoa modu abstraktuan eraiki baino gehiago, izen-abizenak dituzten bertuteak ustiatzea da sistemen helburua. Erabil dezagun Baskonia adibide gisa. David Bertansek hirukoa 45 graduko angelutik bakarrik dagoela botatzea, Tornike Xengeliak saski parean sei metrora baloia trafikorik gabe jasotzea eta barnealdera egitea edo Miroslav Begicek bizkarrez uztaitik hurbil bere defendatzailea erasotzeko aukera izatea dira xedeak. Horretarako, antolatzaileak ez du sormen berezirik behar, ehunka aldiz entrenatuta dagoena testuinguru lehiakorrago batean errepikatzea baizik.

Azken minutu horiek. Jarrai dezagun gasteiztarrekin. Egun 1 moduan ari diren Darius Adams eta Mike Jamesek defentsa apurtu eta bere kasa portzentaje duin askorekin saskiratzeko duten ahalmena ikusita, tontakeria litzateke Ibon Navarrok ortodoxiaren izenean aukera hori errefusatzea. Urte amaieran iritsitako bi estatubatuarrak ez dira, harmailetan eta sare sozialetan askok iruzkindu bezala, antolatzaile baten gorputzean harrapatuta dauden eskoltak. Antolatzeko orduan saskira begiratzea beste antolatzaile batzuk baino gehiago lehenesten duten antolatzaileak dira. Aulkiaren onespenarekin ia beti, gainera. Kamuts aritzen direnean, erabaki aproposak hartzeko, baloiak aurkariari ez oparitzeko eta batez ere azken minutuetan neurritasuna mantentzeko ezintasuna izan ohi da bien arazoa, ostegunean Errusian gertatu bezala. Ez haien DNA oldarkorra.

Bikiegiak akaso. Adams eta James bikotearen beste eragozpen bat haien antzekotasuna da. Batak bestea ordezkatu eta jokalari berarekin jarraitzen duzulako sentsazioa ez da komenigarriena saskibaloian. Aurkariaren defentsaren armazoiak antolatzailea ezerezten duenean, orduan bai sumatzen duela faltan Gasteizko taldeak eskola zaharreko zuzendari bat, bostekoko beste aleak garrantzitsu sentiarazten espezialista den Jared Jordan bat. Horrek ez du esan nahi Adams edo James antolatzaile onak ez direnik edo, behintzat, izateko bidean ez direnik, noski. Thomas Heurtel saldu beharrak eta Doron Perkinsen errendimendu eskasak kirol zuzendaritza ahal zen jokalari onenak oso azkar fitxatzera behartu zuen, ziur aski berdinegiak zirela jakitun.

Amaitzeko, beste bi kasu. Eskuzabaltasunak antolatzaile ona izaterik ez du bermatzen, eta, batzuetan, berekoikeria apur bat ere behar izaten da elitera iritsi ahal izateko. Sergio Rodriguezen adibidea paradigmatikoa da, Europako jokalari onenetakoa bihurtu baita azken urteotan bere jaurtiketen maiztasuna bikoiztearekin batera. Kontrako bidea hartu eta arrakasta topatzea ere posible da: Pablo Prigioni eskolta zena asistentziak dozenaka partitzera pasatu zenean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.