mikel reina
HIRUKOTIK

Apurtzailea?

2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Labur edo luze. Denboraldiko asterik onenetariko batean gaude murgilduta. Kontrakoa dirudien arren, ez da Euroligako jardunaldirik jokatuko, baina bai herrialdeetako kopak. Ia bi aste itxaron beharko dugu gaur egungo munduko txapelketarik lehiatuenaz ostera ere gozatu ahal izateko. Beste talde batzuek, ordea, gehiago itxaron beharko dute. Bilbo Basketek, esate baterako. Behintzat, eta ez da gutxi, garaipenaren zaporearekin agurtu zuten otsaila bilbotarrek. Bai, urtarrila amaiezina da, baina otsaila inoiz baino laburragoa izango da. Espainiako Kopako etenaldiari FIBA leihoetako geldialdia gehitu behar zaio. Martxoaren 5ean jokatuko du hurrengo partida Jaume Ponsarnauk zuzendutako taldeak.

Kale edo baleko txapelketa bat beti da berezia. Hasteko, txapelketagatik beragatik baino gehiago, sortzen den giroagatik; are gehiago lehiaketa Badalona (Herrialde Katalanak) bezalako zona saskibaloizale batean jokatzen baldin bada. Bestetik, partida bakarreko kanporaketek beste xarma bat ematen diote lehiari. Horregatik da, nire ustez, hain berezia eta bakarra NCAAko March Madness txapelketa (martxo eroa); faboritoak txikitzen ditu.

Hain zuzen ere, aurtengo Kopa bereziki irekia aurreikusten dut; bai, behintzat, hasiera batean. Zozketak ere asko lagundu zuen alde horretatik. Badakigu ez dugula ikusiko Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko ustezko klasikoa finalean. Asko balio du horrek; saskibaloizaleok gehien ospatu genuen albistea izan zen. Azken batean, ez ditugu betiko bi talde berak finalean ikusiko. Tristea da horrelakoak ospatu beharra, baina orokorrean, kirolean dagoen immobilismoaren erakuslea da.

Talde arriskutsu asko ariko dira Kopan; urtero esaten den zerbait izan ohi da, eta gero, hautagai nagusiek egiten dute aurrera. Baina esperantza omen da galtzen den azken gauza. Zalantza bakarra taldeen egituraketan dago oinarrituta. Topikoetatik aldendu nahian nabil beti, baina batzuetan ezin daiteke ihes egin. Esaldi errepikakorra da: erasoak partidak irabazten ditu, eta defentsak txapelketak. Hala ere, biak elkarrekin lotuta daude. Unicajak, Valentziak edo Kanaria Handiak puntu asko sartzeko gaitasun ikaragarria erakutsi dute; hirurek jokamolde erasokorra dute, ahalik eta arinen uztaia begiratzearena. Batez beste puntu gehien sartzen dituzten sei taldeen artean daude.

Asmatzaileari jarraituz. Saskiratzaileena, zelan ez. Baskonia da partidako 90 puntu baino gehiago sartzen dituen talde bakarra. Era berean, hiruko gehien sartu eta portzentaje onenekin lortzen dituena ere bada; inork baino asistentzia gehiago banatzen ditu ere bai. James Naismithek saskibaloia asmatu zuenean, baloia otzararen barruan sartzeko helburua jarri zuen; gehien sartzen zituenak irabazten zuen. Bide beretik jo nahi du Joan PeƱarroyak: puntu asko sar ditzaketen jokalariak ditu, baina defentsak ezartzen du hein handi batean talde baten muga. Alde horretatik, batez ere, blokeo zuzenaren defentsa landu beharra dago, egungo jokaldirik erabiliena baita; askotan, horretara bakarrik oinarritzen da saskibaloia. Onenen aurka lehiatu ahal izateko, ezinbestekoa da mugimendu hori defendatzea; lehiakortasunaren unerik garrantzitsuena da. Entrenatzaileek gordeta dituzten jokaldiak edo defentsako gakoak ateratzen dituzte, eta maila horretan edozein xehetasun da garrantzitsua. Ikusteko modukoa da Marc Castillo entrenatzaileak nola aztertu dituen Twitterren PeƱarroya eta Ibon Navarro.

Joventutek, adibidez, blokeo zuzenari baino gehiago, zeharkakoari ateratzen dio eraginkortasuna; estatistikaren arabera, puntu bat baino gehiago batez beste. Hain zuzen ere, Kataluniako taldeko bi izarrei abantaila txiki bat ematen saiatzen da Carles Duran. Ante Tomicek betiko kalitateari eusten dio, baina adinean gora doa. Kyle Guy, berriz, ez da AEBetako ohiko jokalaria: jaurtitzailea da, eta ez horrenbeste joko sortzailea. Horrez gain, lanerako dauden jokalari asko dituzte Badalonan, eta horietako batzuek talentu handia dute; Joel Parra da adibiderik onena. Baskoniak 2006an gertatutakoa errepikatu nahi du; hau da, Joventuti final-laurdenetan irabazi lehenbizi, eta gero, kopa eskuratu. Agian ez gara uste bezain apurtzaileak izango gaur egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.