P ilotalekuak beteko omen dira goi mailako pilotariak elkarren aurka ikusteko. Telebista ere, gero eta garrantzitsuagoa pilota profesionalaren erabakiak ulertzeko, pozik, ikusle kuota igoko baita. Arrakastaren endogamia da, betiko izenak, elkarren aurka beste behin. Kopurua murrizteak kalitatea dakarrenaren uste, ez hain ustela, da. Ziur partida galantak ikusiko direla, lesiorik ez badago behintzat, eta ikuskizun bikaina. Baina horrek ez du dena justifikatzen, eta eliteko manomanista bat nahi izanez gero, horretarako dago BBK Masterra.
EPELek buruz burukoaren jabetza hartu du, eta esentzia kendu dio. Manomanistaren jabetza pilota jokoarena berarena beharko luke, txapelketarik preziatuena da, historia liburuetan agertzen dena. Era berean, pilotari txikiaren aldarrirako aukera izan da beti, gora egiteko bidea. Hori da muina, dirutan zenbatu ezin daitekeen balorea. Behetik hasi eta loria besarkatzen duenaren esperantza da buruz burukoa. Irujo, Xala, Bengoetxea VI.a... eta zergatik ez? Urberuaga ere iaz. Asko dira sistema horrekin euren balentria ederrik egin gabe geldituko zirenak. Itxia da, arimarik gabekoa, onartze eskubidea gordetzen duen taberna bezalakoa.
Tamalez, baina, tankera horretako iritzi artikuluak gero eta ohikoagoak dira, eta gastatu kutsua darie. «Enpresa kudeaketa irizpideekin» bat ez etortzearen ajeak. Ez dakit oraindik zergatik harritzen naizen, lasai asko idazten baitut egunero enpresen liga batek zuzenduriko kirola dela.
Arimarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu