Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Arnasa

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Aste lasaia. Bizitzeko beharrezkoa dugu arnasa hartu. Bestela, zulora. Futbol taldeek ez dute arnasarik hartzen, baina zulora erortzeko arriskuan bizi dira. Hori bai, azkeneko zulo hori ez da aurrenekoa bezalakoa, bizirik segi baitaiteke hor. Nahiz eta, azkenaldian, zuloa eta desagertzeko arriskua elkarri lotuta ibili hainbat taldetan. Gure hiru ordezkariak ito larriarekin zebiltzan, eta, asteburuan, arnasa hartzea lortu dute. Sakon. Hirurek irabaztea ez da askotan gertatzen, eta ez du ematen askotan gertatuko denik, iragarpen hori asmatzen zaila izan arren. Beraz, hartu arnasa sakon. Astebeterako badugu, behintzat.

Estua behar du. Philippe Montanierrek gozo egingo zuen lo zapatu gauean. Aspaldian ez bezala. Realeko jarraitzaileek arnasa sakon hartzeko arazoak izango zituzten, Malagan atera zuen hamaikakoaren berri izan eta gero. Artista denak batera. Alde batera, ikusmina, ausardiaren emaitza zein izango; eta bestera, kezka. Izan ere, artista horietako batzuek lan gutxi egiteko ohitura dute defentsako lanean, eta Malagari aurre egiteko ezinbestekoa zen defentsako lana. Ondo atera zen ausardiarena, irabazitakoan dena ona izateko joera aldatzea zaila baita. Jokoan ere nabarmendu zen hobekuntza, Malagak zenbait artista nagi dituela ahaztu gabe. Deigarriena artista batzuen lanerako grina izan zen. Bigarren zatian, batez ere, aurrenekoan alferkeria zantzuak bistaratu baitzituzten. Arnasa estu hartuta ibili ziren lanean, eta hala behar du. Arnasa sakon hartzeko abilezia duen futbolaria, malo. Nekatu egin behar du. Eta nekatu egin ziren artistak. Nekeak saria eman zien gero. Saria jasoko al dute orain Montanierren partetik? Esan nahi da, Rayoren aurkako partidan ere hamaikako bera aterako al du? Erantzun asko, aldekoak eta kontrakoak; eta eztabaida, interesgarria: defentsako lana, erasoko talentua, oreka, arriskuak, estiloak, Pardo, Ifran... Arnasa lasai hartu eta patxadaz jarduteko pagotxa.



Sakona, ondoren. Halakoxe arnasa hartuko zuten San Mamesen bildu zirenek igandean. Epaileak norgehiagokaren amaiera hartutakoan baina. Aurretik, denetarik pixka bat: lehen zatian konfiantzaren arnasa, segurua eta luzea, sakonaren parekoa. Ondo aritu zen Marcelo Bielsak entrenatutako taldea. Bigarrenean, ordea, estua, kezkaren eta barruko gorabeheren arnasa. Lasaia ez den hori. Presakakoa. Nahi baino azkarragoa, Nork berak menderatu ezin duen hori. Estutasuna bazter guztietan. Azkenean, lasaitasunaren sakona berriz ere. Zaleak lasai. Baita Iraizoz ere. Bazebilen zalantzaren doinua bere lanaren bueltan. Ordezkoen aulkian esertzeak kalterik ez liokeela egingo ere idatzi edota esan zuten batzuek. Isildu zituen denak atezainak. Ea hurrengoan, mesfidati horiek ere arnasa sakon hartzen duten Iraizoz lanean jartzen dutenean aurkariek. Bielsak ere gau gozoa igaroko zuen igandean. Gozarazi zizkigun belarriak, pentsamenduak eta bihotza larunbateko prentsaurrekoan (betirako gordetzekoa eta erakustekoa futbola presente dagoen lekuetan), eta igandean, hari eman zion taldeak gozatzeko aukera. Lasaitasun ederra hartuko zuen partida ondorenean. Eta jokoan zehar ere bai, laugarren epaileak ia kaleratu zuenean. Estu zuen gorputz barruko haizea, kexaka joan zitzaionean alboko epaileari, kontu eske. Michel, Sevillako entrenatzailea, sartu zen tartean, epaileari eskatuz ez bidaltzeko kalera Bielsa. Halako laguntasunek ere sorrarazten dute arnasa sakona. Atsegin horietakoa, bete-betekoa.

Alerta gorria. Diotenez, larunbatean, Bartzelonan, zortziak aldera, sekulako haize boladak jo zituen bazterrak. Baina lekurik arriskutsuena Espanyolen zelaia izan omen zen. Hain justu, soro pila dagoen tarte zabala, aulki, harmaila eta guzti. Eguraldiaren adituak harrituta daude, ez zegoelako iragarrita halako haize bolada indartsua. Ezustean sartu zen, inori ezer esan gabe. Fenomeno meteorologikoa ez ei zen izan. Futbolistikoa, diote. Izan ere, hemezortzi jokalari, entrenatzaile talde batek eta agintari hainbatek denek batera bota zuten haize uholdea ahotik. Eta horrek eragin haizete indartsua. Osasunako jokalariak, Jose Luis Mendilibar eta konpainia, eta zuzendaritzako zenbait lagun ari ziren arnasa sakon-sakon hartzen, eta indar handiz botatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.