Anoetako pankarta. «Astelehena, 22:00ak, Goenkale ikusteko ordua». Halaxe zioen pankarta batek herenegun gauean Anoetan. Ordutegi aldrebes horretan, futbolik ez, beste era batera esanda. Hau idazten ari denak baino kasu gehiago egiten diote beste batzuek nonbait telesail, telenobela edo dena delako horri. Joxe Mari, Maria Luisa, Gaizka, Margari eta Euxebioren garaian geratuak gara gu. Orduan ez baitzen izaten futbolik egunero eta ordu zelebreetan. Baina onartu beharra dago erraz ikustekoa zela euskarazko produktu hura. Auskalo zenbagarren kapituluan doan orain... batek jakin zenbat elkarrizketa eta gidoi idatzi dituzten makina bat jendek. Asmatzaile apartak izaten dira horiek, eta asmatzaile prestu horien lekuan jarri beharrean gara orain, futbol jardunak utzitako hainbat egoerari hitzak jartzeko.
Bi entrenatzaile. Izan zitekeen Anoetako partidaren kapituluaren izena. Amaieran gertatu zen, epaileak epelera bidali zituenean beste protagonistak. Halakoetan ohikoa denez, bi entrenatzaileak elkar agurtzera joan ziren. Jagoba Arrasatek Fran Escriba aurkitu zuen, eta Escribak Arrasate. Ez zen esku emate soila izan. Sorbaldetatik eu- tsi zion kanpokoak etxekoari, eta zerbait esan. Goenkale-ko elkarrizketa sortzaileen larruan jarrita, honelakoz zerbait, akaso: «Zu ume mokoa zinela Realak Elxeri ematen zizkion astinduen parekoa eman diguzue. Atotxan izaten zen, eta 6-0 behin baino gehiagotan jipoitu zuen Realak Elx».
Graciaren grazia. Parentesia edo etena Goenkale-ko kontuetan orain. Hau ondo serioa baita, hemen datorrena. Ba al dakizue Athletic eta Reala pagotxa aurkitu berritan direla Iruñe aldean? Graciaren grazia topatu dute. Bost zenbakiaren arrastoan doa istorioa. Duela hilabete batzuk izan zen aurreneko pista: Realak bost gol sartu zizkion Graciaren Osasunari. Igandean, beste bost Athleticek.
Aduriz eta Valverde. Bi hauek hitz egingo dute sarri antzean. Horra arte ez dago misterio handirik. Baina jokalari-entrenatzaile arteko ohiko harremanaz haratago joan omen zen solasaldi bat. Goenkale-ko intigren parekoa izan da orain arte, baina argitu da misterioa azkenean. Kanpotik jakinda argitu ere. Valverdek: «Nik 50 gol sartu nituen Athleticen, eta zu oso gertu zaude marka horretatik». Adurizek: «Zer esan nahi didazu?» Valverdek: «Ez gainditzeko nire marka. Sar ditzatela besteek golak». Adurizi horregatik kosta izan zaio orain arte golak sartzea. Bistan da, orain, Valverdek zer esan dion Adurizi: «Alferrik ari naiz zurekin. Gainditu lasai nire marka».
Aspaldiko bi ezagun. Lagun, akaso. Baina ez du ematen Javi Lopez eta Gaizka Garitano lagunak izango direnik. Ia bost urte badira elkar azkenekoz ikusi zutenetik. Gasteizen izango zen. Lopez Alaveseko entrenatzaile zen, eta Garitano jokalari. Denboraldi hartan joan zen zulotik behera Alaves. Larunbatean, berriz elkar ikusi zuten. Gironan. Biak entrenatzaile oraingoan. Bien artekoa agur soila izan zen edo solasaldia Goenkale-ko gidoigileei galdetzeko modukoa da. Misterioa. Irakurleak asma dezala balizko elkarrizketa hori.
Valeronek Viguerari. Bat izana eta dena, bestea izaten ari dena halako batean. Las Palmasen elkarren parez parez aritu ziren larunbat iluntzean. Biak talentu tekniko aberatsekoak. Aurkariaren arean lan egin zaleak biak ere. Hortik behera, tamainan. Hitz egingo zuten ziurrenik partidaren amaieran. Agian, Viguerak elastikoa ere eskatuko zion Valeroni. Eman ere bai honek. Eta Goenkale balitz bezala, Valeronek: «Zatoz hona jokatzera, eguzki eder askoz gozatzera». Eta horrela amaitu da gaurko kapitulua, intriga horrekin. Goenkale da.

Harmailetatik begira
Astelehenetan, 'Goenkale'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu