Irudika ezazue zuen muturren aurrean arrautza eta urdaiazpiko frijitu platerkada bat. Bada… gutizia hori platerera eramateko, oiloak eta zerriak ez omen dute modu berean parte hartu. Hegaztia, nonbait, konprometitu egin da egoerarekin. Ugaztuna, areago, inplikatu. Ez dakit bereizketa hori zuzena den, baina ongi etorri zutabe honetara!
Puntako traineruei begira, betidanik iruditu izan zait (estereotipotan eroriz, noski!) arrauna ulertzeko bi modu daudela. Bata, harrobiko arraunlariekin lan eginez; eta bestea, kanpotik goi mailako arraunlariak fitxatuz. Eta uste izan dut ere, harrobiko arraunlariek diruarekin ordaindu ezin den nolabaiteko gehigarri bat ematen dutela elkarteagatik; eta hor datzala, gainera, haien arrakasta. Fitxatuak diruaren truke konprometitu egiten direla; eta etxekoak, areago, koloreen alde inplikatu, alegia. Urdaibaiko eta Kaikuko arraunlariak oiloak direla; Oriokoak eta Hondarribikoak, zerriak.
Urdaibaikoak aurten erakusten ari diren errendimenduak txundituta nauka. -95 puntuko zigorrak, liga alde batera utzi, estropada guztietan dena ematera joatea ahaztu, eta euren onena zita garrantzitsuenetan bakarrik emateko egoeran jarri zituen, ahulenon usteetan. Txepelkeriak utzita, ordea, estropadaro hortzak erakutsiz, sekulako maila ari zaizkigu erakusten; tartean enbata bat kontra izanda ere, ia liderrak adina puntu biltzeraino. Horrek puntako talde sendo bat eta kideen konpromisoa baino gehiago eskatzen du. Areago, oiloak zerri bilakatzea eskatzen du.
Aurten, Urdaibaiko arraunlariak urde bihurtu zaizkigu, goiko gure teoria guztiak zapuztuz. Suminagatik agian, baina erabat inplikatu dira egoerarekin. Bejondeizula! Eta horregatik diot: Aurten Bai, Urdai…!!

ARRAUN-MINEZ
Aurten bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu