mikel reina
Hirukoak

Azkena eta etxera

2025eko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zure inguruan askotan entzun duzun esaldia da. Batzuetan gauza onak ekar ditzake horrek: azken elkarrizketa bat, azken eguzki izpiak... Beste batzuetan, aldiz, gauzak okertzeko esaldi bat esatea gerta daiteke. Saskibaloian ere badaude horrelakoak; partidak izaten dira, tragoak baino gehiago. Hain zuzen ere, orain da horretarako garaia. Hasiak dira hil edo biziko partidak, kanporaketetako azken partidak, zazpigarrenak NBAn, bosgarrenak Euroligan. Larunbat iluntzean hasi ziren, eta, momentuz, gaur amaituko dute lehen erronda.

Errondak

Hemen ere errondak daude, eta, aurrera joan ahala, emozioak gora egiten du. Denver Nuggetsek eta Golden State Warriorsek aurrera egin dute. Los Angeles Clippers eta Houston Rockets kanporatu dituzte hurrenez hurren. Hau da, Nikola Jokicek eta Stephen Curryk bizirik diraute. Zazpigarren neurketek askorako ematen dute, eta askotan protagonista izaten ari ez den norbaitek zehazten ditu. Izarrek begi gehiegi izaten dituzte gainean; aipatutako biek, gainera, askoz gehiago. Larunbatean, Chris Braun eta Russel Westbrook izan ziren erabakigarriak; igandean, berriz, Buddy Hield.

Ekialdean ez da ezustekorik egon, momentuz. Liga erregularreko lehen lau sailkatuek egin dute aurrera; gainera, nagusi izan dira. Kanporaketa bakarrean egon dira sei norgehiagoka. Gainontzekoak bost edo lau partidetan erabaki dira. Bide azkarretik. Mendebaldean, Oklahoma bikain ari da; Los Angeles Lakers, berriz, gaizki. Bide azkarrena hartu nahi izan zuten, Luka Doncic fitxatuz. Baina biderik motzena batzuetan ez da onena izaten. Gauzak horrela, azken lau urteetan hirugarren aldiz, lehen kanporaketetan agur esan du Lebron Jamesek. Alde ona ikusi beharra dago. Hain goiz kanporatu ostean, aukera dago Doncicek Eurobasketa jokatzeko. Minnesota Timberwolves, bestalde, bertsiorik lehiakorrena erakusten ari da orain.

Gaur eta orain

Hori da guztien helburua. Aurreko guztiak ez du balio. Orainak baino ez du balio gaurkoaren moduko egunetan. Saskibaloiaren zaleen arreta Monakon eta Atenasen egongo da. Behingoz, bi partidak ikusteko aukera izango da. 18:00etan jokatuko dute Monakok eta Bartzelonak; 20:45ean, aldiz, Panathinaikosek eta Anadolu Efesek. Lauko Finalaren zain daude dagoeneko Olympiakos eta Fenerbahce. Joan Peñarroyaren taldeak gorriak eta bi ikusi ditu lesioen ondorioz, baina azken aukera bat du. Vassilis Spanoulis Euroliga irabazteko helburuz heldu zen Mokanora. Gaur giro beldurgarria izango da OAKAn. Presioa nabarituko dute epaileek lehen lerroan, hor ariko baita Dimitrios Giannakopoulos berdeen jabea presioa egiten. Aurretik gehiago egiten ez badu.

Aldaketak

Kanporaketek azkenean onena eta txarrena ateratzen dute. Guztiak mugara heltzen dira: jokalariak, entrenatzaileak, epaileak... Onenek onena ematen dute. Lehiaketa guztietan, emakumezkoen Espainiako Ligan izan ezik. Hor, kanporaketetan, jokalari onenak WNBAra joaten dira. Ameriketako Estatu Batuetan entrenamenduak hasten dituzten garaia da. Horregatik, Espainiako Ligan desitxuratuta geratzen dira kanporaketak. Gironak Chloe Bibby —ligako jokalaririk baliotsuena—, Natasha Mack eta Migna Toure galdu zituen; Jairisek, Morgan Bertsch, eta Zaragozak, Brianna Fraser. Kanporaketetara sailkatu ez direnen artean beste horrenbeste izango ziren. Taldeek bestelako jokalariak erakarri behar dituzte garaikurra lortzeko lehiatu nahi badute. Europarrak izan daitezke, edo estatubatuar gazteak. Bestela, alde egiten dute. AEBetakoen kasuan, gainera, askoren ametsa da WNBAn jokatzea.

Valentzia Basketek eta Zaragozak jokatuko dute finala. Hiru partidetara izango da, orain arteko kanporaketak bi neurketetara izan baitira. Hau da, hemezortzi urteren ostean Perfumerias Avenidak ez du garaikurra eskuratzeko borrokatu. Bestetik, Zaragozaren lehen finala izango da. Hor ere aldaketak agerikoak dira. Era berean, Salamancako taldeak ez du Euroliga jokatuko hurrengo denboraldian. Finalistek egingo dute. Orain, azkena(k) eta etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.