Baionako buruzagien ika-mikek kalte egin diote taldeari

Bederatzi jardunaldi geratzen dira Top14 liga amaitzeko, eta Lapurdiko taldea azken-hirugarren postuan da sailkapenean. Asier Altuna eta Peio Dospital jokalari ohiek diote Laurent Travers kirol zuzendariaren etorrerak «lokaztu» duela giroa aldagelan.

Baionako jokalariak aurrera egin nahirik Montpellierren aurkako partidan. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako jokalariak aurrera egin nahirik, Montpellierren aurkako partidan. GUILLAUME FAUVEAU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko otsailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da giro Baionako errugbi taldean. Urtea hasi denetik lapurtarrek ez dute garaipenik lortu, eta ligan azken-hirugarren postuan daude, jaitsieratik hurbil. Horrenbestez, Gregory Patat entrenatzailea kargutik kendu dute, eta Gerard Fraserrek hartuko du haren lekukoa. Azken hori Pataten alboan izan da orain arte, jokoaren antolatzaile gisara. Orain, Laurent Travers egongo da Fraserren alboan. Joan den denboraldian ekarri zuten Travers Parisko Racing klubetik, eta orain arte Baionako kirol zuzendaria izan da. Haren etorrerak «lokaztu» zuen lapurtarren giroa, Asier Altuna (Donostia, 1968) eta Peio Dospital Doxpi (Itsasu, Lapurdi, 1950) Baionako jokalari ohien hitzetan.

«Travers ekarri zutenetik, ez zegoen oso argi entrenatzaile edo kirol zuzendari izango ote zen. Parisekoek esaten zuten jokalarien alboan egon nahi zuela, zelaian, alegia, eta hona etorri zenean kirol zuzendari jarri zuten arren, inork ez zuen sinetsi. Helburua zen entrenatzaile jartzea. Baina Patatek sasoi ikusgarria egin zuenez, ekuazioa erabat aldatu zen. Patatek nahiko gaizki hartu zuen, eta horrek taldeko giroa nahasi zuen erabat», adierazi du Altunak. Joan den denboraldian lapurtarrek laugarren amaitu zuten Top14an, eta finalerdietara ailegatu ziren kanporaketetan. Finalaren atarian Okzitaniako Tolosaren aurka galdu zuen Baionak, txapeldunaren kontra (32-25).

«Zuzendaritzaren helburua zen Travers entrenatzaile jartzea. Baina Patatek sasoi ikusgarria egin zuenez, ekuazioa erabat aldatu zen. Patatek nahiko gaiziki hartu zuen, eta horrek taldeko giroa erabat nahasi zuen»

ASIER ALTUNA Baionako jokalari ohia

Bide beretik, Dospitalek uste du joan den maiatzetik hasi zela giroa «nahasten». «Arazoak izan dira, eta orain, bistan da, akabatzen ari dira. Orduan, esaten zen Baiona ez zela gorago helduko eta Patat entrenatzaile kargutik kendu nahi zutela». Haren hitzetan, zuzendaritzak arazoak sortu ditu «ez zeuden tokian»: «Zuzendaritzaren eta entrenatzailearen artean ez da harreman ona egon. Kalapita izan zuten, eta horregatik berritu zuen Patatek kontratua azken unean». 

Dena den, lapurtarrek ezin hobeto hasi zuten sasoia, lehen 11 partidetatik zazpi irabazita. «Baina pixkanaka-pixkanaka taldea jausiz joan zen», kontatu du Dospitalek. Europan ez dute partida bat bera ere irabaztea lortu, eta kanpoan geratu dira. Ligan, berriz, iragan abenduaren 27an lortu zuen Baionak azken garaipena, Stade Français taldearen aurka (35-34). Altuna eta Dospital bat datoz: zuzendaritzaren eta entrenatzailearen artean gertatutakoak «psikologikoki» nabarmen eragin dio taldeari.

Talde erdia, lesionatuta

Horrez gain, Altunak berretsi du 42 jokalarietatik 21 lesionatzeak ez diela batere lagundu. Haren esanetan, Tevita Tatafu, Baptiste Chouzenoux eta beste jokalari garrantzitsu batzuek min hartu izanak asko eragin du taldearen errendimenduan, eta gauzak zail jarri zitzaizkion entrenatzaileari. Horrez gain, Dospitalek uste du «jokalari handi batzuk eskas samar» egon direla.

Top14 ligako hamabigarren postuan dira baionarrak; bi talde baino ez dituzte atzetik: Perpinya eta Montauban. Puntuei erreparatuta, baina, bada aldea. Baionak hemezortzi puntu ateratzen dizkio Perpinya azken-aurreko sailkatuari. Dospitalen ustetan, «ez da segur» Baiona salbatuko ote den ala ez: «Partida bat edo bi irabazten badituzte salbatuko dira, baina beldur naiz. Biziki arriskuan ikusten dut Baiona. Anitz tanto hartzeko dira, eta ez dakit ez noiz ez noren aurka ere irabaziko dugun». Altunak, haatik, uste du Baionak ez duela arazorik izango kategoriari eusteko. «Salbatuko dira, abantaila dezente baitute atzean daudenekiko. Are, zertxobait hobetuta Europarako sailkatzeko moduan dira, lehen zortzi sailkatuen artean sartzeko, alegia».

«Partida bat edo bi irabazten badituzte salbatuko dira, baina beldur naiz. Biziki arriskuan ikusten dut Baiona. Anitz tanto hartzeko dira, eta ez dakit ez noiz ez noren aurka ere irabaziko dugun»

PEIO DOSPITAL Baionako jokalari ohia

Fraser entrenatzaile berriak badu zer egina. Altunak adierazi du min hartutako jokalariak osatzen ari direla, eta horrek taldean eragina izango duela: «Orain erritmoa falta duten arren, espero dugu denboraldia hobeto bukatzea». Dospital ezkorrago dago. Haren hitzetan, badira «talde onak» Baionara etorri behar dutenak. «Borroka handia izanen da, eta etxean ez da segur irabaztea. Azken partida Perpinyaren aurka dugu Baionan, bien arteko borroka izango da». Urrunera joan gabe, baina, datorren partida bihar dute baionarrek, Clermonten aurka jokatuko dute kanpoan (14:30ean). «Ez dugu hala moduz irabaziko», dio Dospitalek, «han partida ona egitea gauza ona litzateke, gauzak finkatzen hasiko baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.