Hirukotik

Bakarrak

iDK-ko eta Gernikako jokalariak lehian
IDK-ko eta Gernikakok jokalariak, lehian, ostiraleko derbian.
mikel reina
2024ko apirilaren 9a
05:05
Entzun

Bakarrak munduan. Unique in the World. Asteburuko lema, eta ez bakarrik berriro aipatu nahi ez dudan lorpenagatik. Baina badaude saskibaloi munduan ere bakarrak diren gauzak. Edo, behintzat, azaltzeko zailak direnak.

Ez da bakarra

Esate baterako, zaila da azaltzea datozen urteetan emakumezkoen saskibaloiko izarra izango den jokalariak zelan ez duen oraindik garaikur handirik lortu, eta ez du lortuko ere. Caitlin Clarkek NCAAn Pete Maravichen puntuen kopurua hautsi zuen, baina, antolatzaileak bezala, ezin izan du txapelketa bera irabazi. Gauza edo talde bakar batek oztopatu du: Hego Carolinak. Haiek ere bakarrak dira, ez dute partida bat bera ere  galdu denboraldi guztian, 38 partida eta 38 garaipen. Baina, era berean, ez dira pentsa daitekeen bezain bakarrak. Emakumezkoen NCAAn, beste bederatzi talde egon dira sasoi oso bat galdu barik. Orain arte gertatu ez dena da jokalari onenaren saria estatubatuarra ez den batek irabaztea. Kamilla Cardoso brasildarrak lortu du.

Bakarrik

Baskoniak lortu du Real Madrilen pabiloian irabaztea lorpen bakantzat ez hartzea. Bigarren urtez jarraian lortu du Euroligan. Baina are eta bakarragoa da taldearen erregulartasun falta, ez partida batetik bestera bakarrik, baita norgehiagoka berean ere. Madrilen zerua ukitu eta gero, Valentziako infernuan murgildu ziren gasteiztarrak. Fonteta bera infernua baitzen Alex Mumbruren kaleratzearen ostean. Giroagatik kutsatuko ziren, akaso. Markus Howarden erakustaldiak txukundu zuen apur bat emaitza. Hura bai bakarra dela: gero eta argiago dago jaurtitzaile estatubatuarra bakarra dela. Ez da horrelakorik ikusi Buesa Arenan. Azaltzen zaila da.

Baina bakarra izatearekin batera, bakarrik dago. Taldeak horregatik ditu hainbeste gorabehera. Hori bai, denboraldiko helburu nagusietako bat lortu dute, behintzat, Euroligako Play-In kanporaketa jokatuko baitute. Ez da gutxi. Hura ere bakarra da, lehen aldiz jokatuko baita Euroligan. Etzi erabakiko da arabarrek aukera bat edo bi izango dituzten kanporaketak jokatzeko. Bolognako Virtusen aurkakoa lehia zuzena izango da. Horrelakoak izango dira geratzen diren partida guztiak, ACBn ez dutelako atseden hartzeko denbora askorik izango. Porrot handia litzateke urte berean Espainiako Kopatik eta ACBko titulurako kanporaketatik at geratzea.

Etxean bakarra

Bilbo Basketek kamiseta bat atera zuen Athleticen finalera begira. Bilbotarrak izanda, zer gutxiago. Hain zuzen ere, Jaume Ponsarnauren taldea bakarra da Miribillan jokatzen dutenean. Abenduaren 9an galdu zuten azken aldiz etxean, ACB ligan, Breoganen aurka. Hein handi batean etxean erakutsitako sendotasun horri esker lortu dute helburu nagusia: beste urte batez ACBn jokatzea. Behin hori lortuta, helburu handiagoen bila jarri behar dute azken sei jardunaldietan, motibazioren bat aurkitzera begira.

Kanporaketak urrun dituzte, hiru garaipenera dute zortzigarren sailkatua. Baina datorren urtean ostera ere Europan zehar bidaiatzeko aukera dute jokoan. Zalantza askoren ostean, esan dezakete denboraldi honetako balantzea azkenean positiboa izan dela. Finalaurrekoak jokatu dituzte bilbotarrek, eta ez da gutxi.

Bi jardunaldi bakarrik

ACB ligan ikusteko dago zenbat euskal talde egongo diren kanporaketetan; Ohorezko Mailan, ordea, argiago dago: bakarra. Derbian nagusitu eta gero, IDK Euskotrenek aurrerapauso handia eman zuen, eta Lointek Gernikak, aldiz, atzerapausoa. Bi jardunaldi falta dira bakarrik liga erregularra amaitzeko, eta horiek ere Europarako sailkatzeko aukera dute jokoan. Bizkaitarrak, adibidez, urte askoren ostean kanpoan geratu daitezke, eta gipuzkoarrak berriro sailkatu. Gero ikusi beharko da zer gertatzen den uko egiten dioten taldeekin. Donostialdean, behintzat, behin ezezkoa eman zuten. Kutxabank Araskik, bestalde, bederatzigarren urtez jarraian onenen artean jarraitzearekin konformatu beharko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.