Saskibaloia mundu zabala da. Hamaika Liga, milaka talde, milioika jokalari... Euskal Herrian Baskonia dugu talderik handiena, eta, zorionez edo tamalez, gainerako taldeetan ikusten ez diren bitxikeriaz beteta dago. Hiru lesionatu kanporaketen aurreko astean, hilabete bateko lesioa aste batean sendatuta, taldean astebete egon ondoren alde egiten duten jokalariak, fitxatu arren Gasteiztik agertzen ez direnak... Eta, halere, pozak emateko ohitura du taldeak, edozein egoerari aurre eginez.
Aurtengo denboraldia, Gurovic kasuaz gain, ezohiko lasaitasunez bizi izan du Tauk, ACBko talde indartsuena dela frogatuz. Une erabakigarrienaren atarian, ordea, urritik pilatutako ezohiko egoera guztiak bat-batean heldu dira Zurbaora. Hiru lesio, horietatik bi hernia diskalak, Baskoniaren oinarriak astindu ditu Joventuten kontrako partidaren aurretik, eta, halere, inork ez du galdutzat ematen kanporaketa. Une larrienetan aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi du Baskoniak behin eta berriz, eta horren oinarrian bi pertsona daude: Josean Kerejeta eta Dusko Ivanovic.
Tauko entrenatzailea da, presidentearen babesarekin, taldeari izaera gaindiezina eman diona. Ivanovicen lan egiteko modua bitxia da beste entrenatzaileekin alderatuta. Bere eskuetan dauden jokalariak bilakaera izugarria izan dezaketen bezala, hilabete luze eman dezakete kantxetatik at lesio batengatik, baina oso gutxitan igaroko da taldetik oharkabean. Dagoena da, onerako edo txarrerako. Hori bai, emaitzak zalantzan jartzerik ez dago. Ivanovicek eskatu eta lortzen duen izaera gaindiezin horrekin, aurkariak jakin badaki ez duela erraz irabaziko, nahiz eta orain bezala, zazpi jokalari besterik ez izan jokatzeko.
Jakitun askok Gasteizko taldeak aukera gehiegirik ez duela adierazi dute. Zaleek, bitartean, zalantzekin, ilusioa mantentzen dute. Azken batean, galdutzat jotzen den talde bat txapeldun izatera heltzea Baskonian baino ezin da gertatu.
ANALISIA
Baskonian baino ezin da gertatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu