Danel Agirre.
SASKI DA!

Becky, gurpil onena tokatu zaizu

2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maisuen maisua. NBAko azken hogei urteetako entrenatzaile bat aipatzeko eskatu, eta Phil Jacksonena da zale gehienei gogora datorkien izena. Atzamar baino eraztun gehiago (11) eskuratuta ere, ez dirudi, ordea, bere ondareari jarraiki imitatzaile askorik azaldu zaizkionik. Michael Jordan, Scottie Pippen, Kobe Bryant edo Shaquille O'Neal gabe erasoko triangelu famatua ihardesteak ezinezkoa dirudi. Oso bestelakoa da Gregg Popovichen kasua. Haren ikasgaiei jarraitzen dien apostoluen zerrenda gero eta pluralagoa da; eta zorionez, erants genezake. Izan ere, nahiko zabalduta dago NBAn joko mailak gora egin duela azken urteetan.

Kontratazio politikak. Popovichen mugimenduei adi dauden begi guztiak kontuan izanda, are interesgarriagoak dira San Antonio Spurseko entrenatzaileak udan hartutako bi erabaki. Lehenbizikoa, bere laguntzaile nagusi izan zedin Ettore Messina gonbidatzea. Bigarrena, are deigarriagoa, Becky Hammon erretiratu berria lantalde berean txertatzea. AEBetako lau liga handietan (NFL, MLB, NBA, NHL) teknikari lanetan dabilen lehenbiziko emakumezkoa da Hammon. Popovichen bultzada soldata bat ematetik harantzago doa. NBAko txapeldunak berarekin lan egindako Avery Johnson, Steve Kerr eta Mike Budenholzerrenarekin alderatu du Hammonen sena. Entrenatzaile arrakastatsu baten ezaugarri funtsezkoena kantxan gertatzen ari diren guztiak ziztu batean prozesatu eta nolabait destilatzea da, ahal den erabaki urri eta argienekin lehiaren norabidea aldatzen saiatzeko. Eta Hammonek ba omen du bertute hori, aipatu hirurek bezala. Kerr eta Budenholzer All Starreko bi selekzioen kontu aritu ziren igandean, bien taldeak, Golden State eta Atlanta, orain arteko onenak direlako NBAn. Popovichen gerizpean laguntzaile lanetan ari direnen artean entrenatzaile berria bilatzea modan dago, emaitzak burugogorrak -eta ezin hobeak- direlako. Hammonen eskuetan talde bat ipintzearekin norbait ausartzea galanta litzateke gero, baina zoritxarrez, ez genuke itxaropen handirik izan behar —epe motzean—.

Hasteko, epelegi. NBAko unibertso matxoan politikoki zuzena izaten saiatzen ari da Hammon. Azken polemika sexista Chris Paul eta emakumezko epaile baten artekoa izan da -bi daude ligan-. Lauren Holtkampek falta teknikoa adierazi eta sutan ipini zen Los Angeles Clipperseko antolatzailea. Kazetariei botatako «beharbada ez dago lanposturako prest» batekin lasai geratu zen ondoren. Ez dago esan beharrik beste edozein arbitroren erabakia zalantzan ipini bai, baina haren profesionaltasunaz inongo iruzkinik ez lukeela Paulek egingo. Becky Hammonnek babestu egin du, ordea, Paul, bera ere eliteko jokalaria izaki epaileekin bizi ohi den harreman tirabiratsua aitzakia ipinita.

Erruak, familian. Bitxia da ere joan den astean xehatu genuen NBAko eta WNBAko soldaten diskriminazio sexistaren inguruko Hammonen iritzia. Etxalde gehienetan dirua emakumezkoek kontrolatzen duten ustearekin, haien erantzukizuna omen da hein handi batean aisialdiko jardueretako sosak bideratzerako orduan genero ikuspegia kontuan hartzea.

Atzean utzitako lau. Joan zen astean Imanol Magrok kuantifikatu zuen: Bilbo Basket oro har denboraldi-aurrean sumatu zitekeen baino lantalde homogeneoagoa da. Azken asteetan, ordea, kide batzuk inongo ekarpenik egin ezinik dabiltza, eta beltzezkoen biorritmoak emaitzak baino txarxeagoak izaten ari dira. Raul Lopez, Danilo Andjusic, Dejan Todorovic eta Ethan Wragge suspertu ezean, Kopa abentura motza izango da.

Zaindu 15 zenbakiduna. Baina final-laurdenean ACBko liderra egokituta ere, itxaropentsu behar dute. Unicaja ere ez da duela bi hilabeteko multzo harmonikoa, eta deskonexio luze eta deigarriak izaten ditu, Illunben ikusi bezala. Distirak baino gehiago,40 minutuz egonkor eta zurrun mantentzeak behar du erronka. Eta Jayson Granger oztopatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.