Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Bero izugarria, eta urik ez!

2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Izugarria da jasaten ari garen beroa. Ez sinestekoa. Euskal Herrian egindako etapetan ohartu gara eguzkiak gogor jotzen zuela, baina gaurkoa [atzokoa] sekulakoa izan da. Ez dut halako etapa berorik gogoratzen. Barakaldotik irten garenean egonkor geunden, baina Espainian sartzearekin batera gora egin du gure sufrimenduak. 40 gradu inguruan ibili gara.

Beroa nahikoa ez, eta urik ez dugu izan, gainera, erorikoaren ondorioz hankaz gora jarri baita etapa. Ikusleek askotan eskatzen dizkigute ur bidoiak, ilusioa egiten dielako, baina gaur [atzo] paperak aldatzea genuen onena. Alegia, haiek guri ematea ura. Nik esan diot ikusle bati berak eman beharko zidala zerbait. Asko sufritu dut, egarri handiarekin ibili naizelako azken mendatean gora. Momentu horretan, edozer gauza edateko prest nengoen, baita whiskia ere. Horrela ibilita zaila da norberak daukan mailarik onena ematea.

Etapari dagokionez, Valverde izan da kaltetu nagusia. Erorikoa eta haizea kontra eduki ditu. Uste dut inork ez zuela pentsatuko lehenengo egun hauetan hainbeste sufrituko genuenik, baina halaxe ari da izaten, Contador eta Froome ere indartsu baitaude. Euskaltel-Euskadiri dagokionez, Igor Antonek egun txarra eduki du, baina gainditu du. Soilik minutu erdia galdu du helmugan.

Hurrengo egunetan eguraldiak aldaketaren bat izatea espero dut. Etapak gogorrak ari dira izaten beroagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.