ANALISIA. MENDIA

Bide urratzaileak eta Guinnes errekorrak

ramon olasagasti
2003ko irailaren 24a
00:00
Entzun
1951. urterako ehunka mendizalek zapaldua zuten Txindokiko gaina, baina urriaren 21ean Joxe Arratek, Antxon Saenz de Basagoitiak eta Jose Mari Peciñak egin zuten igoera hark bazuen balio berezia. Txindokiko ertza eskalatu ondoren jo zuten tontorra. Anbotoko gailurra ere milaka mendizalek zapaldua zuten 1955eko Santiago egun hartan Eli Ojanguren, Juan San Martin, Pako Lusarreta eta Petrus Agirregomezkortak ekialdeko horma lehen aldiz gainditu zutenerako. Txindoki edo Anboto, gaina bera guztientzat; bidea desberdina. Ibilbideak, zerk bestela, egiten du igoera bat zailago edo samurrago eta zailtasun horren arabera izaten da igoera bat azpimarratzekoa edo ez.

19 zortzimilako igotzea zaila da, ikaragarri zaila. Arrazoi galanta bota zuen esan zuenak zailagoa dela alpinista zaharra izatea, alpinista ona baino. Izan ere, zortzimilako bat igotzea zaila behar du oso; 14 tontor igotzea are zailagoa eta kromo errepikatuekin bilduma 19ra zabaltzea Guinnes liburuan sartzeko moduko balentria.

Errekorren liburuan sartu da Juanito Oiarzabal. Messnerrek baino zortzimilako bat gehiago igo du, baina ez du Messner gainditu. Oiarzabalek zintzo jokatu izan du beti «Messnerrek egindakoa askoz garrantzitsuagoa da», bere hitzetan baina zenbakien joko horretan sartuta, gaizki ulertuak errazak dira. Kirolean, 19 urrezko domina lortu ditzake batek, edo munduko errekorra segundo batean gutxitu, edo seigarren Tourra irabazi eta, hala, onena izatea lortu. Baina mendian beste batzuk dira irizpideak.

Messner izan zen lehena, Peter Habelerrekin, Everest oxigeno gabe igotzen; lehena bakarkako lehen igoera osatzen (ipar aurpegitik eta bide berri bat zabalduz); Nanga Parbat Rupal aurpegitik igo eta Diamirretik jaitsi zuen... Zortzimilako bakoitzean egin zuen ekarpenen bat. Aitzindari izan zen Himalayan, bide urratzaile. Oiarzabalek, aldiz, besteek urratutako bideetan osatu ditu bere igoerak 1994an K-2ko Cesen bidea amaitu zueneko hura salbu eta, beraz, beste bost Cho Oyu igota ere, nekez gaindituko du Messner.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.