Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Brasil, 'decime qué se siente'

2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Maite ditut argentinarrak, ez galdetu zergatik. Badute zerbait berezia, hitz egiteko modu xelebre hori agian, azentu bitxi hori españolari halako ukitu sensuala ematen diona, che gora eta che behera beti, decime esan behar hori dime espainolaren partez, -ren ordez vos.

Kontraesanaren maisuak dira, eta natural-natural egingo dute zerbaiten alde eta kontra elkarrizketa berean, eta armarik gabe utziko zaituzte. Ez eztabaidatu inoiz haiekin. Hiperbolikoak dira zentzu guztietan. Ez dizute esango, «ez dut uste horrela denik», baizik «vos estás totalmente equivocado, che». Argentinar baten lagun handia egiten bazara, boludo deituko dizu; ez kezkatu, kariñosoa da. Laguntasuna are handiagoa baldin bada, «¡Vos sos un hijo de puta!». Maila gorena da. Bihotzez maite zaitu.

Ikonoak dituzte arlo guztietan, eta jainkotzat hartzen dituzte eta aldareetara eraman. Carlos Gardel eta bere tangoak, Borges eta bere ipuinak, zinean Federico Luppi lehen, Ricardo Darin orain, Soledad Villamil musikaria eta aktorea, politikan Evita Peron, Che Guevara eta Maiatzeko Plazako Amak. Baina futbola doa argentinarren zainetatik eta bada bat bereziki maite dutena: Diego Armando Maradona, el diez, el dios, Malvinetako gerraren ondoren ingelesak belaunikarazi zituena, barrilete kosmikoa, munduko kopa etxera eraman zuena, historiako futbolaririk onena.

-Begira itzak- esan dit Aldok -, begira itzak nola dabiltzan argentinar nazkante hauek.

Kantari doaz selekzioaren partida ikustera, oihal zuri-urdinak airean astinduz: «Brasil, decime qué se siente, tener en casa a tu papá. Te juro que aunque pasen los años, nunca lo vamos a olvidar (...). A Messi lo vas a ver, la copa nos va a traer, Maradona es más grande que Pelé».

-Jokatu aurretik irabazi zigutek kopa- esan dit Aldok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.