Azkar hasi, egoki amaitu. Sito Alonsoren Gipuzkoa Basketeko ibilbideak u forma izan zuen, bi sasoi miresgarri askoz kaskarrago batekin tartekatu baitziren. Bigarren denboraldi ilunago hori hasieratik okertu zen. Uda osoan Europan aritzeko sosik aurkitu ez, eta abuztu bukaeran uste baino askoz talde apalagoa osatu behar izan zen, korrika eta presaka. Maila galdu zuten donostiarrek, eta, behin bulegoetan berreskuratuta, Alonso akats berbera ez errepikatzearekin tematu zen. Lanak Aste Nagusiarekin batera hastearen garrantzia azpimarratu zuen madrildarrak. Nazioarteko txapelketekin distraitzen ziren jokalaririk gabe, abantaila zen Gipuzkoa Basketentzat nagiak besteek baino lehenago ateratzea. Bilbo Basketera mugitzearekin ordea, Alonso bera izan da udan distraitu dena, Espainiako selekzioan laguntzaile bezala arituta. Jokalariak gertatzen ere azkenetakoak izan dira bilbotarrak, baina ez dirudi horrek hondamendirik eragingo duenik.
Hasi besterik ez, baina… Nekez eska zezakeen Fuenlabrada baino aurkari adeitsuagorik Alonsok beharrari ekiteko. Hutsuneak izanda ere aulkia etengabe dantzan eduki ahal izan zuen, eta hiruzpalau ale berrik oso ahogozo atsegina utzi zuten. Bizargabeak izanagatik, Williams eta Todorovicek uztaipean errespetu pixka bat exijitzeko moduan daudela dirudite, eta Hervellekin jukutria masterra izango dute lan saio bakoitzean. Andjusicek ere Bertans eta Mumbrurentzat kontrapuntu egokia dirudi. Antzeko maila duten eta Europan arituko diren hainbat taldek ez bezala, astebete izango du Bilbo Basketek lehia bakoitza prestatzeko. Hiru beterano eternalek—Raul Lopez, Mumbru eta Hervelle— osasuntsu eutsiz gero beltz lan egin beharko da beltzezkoak makurrarazteko.
Berriz borrero aurpegia. Javi Salgado fitxatzearekin, Gipuzkoa Basketek bi buruhausteri konponbidea eman zien. Joko antolatzailearen eginkizun sentibera betetzeko paregabeko pieza topatu zuen, eta Santutxukoak gupidagabe zigortzen zituen etsaia desaktibatu bestetik. Lau sasoi Illumben igarota Estudiantesera aldatu da Salgado, eta jardunaldi bakarra behar izan du ohitura zaharrak berriro hartzeko: hamalau asistentzia banatuta, hamalau zenbakidunak Ponsarnauk taxututako defentsa suntsitu zuen. Ibilbide lasaia izango badu, Santutxukoak ustiatutako zuloak berandu baino lehen itxi beharko ditu Gipuzkoa Basketek. Laurden bakoitzean gutxienez 22 puntu jasotako lehia bat bera ez baitu irabaziko.
Binakako iraultza. Pibotekin blokeo zuzena profitatzea du ogibide Salgadok. Jokaldi hori nola zaindu erabakitzea da, ezbairik gabe, egun entrenatzaile batek egin beharreko hautu ideologiko nagusia. Horretan ere xelebrea da Marco Crespi, Baskoniaren lehen bi agerraldi ofizialetan ikusitakoaren arabera. Blokeoa ematen den momentuan bi defendatzaileek bikotea automatikoki trukatzeko agintzen du, askoz ohikoagoak diren flash edo laguntza azkarrak erabili beharrean. Italiarraren sistemak kontrakoa oso modu oldarkorrean estutzea ahalbidetzen du. Baina etengabeko adar ipintze horrek baliabide fisiko gorenak behar ditu, baita jarrera zuzena eta kontzentrazio osoa ere. Ideologia horren arrisku nagusia? Bikoteak ardura gabe trukatzeak, saskibaloia swinger klub bat bailitz, desoreka nabarmenak eragiten dituela. 110 kiloko jokalari batek bat-batean 80 kiloko bat geldiarazi beharra, esaterako. Ekarpen interesgarria da halere Crespirena. Amodio-afera batzuetan bezala, jarrera liberalak haize freskoa ekar dezake.
Birfundazio diferitua. Ñabardura taktikoak dira Baskoniaren egunerokoan erreskatatu daitezkeen bakarrak. Anabasan murgilduta segitzen baitu klubak. Ondoren fitxaketa berriak gauzatzeko asmotan, gelditzen zaizkion jokalarietatik onenetako bat —Thomas Heurtel— saltzera doa hamaikagarrenez Josean Kerejeta. Aulki jokoa amaitzerako taldea Kopatik eta Euroligako Top 16tik at ez badago, gaitz erdi.

SASKI DA!
Crespiren 'swinger'-ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu