Zerbait baino gehiago behar du Dusko Ivanovicek. Beste fitxaketaren baten beharra agerikoa da, batez ere oraindik Chris Chiozzak ez duelako eman dezakeena erakutsi, eta lesionatuta dauden jokalariek oraindik ez dutelako kantxara itzultzeko esperantza handirik. Baina Montenegroko entrenatzaileak batez ere denbora behar du, justu gaur egun ez duena. Hori da denboraldia hasita kargua hartu eta duzun alde txarra, are gehiago Euroligako talde bat denean.
Atsedenik ez. Orain arte Baskoniak Euroligako partidak prestatzeko denbora gehiago izan du. Behin ostegunean edo ostiralean jokatuta, atseden hartzeko denborarekin eta bidaiekin ez dago beste askorako denborarik. Entrenamendu saioak ere hurrengo partidara begira daude diseinatuta: zureari baino, aurkariari erreparatzen diozu gehiago. Hau da, Ivanovicek ez du astirik eraikitzeko, zutabeak sortzen baino aurkarienak suntsitzean datza lana. Eta abendura arte ia ez du etenik izango, ACB ligan behintzat. Euroligan jakin badakigu 2023-2024 denboraldian FIBA leihoetako geldialdi bakarra egongo dela, 2024ko otsailean.
Data horietan, otsailaren 15etik 18ra, jokatuko da Espainiako Kopa, Malagan.
Hain zuzen ere, zail jarri zaio Gasteizko taldeari Kopan sartzeko aukera. Gaur egun sei talde daude berdinduta lau garaipen eta bost porrotekin, tartean arabarrak eta Bilbo Basket. Baskoniak ACB ligako azken lau jardunaldietan erdietsi ditu bost porrot horietako lau. Egutegiak ez du barkatzen, eta denbora ere ez da geratzen. Eta oraindik lehen zortzi sailkatuetako sei taldeen aurka jokatu behar dute. Hasteko, Valentziaren eta Manresaren aurkakoak, behintzat, etxean dira. Baina oraindik Real Madril eta Bartzelonaren aurka ere neurtu behar dituzte indarrak. Gutxienez hamar garaipen beharko dituzte Malagan egoteko, eta hori bakarrik ez, puntuekiko balantze ahalik eta onena izatea. Alde horretatik, orain hiru talde ditu aurretik Baskoniak, tartean Surne Bilbo Basket.
Lana. Batzuetan bihotzarekin ez da nahiko, eta buru gehiago jarri beharra dago. Hasiera txar batek asko baldintzatzen zaitu partidan, esfortzu handiago bat egitera behartzen zaitu. Adibidez, ez da kasualitatea Tadas Sedekerskisek emandako aurrerapausoa. Dusko Ivanovicen soldadua da, edozein momentutan edozertarako. Lituaniarrak aurrerapausoa eman du taldearen beharra ikusita. Euroligako errebotatzaile onena da, batez beste 9,3 hartu ditu partidako. Orain arte Baskoniak zortea alde izan duela esan daiteke, amaiera estuetan ezinbestekoa den hori alde izan du, Olympiakosen eta Partizanen aurkako garaipenak dira adibiderik onenak. Bai, zortea ere badelako.
Zortea baino gehiago behar da gaur egunReal Madrili irabazteko. Europako talderik sasoikoena da, onena. Hamazazpi garaipen dituzte, eta ez dute neurketarik galdu. Facundo Campazzo jokalaria ostera ere bueltan ekarri dute Euroligako txapeldunaren taldera, eta jokalari erabakigarria izan daiteke. Bilbo Basketek ezin izan zuen igandean haren aurka. Bilbotarrek ere lau porrot kateatu dituzte ACB ligan. Haiekin ere egutegiak ez du gupidarik izan. Hasiera batean gora begira jarri baziren ere, hori da haienerrealitatea. Behintzat, bihar Bilbon irabazita, FIBAren Europako Kopako lehen postua ziurtatuta edukiko dute euren multzoan. Ez da gutxi. Gainera, hori lortuz gero, azken bi partidetara bestelako planteamendu batekin joan daiteke Jaume Ponsarnau. Entrenamenduetarako duen denbora gutxi hori partidetan ere erabili ahal izango du. Edozein une baliatu behar da asteburuko partidak prestatzeko, adibidez.
Bihar ez, etzi itzuliko direnak emakumezkoak dira. Ia bi asteko etenaldiaren ostean, egutegi betea izango dute orain. Lointek Gernikak Bembibren jokatuko du; Kutxabank Araskik Kanaria Handia jasoko du; eta IDK Euskotrenek, Estudiantes. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak Koparako borroka horretan daude, eta pauso garrantzitsua izango litzateke garaipena eskuratzea. Hor ere borroka estua espero da, eta hutsegite bakoitza oso garesti ordaindu daiteke. Berdintasuna handia da, eta denbora murriztuz doa pixkanaka.

HIRUKOTIK
Denbora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu