mikel reina

Dinastiaren hasiera?

2025eko ekainaren 23a
12:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Game seven. Zazpigarren partida. NBAko edozein zalek entzun nahi duen esaldia. Are gehiago finaletan. Ez dago amaiera hoberik. Are gehiago 2016tik ez bagenuen horrelakorik ikusi. Batzuentzat, behintzat. Baina txanponak bestelako ifrentzua dauka. Galtzailea are eta galtzaileago izan daitekeelako. Lesioak. NBAko edozein zalek entzun nahi ez duen esaldia. Oro har, edozein kiroletara zabaldu daiteke.

Oklahoma City Thunderrek bere lehendabiziko eraztuna lortu du. 2008an Seattle utzi eta Oklahomara joan zirenetik lehendabizikoa. 103-91 irabazi dio Indiana Pacersi finaleko zazpigarren partidan. Deslokalizazioa munduko saskibaloi ligarik onenean ere gertatzen baita. Baina, batez ere, lan egiteko modu bat nagusitu da, Sam Prest kirol zuzendariarena alegia. Drafteko hautaketen maitalea. Duela urte batzuk Kevin Durant, James Harden eta Russel Westbrook lortu zituen aukeraketen bidez, eta, orain, Shai Gilgeous-Alexander, Jalen Williams eta Chet Holmgren. Kanporaketetan behar izaten den esperientziari aurre egin diote gazteek. Hain zuzen ere, NBA irabazi duen inoizko bigarren talderik gazteena da: 24,7 urte batez beste. Dinastiak itzuliko ote dira?

Kanadako antolatzaileak eraman ditu lore gehien, ez da gutxiagorako. 2013tik, Lebron Jamesek lortu zuenetik, ez zuen jokalari berak fase erregularreko eta finaletako MVP-a lortu. Bi testuinguru erabat desberdin dira. Badaude denboraldiko zatirik luzeenean erabateko nagusitasuna erakusteko gai direnak: James Harden, esate baterako. Bestalde, era berean, badaude kanporaketetarako sen berezi bat dutenak: Jamal Murray, adibidez. Gilgeous-Alexanderrek biak ala biak ditu.

Jakina da liga erregularrean eta kanporaketetan NBA erabat aldatzen dela. Ez dute zerikusirik fase batek eta besteak. Aurten gogortasuna nagusitu da azken asteetan. Iaz gertatu bezala, epaileek, batez ere All Starretik aurrera, kontaktu askoz gehiagorekin jokatzen utzi dute. Oldarkortasuna izan da nagusi kantxako bi aldeetan. Azkenean, gaur egungo saskibaloian bi foku nagusi daude defentsan: kanpoko lerroa eta uztaipea. Horiek dira zaindu beharrekoak. Azken urteetan batez ere erasoaren aldeko joera argia nagusitu da, eta bi aldeak orekatu nahian, arlo fisikoa indartzearen alde jo du munduko saskibaloi ligarik onenak. Eta ondorioz, munduko saskibaloiak.

Eskuak erabiltzea izan daiteke adibiderik argiena. Alde horretatik, ez da kasualitatea Alex Caruso edota Isaiah Hartensteinen fitxaketekin txapeldunek erabateko jauzi hori eman izana. NBAko kanporaketetan erasoak blokeoen aldaketetan oinarritutako defentsaren ahultasuna bilatzean oinarritzen dira. Eta horiek normalean jokalari jakin batzuk izaten dira, izarrak askotan. Jalen Brunson edota Luka Doncic, adibidez. Nahi den bat-baten aurkakoa bilatzen da, hor dago abantaila. Horretan maisua da Gilgeous-Alexander. Gainera, berez big data-ren arabera, errendimendu ona ez duten distantzia erdiko jaurtiketak onak bilakatzen ditu.

Korrika asko egiten duten bi talde izan dira Thunder eta Indiana Pacers, baina bi modu oso desberdinetan. Indianakoek berezkoa dute pasearen erabilera, Tyrese Haliburtonen eskutik egiten dutena. Txapeldunek, ordea, galdutako baloien bidez egiten dute korrika. Defentsako lehen lerroan beraien atzeko adituek ukitzen dituzte baloiekin. Horrela apurtu izan dituzte partidak, baita zazpigarrena ere. Mugara arte daramate gorputzaren erabilera, eta joera berriak on egin die.

Arlo fisikoa gero eta garrantzitsuagoa baita saskibaloirako, eta, orain, baita horren erabilpena eta oldarkortasuna ere. Duela urte batzuk belauneko lesioak izan baziren ere, orain orpazurdak dira nagusi. Indianak eraztuna galtzeaz gain, Haliburton hilabete askotarako galduko dute. Jayson Tatumek eta Damian Lillardek ere kanporaketetan min hartu zuten, adibidez. Ez dago kasualitaterik. Kevin Durantena bezalako osaketa opa diegu biei ala biei. Bide batez, ez dago Game Seven egun bat Duranten Houston Rocketsen fitxaketarekin hastea baino hoberik. Breaking. Azken ordukoa. NBAko zaleen beste hitz gogokoenetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.