Buruhausterik ez. Teneriferen aurkakoa azken minutuetan maisuki erabaki ondoren, Raul Lopezek Miribillakoa «Europako jarraitzaile onena» dela aldarrikatu zuen. Bere taldea, zeina zalantzaz beterik dagoen, hain modu laudagarrian bultzatzen ari den jarraitzaile multzo horrek ez daki, oraingoz, Gorka Arrinda babestu behar duen ala ez. Zapatuan iritzi kontrajarriak nabaritu ahal izan ziren, baina gehienek nahiago izan zuten jarrera hedonista hartu. Bi orduz saskibaloiaz gozatu, eta etxera, kezka gehiagorik gabe. Ulertzekoa da, besteak beste Bilbo Basketen inguruan gertatzen ari denarekiko informazio eza etsigarria baita.
Poker mutua. Joan den ostiralean emandako prentsaurreko ezin bitxiagoan, Bilbo Basketeko akziodun nagusiak argitu zuen altxortegian denboraldia amaitzeko adina diru badagoela. Zor diren soldata guztiak ordaindu gabe, hori bai. AEBetako funts pare bat arnasa hartzeko balioko lukeen dirutza inbertitzeko prest leudekeela entzutea oso arraroa da, saskibaloi europarrean inoiz halakorik izan ez dela jakinda. Arrindaren mugimendu bakoitza erakunde publikoekin jokatzen ari den poker partidaren esku bat bezala ulertu beharra dago. Isileko partida, politikariek beren kartak ezkutuan dituztelako oraingoz.
Lemazain postua. Lucentumetik fitxatzerako, Laboral Kutxak Thomas Heurtelentzat oso bidaia orri zehatza prestatu zuen. Pablo Prigionirengandik joko-antolatzaile ofizioaren xehetasunak ikasi behar zituen pare bat urtez, gero haren lekukoa hartzeko. Heurtelek Gasteizen urte bakarra emanda argentinarra ustekabean NBAra joan zenean, ordea, taldeko zuzendariek ez zuten frantziar lotsabakoa taldearen lemazain izateko gertu ikusi. Haren aurretik titular izan daitezen hainbat jokalari iritsi dira azken bi urteetan: Taylor Rochestie, Carlos Cabezas, Omar Cook, Walter Hodge eta, orain, Giuseppe Poeta. Guztien aurretik bostekoan amaitu du Heurtelek, guztiak baino dezente hobea delako. Baskoniaren etorkizuneko erreferente izateko, ordea, bere defentsa ezin adeitsuagoa hobetu beharra du derrigor. Bere taldearen gabezia nagusia atzealdean dagoelako, gainera.
Presioa, estreinakoz. Entrenatzaile batentzat oso erronka bihurria da irabazteko aukerarik batere gabe norgehiagoka bat prestatzea. Sito Alonsori aste honetan egokitu zaio. Etsikor izatea bezain arriskutsua da itxaropen faltsuak zabaltzea, eta Jason Robinsonen laguntzarik gabe, GBCk Real Madril mendean hartzea utopia zen. Askoz gehiago, donostiarrak partidura hiru minutu berandu iritsi zirela ikusita. Honako hau, ordea, ez da itxaropen faltsuak zabaltzea: igandean beste 37 minutuan erakutsi zuen saskibaloia —eskuzabala eta ederki jokatua— Estudiantesen aurka errepikatzeko gai izanez gero, Gipuzkoa Basket Kopan izango da. Xede horretan Jason Robinson laguntzeko moduan badago, gaitz erdi, bere taldekide gehienek baino askoz eskarmentu handiagoa baitauka orain arte agertu gabeko aldagai batekin: presioarekin, alegia.
Peras 'osasuntsua'. Laboral Kutxatik atzeko atetik irtendakoen zerrenda amaigabea da. Josean Kerejetaren aldaketa bizkor eta gupidagabeak ezinbestekotzat jotzen dira klubak elitean jarrai dezan. Sekula ongi azaldu gabeko bihotzeko gaitz bat zela medio Velimir Perasovic entrenatzaile kargutik kendu izana, ordea, une bereziki garratza izan zen zale sentiberentzat. Boza Maljkovicek amaitu zuen 2007ko denboraldi hura aulkian, batere distirarik gabe. Egun, Jugoplastika ahaztezin hartan bere hegalekoetako bat zen Perasovic (Toni Kukoc eta Dusko Ivanovic ziren besteak) Valentziako aulkian ari da. Ez nolanahi, gainera. Lesioekin ezin patu txarragoa izanda ere, ligako hamasei lehietatik hamalau irabazi dituzte laranjazkoek, eta hirugarren sailkatuarekiko hiru garaipenen aldea zabaldu dute. Peras Baskoniaren neurriko erronkak bere gain hartzeko moduko prestakuntza badaukala azaltzen ari da. Osasuna ere bai, inork zalantzarik bazuen.

Saski da!
Dudaren aurrean, hedonismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu