ainara arratibel gascon

Elastikoa izerdiz blaitzen hasteko garaia

2024ko martxoaren 25a
11:40
Entzun

35.000 zale baino gehiago San Mameseko harmailetan; norgehiagoka lehiatu eta bizi-bizi bat; eta Gu Ere Bai eta Gure Esku bezalako eragileak, gizartean selekzioaren ofizialtasunerako dagoen nahia bideratzen. Horiexek dira gizonezkoen euskal selekzioak larunbatean Uruguairen aurka jokatutako partidak utzitako albisterik onenak.

Banan-banan aztertuta, San Mamesen 35.000 zale biltzea ez da nolanahiko datua. Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko babes eta gogo bat erakusten du. Are gehiago aintzat hartuta lau urtean ez dela partidarik jokatu, eta horrek beti eragiten duela desmobilizazio bat. Gainera, gehiago izan zitezkeen kontuan hartuta asteburuan bestelako ekitaldiak egon zirela: Korrika, eta Realaren eta Athleticen arteko emakumezkoen derbia.

Lagunarteko partida izan arren, Jagoba Arrasatek eta jokalariek oso serio hartu zuten neurketa, eta ikuskizun ona eskaini zuten. Nahiz eta zalantzak zeuden deialdia apala zela kontuan hartuta. Aipatu bezala, partida lehiatua eta bizi-bizia izan zen. Hori eskertzekoa da, indar handiagoa ematen baitio ofizialtasunaren aldarrikapenari.

Gu Ere Bai eta Gure Esku ere gai izan ziren aldarrikapen eta nahi hori harmailetara eta kalera eramateko. Argi dago ofizialtasuna lortzeko bidea zaila eta oztopoz betetakoa dela, eta horregatik da beharrezkoa halako mugimenduen arteko elkarlana eta saretzea. Denen beharra dago, eta halako gizarte eragileek bultzatu ditzakete beharbada arduradun politikoak mugiaraztera.

Baina biharamun gozo baten ostean, iritsi da astelehena. Eta Euskadiko Futbol Federazioak eta arduradun politikoek hemendik aurrera zer egin pentsatzen hasi behar dute, gizartean ofizialtasuna lortzeko dagoen eskari hori errealitate egiteko, horri bide emateko. Eta lehen pausoa, hain zuzen, larunbatean gertatutakotik ondorioak ateratzea da.

Argi dago FIFA eta UEFA konbentzitzea ez dela erraza, eta Espainiako Futbol Federazioak eta gobernuak oztopoak baino ez dituztela jarriko bide horretan. Baina hori ezin da aitzakia izan. Esaldiak dio Zaila bada, ez da ezinezkoa, eta horrek izan beharko luke federazioaren goiburua. Ezin du gaia bazter utzi, lau urte hauetan egin duen moduan. Eta bere burua larunbatekoa bezalako partida batekin zuritu. Nahiz eta nabarmentzekoa den oraingo honetan lotu zuten aurkaria goi mailakoa zela. Kirolean beti esaten da galdu edo irabazi egin daitekeela, baina beti-beti lehiatu behar dela. Eta federazioak eta eragile politikoek hori egin behar dute. Euskal gizarteak hori ikusi nahi du gutxienez. Elastikoa ez da aldagelan utzi behar: izerdiz blaitu behar da. Isilean egin behar da lan; sukaldeko lana funtsezkoa da. Baina erakutsi ere egin behar da egiten dena.

Jokalariei dagokienez, eskertzekoa da larunbatean deialdian izan zirenek erakutsitako konpromisoa. Baina kontuan izan behar da beste batzuk Espainiako selekzioarekin joan zirela. Zertarako? Bezperan lagunarteko partida bat jokatzeko Kolonbiarekin. Baina horren atzean sari ekonomikoak eta selekzio arteko txapelketak jokatzeko aukerak ere badaude. Erabakiak ez dira neutroak. Eta beste batzuek nahiago izan zuten ez jokatu, gertu final handi bat dutelako. Borondate eta lehentasun kontuak dira bi kasuetan. Jokalariei ere konpromiso bat eta aurrerapauso bat eskatu behar zaie. Ez da nahikoa ofizialtasunaren aldeko pankartarekin ateratzea.

Horri lotuta, zalantzagarria da egokia ote den selekzioaren partidak FIFAren datetan jokatzea. Argi dago aurkari hobeak lortzen lagun dezakeela, eta horrek ere garrantzia duela. Baina, aldi berean, zailtasuna sortzen du jokalaririk onenak deitzeko. Larunbatean, askok pentsatuko zuten: «Zer izango litzateke euskal selekzioa Unai Simonekin, Mikel Oiartzabalekin, Vivianekin, Williams anaiekin, Mikel Merinorekin eta Sancetekin?». Zaleek hori ikusi nahi dute, ofizialtasunean sinesteko beste pizgarri bat.

Eta, gizarte eragileekin izan daitekeen elkarlanari dagokionez, sukalde lanerako gizarte haiekin urratsak egin behar dituzte ezinbestean, hor baitago herriaren benetako indarra eta bultzada. Eta hori ere behar da bidean izango diren oztopoak gainditzeko. Eragileek egin dute lehen proposamen bat: ofizialtasunaren aldeko mahai bat eratzea. Heldu egin behar zaio horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.