mikel reina
Hirukotik

Emozioak eta esaldiak

2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

«Never too high, never too low» (Inoiz ez goregi, inoiz ez beheregi). Ricky Rubiok famatu egin zuen esaldia, eta orain askok eta askok errepikatzen duten. Diego Pablo Simeoneren «Partidaz partida» bezalakoa. Ibon Navarrok lehendabizikoa erabili zuen, Unicajak Real Madrili irabazi osteko adierazpenetan. Madrildarren lehendabiziko porrota da sasoi honetan. Saskibaloiari dagokionez, emozioz beteriko asteburua izan da.

Lezioa. Gernikan, adibidez, Adimen Urritasuneko Bizkaiko Saskibaloi Liga irekitzeko eguna ospatu zen. Zortzi taldek eta ia ehun jokalarik bizitzaz eta saskibaloiaz gozatzeko bestelako modu bat erakutsi ziguten egun osoan. Irakasgaien eguna izan zen, bata bestearen atzetik. Helburua ondo pasatzea zen, eta parte hartzaileek hori helarazi zieten han bildutakoei. Benetan ahaztezina izan zen eguna guretzat eta batez ere, haientzat. Merezi dute. Era berean, tristea izan daiteke horrelako ekintzak egin behar izatea begiak zabaltzeko eta dugun horri balioa emateko. Egun osoko jaia izan zen. Gutxitan egon dira Santanape kiroldegiko harmailak hain beteta. Herritarrek bikain erantzun zuten. Emaitzak gutxienekoa izan ziren, inork ez die erreparatuko. Beste asko zegoen ikusteko eta gozatzeko. Horregatik, lehendabiziko emozioak haiek transmititu zituzten. Emakumezkoen Ligako jokalariekin dantzan amaitu zuten. Hilabete askoren ostean, ostegunean dantza egin zutenak Araskiko jokalariak izan ziren, Kanaria Handiaren aurka Mendizorrotzan irabazi eta gero. Lehen aldiz araskizaleekin dantzatu ziren. Hori gutxi ez, eta igandean irabazi egin zuten Gironan.

Ulergaitza. Oso bestelakoak izan ziren Bilbo Basketeko zaleek bizitako emozioak: etsipenarenak. Haiena ere birala izan da sare sozialetan. Ez da gutxiagorako. Norbaitek egon behar zuen beste aldean, eta bilbotarrei tokatu zaie. Ez dakit zer den ulergaitzagoa: minutu baten faltan zazpi punturen aldea izan arren partida galtzea, edo 20 metrotik txirrinaren hotsarekin hiruko bat sartzea. Ulertezinak biak ala biak. Probabilitatean ere, ez dakit zein den zailagoa. Argi dagoena da Bilbo Basketek arazo larriak dituela amaiera estuko partidetan. Obradoiroren eta Anwilen partidak kenduta, gainontzeko denak galdu ditu. Egoera oso desberdina izango litzateke baten bat irabazi irabazi izan balute. Zeharo desberdina. Orain bost porrot daramatzate jarraian ligan. Europako garaipenek ez dute ezer askorako balio, ez dira inolako kontsolamendua. Jakitun dira Europako laugarren txapelketak duen mailaz, are gehiago gaur egungo egoerarekin. Dagoeneko sailkatuta daude hurrengo faserako. Egutegiak ere ez du laguntzen. Eskoziara egingo dute bidaia, Europako ligaxkako azken jardunaldia jokatzeko, eta, ACB ligan, Unicaja eta Valentziaren aurka jokatuko dute, hurrenez hurren.

Iraultza. Askotan ez badirudi ere, Dusko Ivanovicek baditu haserreaz bestelako emozioak. Ez da gutxiagorako. Aste biribila osatu dute gasteiztarrek. Euroligako bi partida jokatu dituzten aste batean izan da, gainera. Bartzelona espero baino errazago hartu zuten mendean. Hasi eta buka, erabat nagusi izan ziren. Frantzian gogotik egin behar izan zuten lan. Asvelek ere entrenatzailea aldatu du, eta beste talde bat dirudi. Gianmarco Pozzeccok zerbait baldin badu, emozioak transmititzeko gaitasuna da. Baskoniak ere bere zigilu propioa du, aro berriarekin batera. Partidak iraultzeko gaitasun harrigarria erakutsi zuen taldeak beste behin. Hainbeste emoziorekin, Ivanovicek ere izan zuen bereak azaleratzeko tartea. Duela bi urte, azaroaren 15ean, Baskoniak Montenegroko entrenatzailea kaleratu zuen. Hilabete berean anaia hil zitzaion. Hari eskaini nahi izan zion igandeko Valentziaren aurkako garaipena; baita jokalariei ere. Baskoniak izan ohi duen izaera berreskuratu dute. «Inoiz amore ematen ez duen talde bat gara, beti sinesten duena eta sufritzen gozatzen duena». Askok gogora ekarri zuten Ivanovicen esaldi famatuenetako bat: «Sufrimenduak zentzua duenean, motibazio bilakatzen da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.