Pedagogia. Anaiekin eta ilobekin partekatzen duen ACB ligako Supermanagerreko liga pribatuan, azken putz da oraingoz Saski Da!, lotsagorritzeko moduko tartearekin gainera. Saskibaloia gero eta gutxiago ulertzen duela sinetsita dagoenez, biziki eskertu nahi dizkio Pablo Prigioniri igandeko prentsaurrekoan eskainitako azalpenak. Bere jokalariei horrenbeste buruhauste eragiten ari den defentsa xehatu zuen. «Argi dago zaintzan arazo bat dugula. Erasoko errebote asko hartzen dizkigute. Hor ari gara gehien sufritzen. Blokeoetan defendatzailea aldatzearen alde egin dugu, eta kosta egiten zaigu. Horrenbeste aldiz aldatuta, gero errebotea ixten ez dugu asmatzen. (...) Baina nik ez dut Europan talde askok azkenaldian egiten dutenaren ezer ezberdinik asmatu. Aldaketa askoko defentsa hori etorkizuna da, eta Euroligako talde onenetan ikusten ari da. Trukatu eta buruz burukoan eusteko gai zarenean, laguntzarik ez da behar, eta askoz talde trinkoago bihurtzen zara. Egun, ez gara trinkoak defentsan. Zenbat denbora beharko dugun? Ez dakit, baina aldaketen sistemarekin gogorragoak izango gara, erreboteko gabezia zuzentzen badugu. Aurkariari erasoa zapuztu eta buruz buru jokatzea behartuta, abantaila bat izan dezakegu. Ea hobeto gauzatzerik dugun. Badakigu gure akatsak zein diren». Supermanagerrak baina misterio gutxiago du kontuak. Atzealdeko funtzionamendu berriaren kaosa zuzenduz gero, bizkor egingo du Baskoniak gora. Atzealdeko funtzionamendu berriaren kaosa ikusgarri samarra da ordea.
Gutxiago dutenei banatu. Saskibaloi oso kaskarra jokatzen duen talde batek saskibaloi bikaina jokatzen duen besteari irabazi zion igandean Buesa Arenan. Logika kapitalista gailendu zen. Toko Xengeliaren soldata Gipuzkoa Basketen lantalde osoa (entrenatzaileak barne) ordaintzeak kostatzen duena baino handiagoa da. Lanak oso aurreratuta daramatza, baina, Gipuzkoa Basketek, Baskoniak ez bezala. Zaintzaz gain, gatzik gabeko erasoa ere ondu nahian ari dira gasteiztarrak. Joan den asteko minutu onenak Luca Vildozarekin osatu ditu Baskoniak. Ez dirudi kasualitatea. Jabetzak monopolizatzeko duten joera dela eta, Jayson Grangerrek eta Marcelinho Huertasek bostekoko beste kideak sarriegi deskonektatu ohi dituzte akziotik. Vildozaren kasuan, soiltasuna bilatu ohi du, akatsen bat eginez gero aulkian berriz esertzeko duen arriskuagatik bada ere, eta hurkoa askoz lehenago elikatzen du. Baskonia hau tituluak lehiatzera iritsiko bada, baloia McRae, Timma edo Beauboisen eskuetan ahalik eta sarrien ipini duelako izango da, eta horretarako Huertasek eta Grangerrek yo-yoa poltsikoan gorde beharko dute.
Azken igurtziak. Datorren udaberrian erretiroa hartzera doala sasoia hasterako iragarrita, Kobe Bryanten oso bestelako azken denboraldia ziurtatu du Alex Mumbruk. Sei bider NBAko txapeldunaren eraztuna jantzitako Los Angeles Lakerseko eskoltaren azken urtea zirku bat izan zen. Bryanti omenaldia egin zioten bazterretan hori eta morezkoak bisitan iritsitakoan (min hartuta ez zegoenean), eta berak partidako bizpahiru dozena jaurtiketa botata erantzun izan zuen hiri guztietan, bere taldearen denboraldi oso bat bahituta. Mumbruren kasuan, ez da mimo handirik espero ligako kantxetara egingo dituen azken txangoetan. Hegalekoak mila sestra piztu izan ditu Murtzian, Fuenlabradan, Gasteizen edo Donostian, eta hainbeste beroaldiren faktura pasatuko dionik izango da. Mumbruri ez zaio gaizkiegi irudituko, bere saltsan agur esateak ere baduelako xarma. Datorren igandean Illunben ariko da azkenekoz, eta harrera iskanbilatsuegia izango ote duen zalantzagarria da. Litekeena da Bilbotik iritsitako zaleak ia Gipuzkoa Basketenak bezainbeste izatea. Zezen plazan hamar mila lagunen aurrean aritu izan zen Mumbru duela ez asko. GBCren liga hasierako martxa ona ez da nahikoa akuilu izan oraingoz, horietako askok ospitaletako aldapa berria igo zezaten. Ea Mumbruri azken laztanak ematera hurbildu, eta sasoi osorako Illunben geratzen diren.

SASKI DA!
Ez da Kobe, ezta beharrik ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu