mikel reina
HIRUKOTIK

Ez dira garai onenak

2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ez dira betiko garai onenak Gasteizen. Bolada txarrean daude Araski eta Baskonia. Hasi bezain laster daude kinka larrian. Ez dira itxura ona ematen ari.

Baskoniaren zaleen azken egunak azaltzea zaila da. Joan Peñarroyaren aldia amaitu dela eta Dusko Ivanovicek ordezkatuko duela jakin dute. Kluba urduri, eta taldea, ezinean, azken bost partidak galduta. Emaitzak baino gehiago, irudia izan da kezkagarria. Taldea jota dago. Normala. Peñarroyak bazekien klubak bere kaleratzea iragartzea bakarrik falta zela haren aldia bukatzeko. Nola egingo zien aurre partidei? Negoziazioak beti dira zailak: denborak, filtrazioak... aldagai asko daude. Akaso, hobe zen hura kaleratu izana, eta bigarren entrenatzaileak zuzendu izana taldea; batez ere, irudiagatik. Futbolean, behin baino gehiagotan ematen dira horrelakoak, eta badaude azkenean denboraldia amaitzen dutenak. Orain, lesioak gehitu dira, egoera gehiago zailtzeko. Mannion, Howard, Diez, Moneke eta Rogkavopulos dira minen bat edo beste dutenak. Beraz, antolatzaile bat ez ezik, agian, beste zerbait ere ekarri beharko du klubak.

Ivanovic da konponbidea? Taldea biziberritu behar da, eta horretarako gutxi daude Montenegrokoa baino hobeak. Behin baino gehiagotan egin du; azken aldian, liga irabazi zuen. Gainera, Buesa Arena ezin hobeto ezagutzen du, laugarren aldia lukeelako. Arazo bat duzunean beti laguntzeko prest dagoen laguna da Ivanovic. Baina edozein lan egiteko gai da? Berdin dio egoerak? Argi dagoena da errespetua baino gehiago merezi duela. Ivanovic Baskonia delako.

Epe laburrerako konponbidea izan daiteke, baina etorkizunera begira abiapuntura itzultzearen sentipena da: proiektu falta dago. Peñarroyarekin zalantzak udan hasi ziren, eta erabateko ziurtasunik gabe jarraitu zuen karguan. Berak jarritako helburu nagusia bete zuen: Buesa Arena betetzea saskibaloi erakargarri eta bizia eginez. Bulegoetako helburuak, ordea, ez ziren bete: Kopan eta ACB ligako kanporaketetan final-laurdenetan kanporatu zuten Baskonia, eta Euroligako zortzi onenetatik kanpo geratu zen azken unean. Ikusteko dago Ivanovic jokalari berdinekin zerbait desberdina egiteko gai den edo harekin batera beste jokalariren bat ekarriko duen. Baina zerbait aldatu beharra zegoen, eta halakoetan egin ohi dena egin du Baskoniak: entrenatzailea kargugabetu.

Azaroko finalak. Zurbaon ez daude ondo, ezta Mendizorrotzan ere. Finalak jokatzen hasia da Araski, baina inork jokatu nahi ez dituen horietakoak dira; denboraldi hasieran ez dago final onik. Gasteiztarrek ez dute partidarik irabazi, ez ligan, ezta denboraldiaurrean ere. «Blokeatuta gaude». Argi utzi zuen Madde Urietak Ensinoren aurka etxean galdu ostean. Hori zuten lehen finala, eta bigarrena ostiralean jokatuko dute Celtaren aurka, Vigon (Galizia). Ensinok Mendizorrotzan lortu zuen lehen garaipena, eta Celtak helburu bera du. Baina, benetan, Araskik behar du garaipena, batez ere, jarraian, bi asteko etena dagoelako, eta aste horiek oso luzeak izan daitezkeelako.

Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoetan bestelako bideak hartu ohi dira aulkiari dagokionez. Jokalariak aldatzeko joera gehiago dago; entrenatzaile gutxi kaleratzen dituzte denboraldi bete-betean. Gainera, hiru euskal taldeak bereziak dira, kluba eraiki zutenak daudelako agintean; beraz, are eta zailagoa da. Ezin daiteke imajinatu Urieta gabeko Araskirik, ezta Azu Muguruzarik gabeko IDK-rik. Entrenatzaileak berak eman beharko luke pausoa albo batera, betiere, ez bada gai taldearentzat onena bilatzen egoerari buelta emateko. Lehenbizi, ordea, merkatura joko dute. Beharra dute; bestela, zuloa handiagoa izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.