Ion Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Ez dut galdu itxaropena

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dut ezkutatuko, pixka bat burumakur bukatu dut eguna. Beste zerbait espero nuen Arraten gora. Egia da ez zela nire baldintzetara egokitzen zen igoera bat, oso tentea eta esplosiboa, baina aurreko multzokoekin helmugaratzea espero nuen. Neure burua ondo ikusten nuen, aurrean egoteko moduan, baina pixka bat falta izan zait aurrekoekin helmugaratzeko. Espero duzun hori gertatzen ez denean beti hartzen duzu bizkarrekoa. Baina, tira, ezin dut itxaropena galdu, gauzak hotzean aztertu behar dira. Uste dut oraindik ere posible dela Euskal Herriko Itzulia irabaztea, zintzo diot. Hori bai, horretarako erlojupeko bikaina egin beharko dut. Itzulia hasi aurretik nahiko garbi nuen erlojupekoan Arraten baino alde handiagoak egongo zirela, eta hala izango dela uste dut. Ea nola moldatzen naizen. Ustez, aproposa dirudi niretzat.

Oro erritmo bizian aritu gara gaur. Sailkapen nagusirako hautagaiek aurrean iritsi nahi genuen Matxarira. Orica eta Movistar taldeak tiraka aritu dira, eta guk Arashiro jarri dugu. Behin Matxarian, oso bizkor igo gara. Woods, Valverde... denak aritu dira erasoka. Ezin izan diet jarraitu, eta nire erritmoan aritu naiz. Henaorekin iritsi naiz gora, baina azken bi kilometroak oso luze egin zaizkigu. Valverdek irabazi du, zer esan? Urtero hobera egiten du, eta Euskal Herriko Itzulia irabazteko hautagai ikusten dut. Indar erlojupeko bat da, eta aurrean dauden guztiak indartsu iritsi dira azken egunera. Bost txirrindulari berdinduta daude sailkapen nagusiaren buruan; mendiko etapek hainbesteko galbahea egiten ez duten seinale.

Erlojupekoan itxaropena jarria dut, desabantaila jan dezakedala uste baitut. Ondo egokitzen da nire ezaugarrietara, eta buruz ezagutzen dut. 27 kilometro asko dira, eta tartea irekitzeko nahikoa bide badago. Ilusioa pizten dit horrek, Itzulia ez baita bukatu niretzat, inondik inora ere. Nik nire onena emango dut erlojuaren aurka, eta jakin ezazue baikorra naizela. Gaur apur bat behera egin arren, sentsazio onak ditut, hori da garrantzitsuena. Laurak eta laurden aldera irtengo naiz, eta gustura entzungo ditut zuen animoak, egun guztietan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.