Imanol Magro Eizmendi.
Mikel Urrutikoetxea. Asegarceko pilotaria

«Ez dut neure burua estutzen: finalak gozatzeko dira»

2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euria ari du Zaratamon (Bizkaia). Goiza da eta jende gutxi dabil kalean, baina Mikel Urrutikoetxea ikusten duen bakoitzak gogoratzen dio igandeko finala. Pilotariak adeitsu erantzuten die guztiei, ez da nekatzen. «Jendeak kasu egitea seinale ona da, eta ez nau itotzen. Oso lasai nago».

Finala ahaztea lortzen al duzu?

Bai. Argi dago: eguna etorriko da, baina ez naiz erotzen. Entrenamenduetan bakarrik pentsatzen dut finalean. Hortik kanpo, ez.

Edozeinek esango luke ohitu zarela finalak jokatzera.

Inor ez da ohitzen horretara. Final batera iristea ez da erraza. Aurreko urtean ez nuen finalik jokatu, eta lau eta erdikoan tanto bakarrera gelditu nintzen. Hori pena izugarria izan zen niretzat, baina azkenean kirolak hori du.

Finalak inguratzen duenarekin gozatzen al duzu?

Tira, elkarrizketak-eta egoten direla, baina hori seinale ona da. Ondo zabiltzan seinale da.

Igandean, finalaren aurretik, zer egingo duzun ba al dakizu?

Betiko errutina, goizean takoak egin. Partidetan tako berriak erabiltzen ditut beti. Takoak egiteko denbora behar da, eta horretan pasatuko dut goiza. Bazkaldu, poltsa egin, eta partidara.

Ez duzu maniarik? Arropa edo janarekin?

Ez, eta saiatzen naiz ez izaten. Iruditzen zait maniak buruaren kalterako direla.

Buruz buruko eta lau eta erdiko azken txapelketetan finalerdietan kanporatu zaituzte. Gogo berezia al duzu?

Finalerdiak galtzeak pena ematen du, eta 22-21ekin gehiago. Finala hain gertu edukita... Baina tira, bi finalerdiak txapeldunen aurka galdu nituen. Aurten bide onetik goazela iruditzen zait.

Zu zauden mailan, finala iritsi gabe konforma zaitezke?

Pilotari gehienen helburua finalean egotea da. Horregatik prestatzen dugu txapelketa, eta horregatik joaten gara aurkezpenera. Finalean ez sartzea bizkarrekoa da, baina oso garbi izan behar dugu hau kirola dela, eta aurkariek ere asko jokatzen dutela.

2015ak aldatu zuen zure ibilbidea, bi txapel irabazita. Harrezkeroztik, txapela eskatzen zaizu.

Nik neure buruari, ahal badu, finaletan egotea eskatzen diot, eta ez sailkatzea kolpea da, baina jakin behar duzu kirolean une asko daudela. Eta nahiz eta zure mailan egon zorteak ere eragiten duela.

Iazko finalerdiko 22-21ekoa da eredu. Askotan oroit zara kateatu zitzaizun pilota harekin? Sake, errestoa eta kanpora...

Horma-bikoa egitera joan, eta ez zen nahi bezala irten. Tira, berdin irten zitekeen ere. Unean hartutako erabakia izan zen, eta erabaki zuzena izan zela uste dut.

2015eko finalen bezperak ezberdinak izan ziren?

Ez naiz gogoratzen. Begira, ni lasai nago; hau azken batean kirol bat da, eta ni zorionekoa naiz goi mailan nagoelako. Nik ez dut neure burua estutzen: finalak gozatzeko dira; irabazten badut, ondo, eta bestela, binakako txapelketan pentsatzera.

2015ean bi txapel irabazi zenituen jarraian, eta modako pilotari bihurtu zinen: gaztea, bizkaitarra... Ito al zinen?

Ito? Ez, kontrakoa; polita da. Ondo ari zaren seinale. Urte asko ziren Bizkaira ez zela txapelik etortzen, eta horrek poztu egin ninduen. Bizkaian zaletasuna sortu eta pilotari gazteei laguntzeko balio badie, primeran.

Belaunaldi berriko lehen txapelduna izan zinen, halaber.

Nik garai haietako elkarrizketetan esan nuen gehiago baloratzen nuela final haiek irabaztea bi txapeldun handiren aurka irabazi nituelako [2015eko lau eta erdikoa Irujoren aurka, eta 2016ko buruz burukoa Olaizola II.aren aurka], eta haiek oraindik maila onenean zeudenean.

Ezagun bihurtu al zara?

Denetarik dago, baina, bai, nabaritzen duzu leku batzuetan ezagutzen zaituztela; Euskal Herrian, jende askok egiten dio kasu pilotari.

Asko mugitzen zara Bilbon. Bilboko kaleetan jendeak pilotari bat ezagutzen al du?

Bai. Baina denetarik dago Bilbon. Bilbo oso handia da: Bilboko jendea dago, Bizkaikoa, Bizkaitik kanpokoa... Gustura ibiltzen naiz.

Gustuko al duzu txapeldun bat inguratzen duen protokoloa?

Bueno... Ez dakit kanpotik nola ikusiko den, baina ni nahiko lotsatia naiz.

Bai, pixka bat nabaritzen zaizu.

Irekitzea kostatzen zait. Azkenean, pilotarekin eta txapelekin datorren zerbait da.

Bertsotarako gaizki orduan?

[Barrez] Ez, ez, horretarako ez, eta jende aurrean hitz egiteko ere ez.

Lotsatu al zara txapelak dakarren zerbaitekin?

Herrian egiten dizuten harrerarekin, pixka bat. Eta hori denak ezagunak direla! Ohitzen zara halakoetara, baina nire izaerarekin... Baina tira, txapelak iristen diren bitartean, ez zait axola lotsa pixka bat pasatzea.

Txapeldun izan zinenetik gutiziarik bete al duzu?

Ez, ezer berezirik ez.

Etxea gutizia. Aitona-amonen baserria berritzen ari omen zara.

Etxea beharrezkoa da, eta ni oso gustura nago Zaratamon, inguruko jendearekin. Harreman ona dut herritarrekin, lagunak hemen ditut, eta Bilbo oso gertu dago. Aukera izan nuen aitita-amamaren baserria berritzeko, eta ez nuen birritan pentsatu. Baserria berritu eta bertan bizi ahal izatea. Familia, gurasoak, amama eta izekorengandik gertu bizi naiz, eta zorioneko sentitzen naiz horregatik.

Familia garrantzitsua da pilotan.

Oso garrantzitsua; inguruko jendea eta lagunak oso garrantzitsua dira. Hau banakako kirola da, eta etxekoek lagundu behar zaituzte. Asegarcen ere familia ona aurkitu dut; asko eskertzen diet. Pablo Berasaluzerekin harreman oso ona dut; ordu asko dira pilotalekuetatik kanpo, eta harreman ona dut enpresako beste pilotari eta teknikariekin.

Lau eta erdiko bikaina egin duzu. Espero al zenuen?

Iazkoa ere ona izan zen, ligaxkako hiru partidak irabazi, eta finalerdietan galdu nuen. Aurten zalantzekin hasi nintzen, Mastersaren ondoren denbora gutxi izan nuen, baina gauzak ondo irten dira. Lehen partidan beldur nintzen, entrenamendu gutxi egin nituelako eta ez onak. Lehen garaipenak konfiantza eman zidan.

Finalerdietakoa izan al da lau eta erdian jokatu duzun partidarik onena?

Ez nuke esaten jakingo. Egia da, intentsitate eta kontzentrazioa aldetik, agian arreta handiagoz aritu nintzela, eta horrek ondo hasten lagundu zidan.

28 urte dituzu, eta hobetzen ari zara oraindik. Nabaritzen al duzu bilakaera?

Bai, batez ere fisikoan. Debutatu nuenean oso argal nengoen, eta orain indartsuago sentitzen dut neure burua. Dena den, oraindik hobetu dezaket.

68 kilorekin egin zenuen debuta, zenbatean zaude orain?

84. Ondo dago.

Non hobetu dezakezu beraz?

Indarrean. Hanketan ere bai, mugitzean, pilotari emateko garaian oinak lurrean jartzean... Lehen, indar falta nabaritzen nuen.

Nola ikusi duzu Altuna?

Oso ondo. Fisikoki oso ondo dabil, baita tantoa bukatzeko garaian ere. Meritu propioz dago finalean.

Noiz ikusi zenuen lehenbizikoz jokatzen Altuna?

Uste dut Baque torneoko final bat irabazi zuenean izan zela; erraz irabazi zuen [2012an izan zen, Altunak 18-1 irabazi zion finalean Arandiari], eta orduan entzun nuen haren izena aurrenekoz. Gero, ikusi nuen lehenbiziko partida debutekoa izan zen; Titinen aurka jokatu zuen. Telebistaz ikusi nuen, eta ordurako agerikoazen oso pilotaria zela.

Altunak eta zuk gauza bat duzue antzekoa. Gaztetatik nabarmendu zineten, eta betidanik entzun duzue figura izango zinetela? Nola eramaten da hori?

Mundu guztiak du iritzia, eta askotan onerako bainoago kalterako dira. Nik entzun izan nituen halakoak, baina ez nion kasurik egiten. Ni saiatzen nintzen nire bidea egiten. Ez banintz pilotari izango, berdin izango zen; esanek ez zidaten bizitza konponduko, edo nindukete pilotari izaten lagunduko. Pilotari ez banintz, lanean arituko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.