Danel Agirre.
Saski da!

Ezkertiar mediatikoak

2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Agur, hotza. Lamar Odomen eta beste ezkertiar baten, Pete Mickealen, jokoak badituzte parekotasunak. Eta Mickeali ere atzerriko lehendakari baten pareko harrera egin zioten urtarrilean Murtzian. Maletak desegin berritan, berriz prestatu behar izan behar ditu Baskoniako eta Bartzelonako hegaleko ohiak, isil-isilik, bere kontratu garestia hilabeteka zatikatu zuen zuzendaritzak ez diolako luzatu hitzarmena. Mickealekin bost porrot jarraian pilatu ditu Murtziak, eta debutaren egunean 36 puntuko jipoia jaso zuen etxean Obradoiroren aurka. Operazio mediatikoek batzuetan amaiera triste eta anonimo samarrak izaten dituzte.

Bat-batekoak. Inprobisazioa, berez, ez da ez txarra ez ona, inprobisazioa bakarrik da. Lamar Odom fitxatzean Baskoniak inprobisatu egin duela gertakari batek erakusten du. Lakerseko jokalari ohia Gasteizera zetorrela baieztatu bezain laster, debuta Valladoliden aurka egingo zuela iragarri zuen klubak berak, eta zaleak eta ez hain zaleak sarrerak erostera animatu zituen webgunean, erakargarritasun berriaren irudiarekin. Egun bat nahikoa izan zen oraingoz jokatzeko moduan ez dagoela egiaztatzeko, eta Bartzelonaren aurkako lehiaren ondoren Sergio Scariolok debuta «hurrengo hilabeterako » espero dezakegula iragarri zuen. Ondorioz, Valladolid ez, Odom ikusteko txartela erosi zutenek hemendik bi astera Joventuten aurkakoan doan sartu ahal izango dutela erabaki du Baskoniak. 7 zenbakiduna kantxan dela izango den, batek daki.

Aldaketa. Orain. Badalonakoen aurkakoa bezalako norgehiagokak, lehen begi-kolpean nahiko txepelak badirudite ere, erabakigarriak izango dira. Pilaketa dezentekoa dago kanporaketetarako sarbidea ematen duten azken bi postuen inguruan, eta gasteiztarrek oso erne ibili beharko dute gutxieneko helburua ere zapuztu nahi ez badute. Kerejeta presidenteak esandakoaren arabera, ziur egon gaitezke lantaldean oraindik beste aldaketa bat egongo dela. Denboraldiaren bukaera ez da testuingururik egokiena aldagela hankaz gora jartzeko, baina lehentasun osoa galdutako ilusioa eta desira berreskuratzea omen da, gaur bihar baino hobe. Euroligako trena galduta, ACB liga da orain helduleku bakarra.

Arrinda ikuskatzen. Udan murrizketak zirela medio hartutako beste erabaki baten biharamun gordina ezorduan iritsi zaio Bilbo Basketi. Raul Lopezen lesioak ezinbestean baldintzatuko du kanporaketarako lehia. Ordezkorik ez du antolatzaileak, eta zuzendaritzak bere hutsunea betetzeko altxortegi idortuari hamaikagarren astindua eman beharko dio. Sasoia jada ia libratua duen, jokalari eta entrenatzaile ohiei dirutzak zor dizkien eta salmenta prozesuan dagoen klubak larrialdiko fitxaketak egiteko dirua gastatzea etikoa den ala ez norberak epaitu beharko. Desgobernu sentsazioa gero eta nabariagoa da Bilbon, eta Gorka Arrindak desarmatzea onartu duen ala ez dago batere argi. Eta bitxia badirudi ere, Rafa Pueyorenek gero eta hobeto jokatzen dute saskibaloian.

'Sitologoarentzat' lana. Espainiako Koparako sailkapena lortu nahian izan zuen hilabete korapilatsuak errailetatik atera du Gipuzkoa Basketen lokomotorra. Arrakasta izateko perfekziora hurbildu behar izaten dute Sito Alonsoren jokalariek, aurkariak baino baliabide apalagoekin hasten baitituzte partidak. Gainera, defentsari tentsioa falta bazaio, Raul Neto min hartuta badago eta David Doblas orkatilak izualdia eragiten badu, porrota automatikoa eta saihetsezina da. Abenduan taldeak astero utzi ohi zuen ahogozoa berreskuratzea da helburua, denboraldi honetako jarduna harrotasunez amaitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.