Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Fenomeno paranormalak

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork azaldu? Nork azaldu dezake, ulertzeko moduan, Baskoniak ordu laurdeneko tartean erakutsi zuen itxura aldaketa? Zergatik aldatzen da Endesa Ligan, eta ez Euroligan? Zergatik egiten du partida bikaina Causeurrek Valentzian, eta ez Zagreben? Zergatik ditu hainbeste arazo Lagun Arok saskirako bidea bilatzeko? Jokaldi landuak egiteko? Sistemak ondo garatzeko? Zergatik dabil hain trakets Qyntel Woods, eta zergatik egoten da hainbeste minutu kantxan? Zergatik galdu zuen Gescrapek Madrilen partida txukuna jokatu arren? Zergatik saskiratu zituen hainbeste hiruko Real Madrilek? Zergatik dira hain onak? Zergatik dago hainbesteko zuloa talde aberatsen eta pobreen artean? Normala al da Bartzelonak Manresari 42 punturen aldearekin irabaztea, urteetako marka hausteko? Azken horrek badu erantzuna. Ez da normala. Komenigarria ere ez.

Aldageletako misterioak. Valentzian muturreko handi samarra hartzeko proportzioa zeukan Baskoniak. Euroligan jasotzen dituen kolpeetatik jaiki zen joan den astean, eta Bartzelona menderatu zuen etxean; baina aski kontu ezberdina da etxean jokatzea eta etxetik urrun, talde on baten aurka. Lehen zatian, Zagrebeko jarrera epela, zabarkeria, axolagabekeria errepikatu ziren, baina jakingo ez dugun zerbait gertatu zen aldagelan. Ivanovicen hamaikagarren errieta? Partida bukatuta galdetu zioten, eta erantzunak kontrakoa iradokitzen du: «Taldeak eman duen aldaketaren zergatia jakin nahi nuke. Bigun jokatu genuen lehen zatian, Zagreben bezala, eta saskibaloian jarrera egokia funtsezkoa da. Gauzak ondo edo gaizki egin ditzakezu, baina jarrera txarra baduzu, jai daukazu». Aipatzekoa erreakzioa eragin zuen bostekoa: Cabezas, Causeur, San Emeterio, Nocioni eta Pleiss. Lampe, bitartean, aulkian, bere biguntasuna ordaintzen. Garaipenaren orbana: Nemanja Bjelicaren zuntz haustura. Seguruena, ez du jokatuko Olympiakosen aurka, etzidamu.

Ezina. Lagun Arok Illunbera bertaratu ziren 8.180 zaleei helarazi zien mezua. Ezina, Unicaja bezalako talde handi, on, azkar, gihartsu eta talentuduna gainditzeko ezina. Unicajako pibotak Lagun Arokoak baino handiagoak eta hobeak dira. Vazquez, Perovic, Zoric eta Gist Doblas, Ibekwe, Korolev eta Rubio baino askoz hobeak dira. Calloway, Marcus Williams, Txemi Urtasun eta Krunoslav Simon ere Neto, Salgado, Jermaine Taylor, Kuksiks eta Qyntel Woods baino askoz hobeak dira. Baina galtzeko eta galtzeko moduak daude. Eta Lagun Aro belaunikatu egin zen atzo. Partida bukatzeko 12 -14 minutu geratzen zirela, 36-34 aurretik jarri, eta sei puntu saskiratu zituen hurrengo 13 minutuan! Unicajak, noski, askoz gehiago. 42-64 aurreratu zen Malagako taldea, eta aise gainditu. Ernegatzeko modukoa izan zen Lagun Arok erasoan zeuzkan mugak. Baloia joko antolatzaileak eskoltari, eskoltak joko antolatzaileari, eta zortzi segundoren faltan, buruz buruko jokaldia, han Unicajako dorreek arrisku oro zapuzteko. Eta kito. Alternatibarik gabe. Taylor ere iritsi da, baina Taylorrek ez du ezer egingo bere kabuz.

Erakustaldia. 92 puntuko balorazioa lortu zuen Gescrap Bizkaiak Real Madrilen aurka. Balorazio ona, garaipena lortzeko nahikoa, norgehiagoka askotan. Zein da arazoa? Aurkariak 117ko balorazioa lortu zuela, jaurtiketetan sekulako eraginkortasuna lortuta. Lasoren taldeak zortzi hiruko saskiratu zituen lehen laurdenean, 18 denera, eta asko, une erabakigarrietan, Bizkaiak markagailuan hurbiltzeko ahalegin handiak egin ondoren. %53 hirukoetan, eta %60 bikoetan. Horiek dira Real Madrilen portzentajeak jaurtiketetan. Bueltarik ez duten zenbakiak dira. Bizkaitarrek defentsa hobea egin zezaketela? Baliteke, baina eginda ere, galdu egingo lukete ia ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.