Danel Agirre.
Radarraren azpitik

Galduta, hobe

2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Carpe diem'-ik ez'. Indiana, Miami, Oklahoma eta San Antonio kanporaketetara begira lidergoa lortzeko arineketan ikustea interesgarria bada, ia beroagoa ari da bihurtzen Philadelphia eta Milwaukeeazken putz izango direla ziurtatzeko egiten ari diren barraskilo lasterketa. Ekialdeko eta ligako bi talde eskasenek hor dihardute, disimulu apartekorik gabe, apropos porrotak pilatzen. Nola liteke hori, gehiegikeria behar du azken esaldiak, pentsa lezake irakurleak. Baina horrelakoxea da NBA: batzuetan, epe ertainean lehiakor izateko modurik eraginkorrena epe motzean ahal den penagarrien jardutea da. Tanking modura bataiatu zuten aspaldi egitate hori AEBetako kazetariek.

Okerrago hobea da. Lehen hiru lehietan garaile hasi zuen sasoia Philadelphia Miamiko txapeldunen aurkako gau gogoangarria barne. Azkar egiaztatu zen, ordea, duela urte pare bat abiatu berreraikitze prozesua (Jrue Holiday, Louis Williams edo Andre Iguodalak taldea utzi zuten) heldu gabea zela oraindik. Gabonak aldera edo, sasoi txepel zihoala barneratuta, Sam Himkie managerrak jokalari gazte berriak banatzen dituen draft zozketarako ahal diren txartel onenak behar zituela deliberatu zuen. Denboraldiko talde txarrenak izan ohi du unibertsitatetik edo Europatik datozen talentuen artean inor baino lehen hautatzeko aukera gehien, lehen postua bermatuta ez badago ere. Penagarri aritzen hasita, beraz, are eta penagarriago hobe. Batez ere, draft-ean aspaldiko uztarik distiratsuena aurreikusten bada.

Dumarsen gurutze bidea. Joel Embiid, Andrew Wiggins, Jabari Parker, Julius Randle edo Dante Exumen izenak aspalditik daude NBAko bulegoetako txostenetan mila kolorez azpimarratuta. 2003an ligara iritsi zen multzoa dute gogoan adituek. Orduan,Clevelandek, lehenbizi hautatu behar zuenak, LeBron James, Carmelo Anthony, Dwayne Wade edo Chris Bosh zeuzkaten mahai gaineko karten artean. Ohio bertako jatorria eta inoiz ikusi gabeko dohainak bateratzen zituela ikusita, Jamesena izan zen irten zen lehenbiziko izena. Arre edo so eginda, ia ezinezkoa zirudien huts egitea. Hanka hondoraino sartu zuenik egon zen, ordea. NBAren historiako erabaki ustelenetakotzat jo ohi da Detroitek, Joe Dumarsen eskutik, draft hartako bigarren bolatxoa edukita Darko Milicic erdipurdikoa lehenetsi izana. Hamarkada bat geroago, Bad Boys mitikoetan jaurtitzaile zenak oraindik galdera makur andana erantzun behar izaten ditu haren harira.

K.O.-z K.O. Kaskarkeria perfektuaren bidean, Philadelphiaren tanking-a bereziki ikusgarria izaten ari da. Julius Erving edo Charles Barkley-ren frankizia ohiak azken hamabi lehiak galdu ditu. Historian berrogei punturen aldeaz bi norgehiagokatan jarraian amore ematen duen bigarren taldea da. Eta hori, Los Angeles Clippersek eta Golden Statek bigarren zatian erritmoa apaldu eta 60 edo 70ekoa izan zitekeen zartakoa zertxobait leundu zutelako. Tamaina horretako bi porrot erreskadan jaso zituen beste zorigaiztokoa Philadelphia bera izan zen 1993-94an, Barkleyek Phoenix Sunsera ospa egin eta gutxira.

Ahaztu ondra. Tom Ziller analistak Sam Himkie managerrak antolatutako tanking-a urrunegi iritsi dela idatzi du. Evan Turner hegalekoa Indianari ia oparitzea izan da azken eragiketa, haren kontratua kontabilitate berrian azal ez dadin. Zillerren hitzetan, egun 76ersekin ari diren gizagaixoei (Carter-Williams etorkizun oparoko antolatzailea, besteak beste) ezinezkoa izango zaie inokulatu dieten izaera galtzaileari buelta ematea. Philadephiak joan zen astelehenean eduki zuen zaleak pairatzen ari diren lotsa zertxobait arintzeko aukera. Oraingoz NBAko bosteko txarrena, Milwaukeerena, etxean zuen. Barraskilo talka azkar zapuztu zen, bisitariek bigarren laurdenerako 30 puntuko zulotzarra zabaldu zutenean. Tanking-a eta ohorea ez dira oso ongi eramaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.