Danel Agirre.
SASKI DA!

Galtzeko bada, hobe Fenerbahce

2019ko apirilaren 09a
00:00
Entzun
Ez izan presarik amaitzeko. Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeak kanporaketetarako sailkatu dira, azken hiru sasoietan bigarrenez. Bi bider irabazi beharra daukate finalerdietara igarotzeko, eta Gernika litzateke lehia erabakigarria etxean jokatuko lukeen bakarra. Aurkaria aski mehatxuzkoa ez balute —urte gutxiren buruan finalak jokatzen behar luke Valentziak, eta sasoi hasieratik asko hobetu du—, azkenaldiko irregulartasuna uxatu beharko dute gernikarrek. Finalerdietan Perfumerias Avenidaren aurka aritzearen sari pozoiduna eskuratuko lukete horrela. Azken irristaldia IDKren aurka izan zuen Gernikak, Malosten. Donostiarrek Gironan jokatu zuten herenegun, eta meritu handiko bigarren garaipena eskuratu zuten erreskadan. Garai onean ailegatuko zaie zirt edo zarteko txanpa, baina ezin daiteke esan patu onegirik izan dutenik. Cadi la Seu izango dute parean; gaur egun ligako talde onena, akaso. Sei neurketa irabazi ditu jarraian; aurkariari jipoia emanda, gainera. IDKri berari 77-56 gailendu zitzaion otsailean. Lleidako taldeak hankapean ibili zuen azken aurkaria Araski izan zen, domekan. Arabarrak ezinean dabiltza aspaldi, baina badute kontsolamendu txikia parean egokitu zaien aurkariarekin. Berez ukiezina behar lukeen Girona ere kamuts samar dabil. 22 jardunalditan behin bakarrik galdu ondoren, azken lauretan hiru porrot pilatu ditu.

Galtzeko modu jakin hori. Azken bi hamarkadetan Europako kantxa guztietan galtzen ikasi du Baskoniaren zaleak. Badago Baskoniaren poto egiteko modu klasiko bat ere Euroligan: hiru laurden ezin hobeto jokatu, aurkariak defentsa estututakoan ordu arte bezala erasotzeari laga, eta harakiria egiten bukatu. Mila bider sufritutako kalbarioa da. Baina inon ez du hainbeste samin eragin ohi, Moskun gertatzen denean bezala. CSKAk badu zerbait bereziki desatsegina. Handiki guztien akatsa da harropuzkeria, baina klub hori tartean denean hain ohikoak diren gertaera paranormalek ezinikusi apartekoa eragiten dute. Entrenatzaile gehienak dira harro eta jasanezinak, baina beste inork ez du Dimitris Itudisen irribarre faltsu narritagarririk. Ez dugu jakingo, urrutira joan gabe, zer arraio ari ziren errusiarrak osteguneko garaipena titulu baten gisara ospatzen, jokoan ezertxo ere izan gabe. Baskoniaren final-laurdenerako aurkari posibleetatik, Real Madril zen aproposena. Askoz hobe da CSKArekin gurutzatzea, hori bai, tarte handiarekin Euroligako talde trinkoena den Fenerbahcerekin baino. Saski Da! ernegatu samar dabil, ordea. Beste behin serie txukun bat jokatu eta galtzen bukatzeko, nahiago zituen turkiarrak.

Hiru eurotik bi, jabearenak. Jordi Bertomeu Euroligako zuzendariaren joan den asteko adierazpen eskandalagarri samar bat oharkabean igaro da. Aurrerantzean, kluben jabeek aurrekontuen %65 baino ezingo dute bere patrikatik ipini. Gutxienez bi ondorio sinple atera daitezke iragarpenetik. Batetik, partaideek askoz gehiago gastatu ohi badute ere, hamabost milioi euroko diru sarreretara iristen den partaiderik ez dago; eta, bestetik, ez dago egoerak hobera egingo duen itxaropen handirik. Lehiaketa elitista eta defizitarioa da Euroliga, kontinenteko herrialde gehienetan jarraipen oso mugatua duena. Dozena bat handi-mandi eta futbol klub dirua harrika botatzeaz aspertzen ez badira, eredu neoliberal baztertzaile berberarekin jarraituko du. Baskonia bigarren mailako gonbidatua da hor, sasoi erregularra eta eta final-laurdenak animatzeko egokia. Noizean behin lauko finalera iristen ere lagako diote, baina ez askoz gehiago. Euroliga irabazteko alferrik galtzeko milioi piloa behar da.

Segi mezu horiek bidaltzen. Igarle moduan Saski Da!-kez du piperrik balio. Zapatuan, hirugarren laurdenean, 24 punturen aldeaz azpitik zelarik, azken igurtzia eman zion GBCri Whatsappeko saskibaloi sanedrinean: «Akabo, LEBera...». Antzeko mezuak bidaltzen jarraitzeko eskatu diote arren adiskideek,superbotere bat duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.