ANALISIA

Ginen, gara, eta izaten jarraituko dugu

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Zabala Gandarias
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Pilotaren mundua batuta mantentzeko interesa», hori izan zen larunbateko bozketa bertan behera uzteko Nazioarteko Pilota Federazioko Batzorde Exekutiboak erabili zuen argumentua. Euskararekin eta hizkuntza eskubideekin gertatu ohi zaiguna ekarri zidan gogora arrazoi horrek: onartzen zaituztegu, are gehiago, zuekin gaude; baina betiere isilik eta bazterreko zaudeten bitartean, ez dugu liskarrik nahi eta. Halako hitzak erabiltzen dituztenak ez dakit kontziente diren zapalduari egiten dioten kalteaz eta zapaltzaileari ematen dioten botereaz.

Aurreko astean iritsi zitzaidan belarrietara Espainiako Pilota Federazioko ordezkariak, larunbateko bozketara begira, gainontzeko federazioetako ordezkarien ezezko botoaren bila jo eta ke zebiltzalako oihartzuna. Ez dakit zurrumurru hori egia izango ote zen, baina zerbaitetan aritu direla argi dago, baita ezkutuko jardun horri etekina atera dietela ere. Beste behin, lortu dute gure herriaren aitortzaz ez hitz egitea, eztabaida hori isiltzea. Hala ere, ukazio gose horrek beren beldurra agerian uzten duela esango nuke; Malala Yousafzai ekintzaile pakistandarrak esan zuen lez: «Isiltzen gaituztenean bakarrik ohartzen gara gure ahotsen garrantziaz». Izan dezagun hori gogoan. Uste baino indar handiagoa dugu.

Era berean, aitortu behar dut Euskadiko Pilota Federazioak erabili zituen lau argudioak ez zitzaizkidala egokiak iruditu, horietako bi, batez ere. Bata, pilota euskal herritarrek «odolean» daramagun zerbait dela; iruditzen zait halako argudio sabindar batek ez duela egun gure herrian dugun aniztasuna inondik inora islatzen, ezta ordezkatzen ere. Tradizioaz ari garenean, odol hitza baztertu egin beharko litzateke. Eta, bestea, Euskal Herria ekonomikoki lurralde «aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa» dela esatea. Hasteko, aurreratua eta modernoa zer den norberak erabakitzea, norbere Europako begirada mendebaldarretik, ez delako, ez objektiboa, ezta zuzena ere. Eta, horrez gain, ahalmen ekonomikoa ez litzatekeelako izan behar herri bati zilegitasuna aitortzeko, herri gisa onartua izateko, faktore bat; horrek joko eta logika kapitalista onartzea eta herri txiki azpiratuen zapalkuntza zuritzea baitakar. Arrazoi horiek berrikusi egin beharko liratekeela uste dut.

Aurrera begira, larunbatean egin behar zen bozketa horrek piztu zuen ilusioari eutsi behar zaio, baita kirol munduan herri gisa batuta egoteko mekanismoak sortu ere. Ez da ahaztu behar, federazioei dagokienez, hirutan banatuta dagoela gure herria; eta horietako batek ofizialtasuna lortzeak, batasun bat mantendu eta gauzak ondo egin ezean, egun herri gisa bizi dugun zatiketa hori handiago bilakatzea ekar lezakeela. Alegia, Euskal Herri osoko kirolariek, Karrantzatik Cortesera eta Cortesetik Eskiulara, askatasunez eta inongo jazarpenik gabe, euskal selekzioan parte hartzeko bidea dela eraiki beharrekoa. Arrastoan gaude.

Herri bat ginen, horregatik diraugu oraindik hemen. Herri bat gara, horregatik nahi dugu gure selekzioa izan. Herri bat izaten jarraituko dugu, ukazio guztien gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.