Ikaragarri gogorra izan da eguna, oso-oso zaila. Hasiera-hasieratik, gainera. Bai, guk gogortu dugu lasterketa amaiera aldera, baina aurretik ere oso bizi ibili gara. Amaieran pena izan da Valverde eta Contador aurrera joan direnean elkar ondo hartu ez izana. Bientzat zen ona ihesaldia, eta ez dakit Albertok [Contador] zergatik ez dion eman erreleborik. Poelsek ez laguntzea normala zen, baina Albertok... Pena horixe daukagu, biak elkarrekin iritsiz gero Valverderena zelako garaipena.
Ez dakit Contador beldurtu egin den Valverderen erasoarekin, larri zihoan, edo zer gertatu den. Baina ez dut ulertzen. Eraso bakarra eta bikaina jo du Alejandrok [Valverde], eta beldurtu egin duela iruditzen zait. Telebistan ikusi berri dugu Aiastian jo duen erasoa, eta oso-oso ona izan da. Motibazioz gainezka dago, oso sasoi onean, eta segundorik irabazi ez badu ere, buruarentzat ona izan da bigarren postua.
Valverdek erasoak horrela jo beharko lituzkeela uste dut: bakarra eta sendoa. Gaitasun harrigarria dauka horretarako, eta pena izan da igoera hain azkar amaitu izana. Gurpilean jarri zaio Alberto, haizeak aurrez aurre jotzen zuen, eta ezin izan du ezer egin. Itzuli honetan oso indartsu dabil Contador bera ere, eta, tira, ea zer gertatzen den.
Contadorrekin harrituta geratu gara, eta amaieran ere antzera. Ez genuen uste Swift gai izango zenik aurrean iristeko, baina erakutsi du egun ona daukanean gai dela horrelako igoerak onenekin egiteko. Dena den, Valverdek esprintean zalantza txiki bat eduki duela uste dut, pare bat segundoan aurrera joan, ez joan geratu da. Eta hortxe galdu du garaipena. Baina oso ondo dago, hori da garrantzitsuena. Guk egin dugu jada gure esku zegoen guztia, eta berari dagokio orain barruan daukan guztia ematea.
Erlojupekoak bi zati argi dauzka. Pedalei gogor eragin beharrekoa da lehenengoa, Gontzagaigana igotzen hasi artekoa. Horregatik, bete-betean ekin behar zaio erlojupekoari. Aulestiraino nahiko jaitsiera azkarra eta teknikoa dago gero, eta errepideak beherako joera dauka Santa Eufemia igotzen hasi artean. Zati hori oso aproposa da garapena mugitzeko. Baina indar pixka bat gordetzea komeni da, gogorra delako azken igoera. 4,5 kilometro dauzka, eta min egin dezake amaiera aldera dagoen ordeka zatiak. Indarrean iritsiz gero, denbora dezente irabaz daiteke hor bizpahiru pinoi jaitsita. Hortik aurrerakoak ez dauka sekreturik: jaitsiera azkarra eta helmuga. Podiumerako nire apustua? Valverde, Contador eta Kwiatkowski.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Erreleboka
Harrituta geratu gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu