mikel reina
HIRUKOTIK

Hazi, baina zelan hasi

2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denboraldi hasierak beti dira garrantzitsuak. Hein handi batean, taldeen etorkizuna eta helburuak zehazten dituzte epe labur edo ertainera. Hasiera on edo txar baten arabera helburuak alda daitezke, eta handiagoak edo txikiagoak izan. Talde bakoitza bere lekuan jartzen du.

Kalitate handiko taldeek ez dute askorik behar martxan jartzeko; badakite haien benetako lehia otsailean hasten dela. Kontrako helburuak dituztenak lana gehiago aurreratzen dute: batetik, hasiera on batek duen garrantziaz jakitun: eta, bestetik, talde handiak ezustean hartzeko aukera gehiago daudelako denboraldi hasieran, oraindik eraikitze lanetan ari direnean.

Lanaren emaitza. Bilbo Basketek, adibidez, arnasa hartu du. Bost partida jokatu ditu ACB ligan, eta lau irabazi ditu, eta bakarra galdu. Etxeko hiru partidetan nagusitu da. Miribilla gotorleku bilakatzea ezinbestekoa da. Etxeko norgehiagokek ezartzen dute hein handi batean taldearen muga, eta horrek zuzeneko eragina du helburuetan. Bizkaitarrek oso ondo baliatu dute lehen aste hauetako atsedena, bihartik aurrera astean bi partida jokatuko baitituzte. Une onean harrapatuko die. Hasiera onak lasaitasuna eta konfiantza eman die; fruitua jasota, orain arteko lanak merezi izan duela ikusi dute.

Egutegi aldaketa du orain Bilbo Basketek. Bihar jokatu du lehen aldiz Europa kopa. Txapelketarik apalena da, baina Europan jokatzeko aukera ematen die. Kontuak aterako zituzten udan, eta balantze ekonomikoa positiboa izango zen. Diru kontuetatik baino gehiago, taldeari eman diezaiokeen zabalkundeagatik da garrantzitsua Europa kopa jokatzea: telebista, hedabideak babesleak erakartzeko. Horrek batzuetan diruak baino gehiago agintzen du. Hasteko, Polonian ariko dira bihar; jarraian, Bartzelonan jokatuko dute igandean. Hurrengo zazpi aurkariak Europako lehiaketaren bat jokatzen ari dira: Bartzelonak, Real Madrilek eta Valentziak, Euroliga; Joventutek, Eurokopa; Unicajak eta Tenerifek, Txapeldunen Liga; eta Zaragozak, Europe kopa.

Orain bai. Dagoeneko talde denak martxan daude. Zelan gainera. Lointek Gernika Bizkaiak etzi ekingo dio zazpigarren urtez jarraian Eurokopako ibilbideari. Lehen jardunaldian, Israelgo Ramat Hasharonen aurkako partida atzeratu eta gero, Lattes Montpellierren kontra izango dute estreinakoa, Malosten. Israelen eta Palestinaren arteko gerrak okerrera egin du. Beraz, Nazioarteko Federazioak erabakiak hartzen hasi beharko du. Lehen partida data barik atzeratuta, Ramat Hasharon azaroaren 1ean da jokatzekoa Malosten. Ez dut uste bi astean inolako etenik edo akordiorik egongo denik hamarkada askotako luzapena duen etengabeko gatazka batean. Errusiako taldeekin egin bezala, Israelgoak kaleratuz gero, D multzoko taldeek erraztasun asko izango dituzte hurrengo fasera igarotzeko. Betiere 20-0ko emaitzak jartzen badiete partida ez jokatzekotan. Hamabi multzoetako zortzi hirugarren talderik onenek egiten dute aurrera.

Baskoniak ere gaur hasiko du denboraldiko beste fase bat. Gaur hasiko da jokatzen astean bitan Euroligan; zortzi jardunaldi izango dira horrelakoak. Behintzat, etxean hasiko da, bidaia luzerik egin gabe. Horiek ere etorriko dira: astebeteko egonaldiak Turkian eta Grezian. Gaur, Pablo Laso itzuliko da Buesa Arenara, Bayern Munichekin. Etzi, berriz, Zalgiris izango da bisitan. Euroliga txapelketa luzea bezain gogorra da, baina kale egiteko tartea askoz txikiagoa da. Hobe da trena garaiz hartzea hurrengoari itxarotea baino. Alemaniarren eta lituaniarren aurkako lehiak garrantzitsuak dira, aurkari zuzenak izan daitezkeelako kanporaketetarako sailkatzeko lehian. Hain zuzen ere, Zalgirisek utzi zuen kanporaketarik gabe Baskonia aurreko denboraldian. Beraz, ACB ligan lortutako emaitzetatik haratago, jokoa hobetu beharko du Arabako taldeak. Bitartean, NBAko taldeek liga hasi aurretik azkeneko kontratu eteteak egingo dituzte. Buesa Arenako bulegoetatik tentuz jarraituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.