Aitor Manterola Garate.
Harmailetatik begira

'Herria eta hizkuntza'

2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herria Athletic, San Mames bihotza. Izate bat ezin daiteke hezur hutsez osa, esan zigun Xalbadorrek. Urteen joanean, Mikel Laboak zabaldu zuen mezua. Herria eta hizkuntza. Euskara eta Euskal Herria. Beste neurri batean, Athletic eta San Mames ere ezin dira bereizi. Izate bera dira. Eta denboraldi honetan gehiago. Ondo ikasi du zelai berriak zaharrak erakutsitakoa ehun urte luzeetan. Babesa eta beroa taldeari eman behar zaizkio. Ez dago mugarik horretan. Athletic, zaleak, jokalariak... horiek dena dira herria; zelaia da bihotza. Taupadaz taupada, bero bezain gozo, herriak ateak itxi zizkion Bartzelona ahaltsuari. Beste talde baten oldarraldia geratu dute. Ez dira pasatuko.Etxea, etxe berria orbanik gabekoa da oraindik.

Lainopean bezala galtzen da Osasuna. .Etxetik at, batez ere. Buruz ikasten ari dira kantua futboleko zale guztiak. Taldea askotan jokalari bat gutxiagoz, ia partida osoan horrela aritu beharra, eta azkenean, jipoia eta porrota. Donostian gertatu zitzaion, Valentzian gertatu zaio... Bestela ere eguzkia non dabilen asmatu ezinda dabil, eta atera kontuak epaileen soka lepoan estutzen badiote zer den Osasuna: hutsaren hurrengoa. Lainopean galduta egoten da halakoetan. Argiaren bila joan beharrean, egon, «aterako da eguzkia» pentsatuz, «gaur ez da aterako», gaineratuz. Biderik okerrena da horixe. Geldirik egonda, beste baten erruaren babesean, inoiz ez du laino beltza gainetik kenduko. Eta ondo beltza dauka inguruan bueltaka: mamuaren itxura daukan hori, Bigarren mailaren iragarki mehatxuz betea egiten duena.

Frantses egina dabil aspaldian Reala. Erabatekoa, gainera. Txuri, urdin eta gorri. Griezmannen gorria. Golak sartu eta golak sartu. Aurrealdean fin, atzealdean langile. Egalité bi aldeetan. Hala behar du, gainera. Horixe du bere lana. Egon izan da ilunago. Orain argi dabil, bizi, azkar. Mexikotik Frantziara joan zaio orain heldulekua Realari. Alboko herrialdetik etorri zaio. Velak aurreko sasoian zuen jarraitutasuna dauka orain Griezmannek. Konfiantzarekin dabil, aske eta eroso, liberté osoarekin sentitzen da, eta normala den bezala, fraternité ari zaizkio adierazten talde aberats batzuk.

Gaztainaren itxurako pagoa azaldu zitzaion Eibarri. Pagoa beti pago, urtaroek arropaz eta itxuraz aldarazi arren. Horixe pentsatzen ariko dira Eibarren oraindik ere. Azaldu zitzaien Mallorca, gaztaina zahar aldaxkak soinean. Lurrean botata, errea eta baztertua. Makina bat ostikada anonimo jasoa bazterretan. Baina Eibar ezustean harrapatu zuen. Bi pago aritu ziren aurrez aurre Ipuruako zelaian, eta bakarra geratu zen zutik: kanpokoa. Etxekoa zutituko da berriz. Ondo tentea delako. Orain, kanpora joatea egokituko zaio, eta larunbatekoa ikasgai ona izan daiteke: gaztainen arropak eraman maletan sartuta, eta baloia jokoan jarri orduko, pagoarena egiten hasi.

Bi lagun eztabai betean. Ostatu batean edo bulego batean. Alavesekoak biak. Bat izan daiteke goi kargudun bat: presidentea edota presidentearen presidentea; eta bestea, bere ardurapeko langilea, baina agintea duena kirol arloan: kirol zuzendaria. Hizpide izan dezakete bien ardurapeko langile bat: katearen azkeneko katebegia. Entrenatzailea, bai. Lanean jarraitzeko aukera eman behar zaion ala ez. Horra eztabaidaren muina eta mamia. Biak dira euskal herritar zintzoak, eta baita entrenatzailea ere. Baina ezin elkar hartu. Ustezkoekin segituz, presidentea erabaki gogorraren aldekoa, kirol zuzendaria denbora gehiago ematearen aldekoa. Alaveseko zalea bien bitartean, entzuten ari da, umore tristean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.