Danel Agirre.
SASKI DA!

Hiruretatik bat, edonor dela ere

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontraste handiegia. Euroligan ezinean agertu da asteotan Baskonia; baina, ACB ligan, 50, 44 eta 33 punturen aldearekin irabazi die azken hiru aurkariei, bitan etxetik kanpo arituta ere. Ondorioa berehalakoa da: Europako bi txapelketa onenen arteko tarteak handitzen behar du, derrigor. Kontrako argudio sendoen faltan, ñabardura parea egitea komeni da, ordea. Burgosen ondo merezita galdu zuten gasteiztarrek; eta jipoitutako hiruretatik bik, Fuenlabradak eta Murtziak, jokalariak entrenatzailearen aurka erdi matxinatuak zituzten. Baskoniaren jardun aldakorrak beste susmo bat ere sor lezake, kezkagarriagoa: taldea nabaritzen hasi dela etxean jokatuko den Lauko Finalerako sailkatu beharraren presioa. Emaitzen lagin handiago batek ezezta beza azken aukera hori datozen asteetan.

Gauero lemazain berria. Bayernen aurkakoan ikusten ari zenarekin ernegatuta, ezezaguna zaion itsualdia azaldu zuen Pedro Martinezek. Bostekoak segida logikorik gabe trukatu zituen, eta duela bi urte bere aulki berean esertzeari uko egin zion Dejan Radonjicen aurkako lehia taktikoan galtzaile izan zen. Azken laurdenean, Toko Xengelia eta Johannes Voigtmann elkarrekin parekatzearekin tematu zenean xahutu zituen bere azken aukerak Baskoniak. Orain arte, partiden hondarrean modu oportunistan baliatu izan ditu piezak Martinezek, askotan aurkaria kontraprogramatuz. Taldeko 11 jokalariek antzeko maila dutenez, eta molde ezberdin askotan osagarriak direnez, konbinazio posibleak ia zenbatezinak dira. Lauko Finaletara iristen diren taldeek, ordea, hierarkia askoz zurrunagoak ezarri ohi dituzte denboraldiak aurrera egin ahala; batez ere, aipatu lehien azken txanpei begira. Luca Vildozaren, Marcelinho Huertasen eta Jayson Grangerren artean bat aukeratu eta erreferentziazko antolatzaile bat finkatzeak ez dirudi ideia txarra, horren haritik. Gauero zuzendari nagusia aldatzen duten txapeldun gutxi izan dira Europako eliteko saskibaloian.

Onena, urduritasun falta. Pedro Martinezek, ordea, oraingoz uko egin dio lidergo zehatzegiak inposatzeari. Luxu hori beretzat nahiko luke Sergio Valdeolmillos Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak. Bere pibot titularra, Vitor Faverani, oraindik saskibaloi jokalaria ote den ez dago oso argi. Ikusteko dago hasierako bostekoko beste bi jokalari, Jorge Gutierrez eta Beqa Burjanadze, zein ekarpen egiteko moduan izango diren ere. Planifikazio ezin kaskarragoaren keria horiek, ordea, meritu handiz gainditu zituen igandean GBCk. Lehiatzeko moduan zeudenek bigarren zatian patxada handia erakutsi zuten. Hori izan zen Kanaria Handiaren aurkakoan ikusi aurrerapauso nabarmenena. Taldea trinko mantentzeaz gain, Gaizka Maiza ACBn ibilbide luzea duten antolatzaileei benetako mina egiten ikustea ere gozamena izan zen.

Bi aste baino lehen, kalera. Sasoiak hamabi egun soilik izan dituen arren, Cleveland Cavaliersek Tyronn Lue kaleratu berri du. LeBron James zuzenduz 2016ko titulua eskuratu zuen entrenatzailea da. Jakina zen hegalekoak Kaliforniara egin eta Cavaliers ohiko kaskarkeriara itzuliko zela. James gabe egin dituen azken hamabi sasoiei erreparatuz gero, 33 lehia irabazi ditu kasurik onenean. Madarikatutako frankizia da, baina deigarria da denboraldia prestatzean azaldu duen utzikeria. Uko egin dio zaharkitutako lantaldea berritzeari. Luek ordaindu du hori, baina NBAn ere kudeatzaile oso kaskarrak falta ez diren erakuslea da. New York Knicks eta Sacramento Kings dira beste bi adibide klasiko.

Berandu, baina garaiz. NBAfenomeno global bat da, eta, hori ulertzeko, ezinbestekoa da David Sternen jarduna aztertzea. Hura izan zen liga zuzendu zuen komisarioa, 1984tik 2014ra. Eragozpen bat izan ohi zuen horrek: gertatukoaren bere bertsioa falta izaten zen ia beti, ez baitzuen gura izaten elkarrizketarik eskaini. Sports Illustrated agerkariko kazetari batekin esertzea onartu du, eta emaitzak benetan merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.