Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Historia pixka bat

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beti komeni da historia pixka bat egitea oraina ulertzeko. Qatar inperio handien esku egon da behinolatik: persiar eta otomandar inperioen menpe hasieran, eta kolonialismoaren menpe geroago.

Dohak eta Londresek 1916an sinatu zuten emirerria britainiar protektoratu bihurtzeko ituna. Al-Thanitarrek, hala ere, monarkia absolutuari eutsi zioten. Segurtasunaren truke, kanpo-politika metropoliaren esku utzi zuten.

Ez zen negoziatzen zuten lehen aldia. 1867an eskualdeko leinu boteretsuenen arteko liskarrak penintsulako ateak ireki zizkion Britainiar Inperioari. Doha suntsituta geratu zen garai hartan. Urtebete geroago, abantaila komertzialen truke, inperioak autonomia eman zion Mohammed ibn al-Thaniri. Akordio horrek herrialdearen etorkizuna eta xekeen dinastiaren norabidea markatu zituen. Penintsulako tribuek hamar urte geroago aitortu zioten agintea leinu hegemoniko horri. Independentzia ia ehun urte geroago iritsiko zen.

Al-Thanitarrak perlaren merkataritzan eta zergen kobrantzaren kudeaketan oinarritu ziren, harik eta egun batez sorionekuak izan ziren arte. Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadan, petrolioa aurkitu zuten. Arabiar Golkoko lehen erreserba handiak 1933an aurkitu zituzten: Dukhaneko kostaldean agertu zen urre beltza. Gero, munduko hirugarren gas-poltsa handiena deskubritu zuten, eta egun gas likidotuaren munduko lehen esportatzailea da.

Mana beltza agertu zenean, 10.000 lagun baino ez ziren bizi Qatarren. Ehun urtean, emirerria hiriburuko etxe orratzen erritmoan hazi da. Horrek zeharo aldatu du ikuspuntua. Behinolako dinastia geopolitika egiten hasi zen, eta munduko potentziekiko aliantzak eginez posizioa indartzea lortu du. Qatar inperio izateko guraria duen herrialde txiki bat da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.