mikel reina
Hirukotik

Hitz egitea

2025eko urriaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez. Ez dut nahi. Ez dut nahi Baskoniaren lehen hiru partida ofizialetako analisi batekin hasi. Ez dut nahi, eta ez dut egingo. Denboraldiaurrea hala moduzkoa izan du Paolo Galbiatik, min hartutako jokalariak zirela eta Europako Txapelketa jokatu zutenak zirela, eta ez dakit prestakuntza lanak kontuan izateko modukoak izan diren. Denboraldiaurrea, akaso, gaur egungoa izan daiteke. Talde handi askok hori egiten dute, prestakuntza luzatu sasoi amaierara hobeto heltzeko.

Aurretik esandakoak

Baina hori gutxi batzuek egin dezakete bakarrik: kalitatea edo fisikoa bakarrik erabiliz oso nagusi izan eta partidak irabazten dituztenek. Hori, Euroligan, adibidez, ezinezkoa da, ez da bideragarria. Edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Emakumezkoena gaur hasiko da. Hemen ere, iazko formatu aldaketarekin, hutsegiteetarako tarte txikia dago. Iaz Espainiako Ohorez Mailako finaletik kanpo geratu ostean, Perfumerias Avenidak ez du Euroliga jokatuko; urte mordoa zeramatzan jarraian txapelketa hori jokatzen. Hemen ere ziklo aldaketa nabaria da. Lehen aipatutako potentziak. Valentziak, Gironak eta Zaragozak jokatuko dute Euroliga. Zaragozak atariko kanporaketan, joaneko partidako 21 punturen aldea irauli zuen ligaxkarako sailkatzeko. Hain zuzen ere, joera on hori baliatu zuten Espainiako Superkopa irabazteko. Hirurak daude ACB ligako taldeen baitan. Azkena Girona izan da: udan egin zuten ofizial bateratzea.

Eurokopa gaur hasiko da. Lointek Gernikak Malosten jokatuko du (20:00, ETB4) Uniao Sportiva Portugalgo taldearen aurka. Talde beraren aurka lortu zuen 2018-2019ko denboraldian lehen aldiz txapelketako kanporaketak jokatzea. Bizkaitarrek ez zuten inolako arazorik izan atariko kanporaketa gainditzeko. Urtebeteko hutsunearen ostean, gogotsu egongo dira zazpi urtez jarraian jokatu zuten lehiaketari ekiteko. Oraindik barruko jokalari sendo barik daude: Cameron Williamsek eta Taylor Jonesek min hartu dute, eta taldea utzi. Estatubatuarrentzako tokia badauka ere, eta ikusteko dago merkatuak zer eskaintzen duen, eta ez hori bakarrik, baita zer preziotan dagoen ere.

Modu batera edo bestera gernikarrek garaipena lortu zuten, luzapenean, Estudiantesen aurka ligako lehen jardunaldian. Nabarmentzekoa da estreinako partidek emandako emaitzak. Hiru euskal taldeen entrenatzaileek ligaren berdintasuna eta gogortasuna nabarmendu zuten joan den astean. Gernikak eta Araskik puntu bakarragatik irabazi zuten. Gasteiztarrek lehen aldiz irabazi zioten Salamancako taldeari. IDK Gipuzkoak ere gorriak eta bi ikusi zituen Gaskan Kanaria Handia mendean hartzeko. Baina Valentziak Ferrolen galdu zuen, eta Zaragozak etxean Joventuten aurka. Hiru partida puntu bakarragatik erabaki ziren, eta beste hiru zortzi puntu edo gutxiagogatik.

Ozen

Hasi berritan ez, amaitzear dagoena WNBA da. Gaur goizaldean jokatuko dute Phoenix Mercuryk eta Las Vegas Acesek finaleko hirugarren partida; aurreneko bietan, Las Vegas Aces 2022ko eta 2023ko txapelduna gailendu da. Lehen aldia da zazpi partidatara jokatzen dela finala. Baina ikusteko dagoena da hurrengo urtean finalik egongo ote den. Aurten amaitzen da hitzarmen kolektiboa, eta hura berritzeko aukera gero eta urrunago nago. Napheesa Collierrek, jokalarien artean ikur nagusietakoak direnetako batek, Cathy Engelbert zuzendariaren aurka jo zuen finaletatik kanpo geratu ostean. Caitlin Clarkek berak ere aitortu zuen: «Ligaren historiaren momentu garrantzitsuenetako baten aurrean gaude».

Urriaren 31ra arte dute negoziazio epea, eta akordioa ez dago hurbil. NBAn lau greba egin dituzte historian: 1995ean , 1996an, 1998-1999 artean, eta 2011n. Ikusteko dago WNBAko lehendabizikoa egingo ote duten. Ligaren garapena, batez ere telebista akordio berria sinatu zutenetik 60 milioi dolarretik 200 milioira, ez dator bat jokalarien soldatekin. Urte askoan Europara etorri izan dira bertan diru gehiago irabazten zutelako. Clark bezalako jokalariek, sare sozialen bidez batik bat, ligaren ikusle eta jarraitzaile kopurua biderkatu egin dute. Eta hemen bai, horren inguruan hitz egin beharra dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.