'LUGAÑENE' BASERRITIK

Ilusioa

Ane Sanchez Goyogana
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Batzuek denboraldia amaitua dute; beste batzuk buru-belarri kanporaketak prestatzen ari dira, eta hainbeste arraunlariren artean, gutxi batzuk gara Kontxan jarduteko pribilegioa dugunak. Amets bat izan ohi da Kontxako estropadan aritzea. Bertara gerturatzen den jende mordoak, koloreek, musikak eta sortzen den giroak egiten dute berezi. Denboraldia hasten denean gorriz nabarmentzen dugun data izaten da, eta zale askok ere hala egiten du urtero.

Liga amaitu eta sailkatze estropadara bitartean lan eta lan aritu gara guztiok. Pandemiak sailkatze estropadak guztiz aldatu ditu, giroa eta xarma apur bat galduz. Igandeetan, aldiz, zale askok jarraitzen du goizean goiz jaiki, eta Donostiara joaten giroaz gozatzeko.

Lehen igandea pasatu da, urduritasunak eta zalantzak bertan geratu dira, eta bigarren iganderako lehia estu eta bizia izango da bi kategorietan. Inoiz izandako lehiatuena, eta garaile izateko hautagai ugarien dituena. Ezustean, inoren ahotan entzuten ez zen talde batek faboritoei aurre hartu die, emozioa areagotuz. Hori da Kontxa, ezustekoekin helmugaratzean tripetan sortzen diren kilimak. Baita arraunlariak lehorreratzean barruak mugitzen dituzten malko, irribarre eta besarkadak bizitzea.

Taldeak urtez urte aldatu egiten dira, eta leloak edo indarra ematen duten esaldiak ere berrituz joaten dira. Bada gurean duela urte batzuk erabiltzen zen bat: «Ilusioak garamatza ametsak betetzeko bidera». Igandean zortzi talde izango dira kategoria banatan, ilusioz gainezka, ametsak eta garaipena borrokatzen, ikuskizun paregabea eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.