Astebete izan da bakarrik, baina luze egin da. Batez ere, kontuan hartuta, berez, Euroligako faserik onena bakarrik falta dela jokatzeko: Lauko Finala, Abu Dhabin. Hainbeste hilabete luzez itxaroten egon garen asteburua. Ostiralean finalaurrekoak izango dira: 17:00etan Fenerbahce eta Panathinaikos ariko dira, eta, 20:00etan, Olympiakos eta Monako. Irabazleek igandean jokatuko dute finala, 19:00etan.
Zuriketak
Hain zuzen ere, liga erregularreko lau talderik onenak ariko dira Lauko Finalean. Sailkapenean gorabeherak egon badira ere, azkenean udan inbertsio handienak egin dituzten taldeak sailkatu dira. Ez da kasualitatea, ezta inondik inora ere. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi da egoitza. Herrialde horrek bere burua zuritzeko beste ahalegin bat da. Lauko Finala jokatuko den pabiloiak dagoeneko NBAko lagunarteko bat hartu du. Diruaz hitz eginda, toki gutxitan dago han baino gehiago. Taloitegi hutsez egiten dute lan. Zuriketak egiteko tokia.
Iazko Lauko Finalarekin alderatuta, hiru taldek jokatuko dute berriro: Monako sartu da Real Madrilen lekuan. Hau da, ez da ACB ligako talderik egongo Lauko Finalean 2003-2004ko denboraldiaz geroztik lehen aldiz. Berriko Lauko Finalean izango direnetako bat Saras Jasikevicius da: azken zazpi urteetan sei aldiz heldu da azken fasera entrenatzaile lituaniarra, hiru talde desberdinekin gainera. Hori bai, oraindik ez du entrenatzaile bezala garaikurra irabazi. Hori nahi du lortu.
Estilo desberdinak
Scotie Wilbekinen lesio larriari aurre egin dio Fenerbachek. Entrenatzaileak Bartzelonan izan zuen Nigel Hayes-Daviseri zukua atera dio. Gainera, lituaniarra gai izan da pieza oso desberdinak muntatzeko. Wade Baldwinen kasua da argiena, baina baita Biberovic, Colson edota McCollumena ere. Talde konplexuak dira Jasikeviciusenak, sistematikoak eta ordena handikoak; adibidez, hegalekoek poste baxuko jokoa asko bilatzen dute. Panathinaikos, ordea, talde desberdina da. Ergin Atamanek bigarren urtez jarraian irabazi nahi du garaikurra, Anadolu Efesekin lortu zituen bezala. Turkiarrak sistema sinpleagoak lantzen ditu, jokalarien talentuaren esku uzten du jokoa askotan. Batzuetan hori da zailena, gauza sinpleak ondo egitea, xehetasuna zainduz. Kendrick Nunn, Kostas Sloukas edota Cedi Osman bezalako jokalariekin errazagoa da hori egitea. Greziarraren 11. Lauko Finala da, bosgarren aldiz irabazi dezake, inork baino gehiago mende honetan. Lanerako ditu Juancho Hernangomez, Ioannis Papapetru edota Tibor Pleiss. Ikusteko dago Mathias Lessortek jokatuko duen; entrenatzen hasia omen da.
Vasillis Spanulisek ere asko jokatu du, baita irabazi ere, baina bere lehendabizikoa izango da entrenatzaile bezala. Talentua eta ahalmen fisiko handia uztartzen duen taldea da Monako. Mike Jamesen gidaritzapean, inbertsioari etekina atera nahi diote. Hauek udan bakarrik ez, udaberrian ere dirua sartu dutelako. Daniel Theisen fitxaketa aldeak ezartzeko modukoa delako. Partida berezia izango da entrenatzailearentzat, bere Olympiakos kutuna izango baitu aurrean. Hauek ere Saxa Vezenkov eta Evan Fournier baino askoz gehiago dira. Georgios Bartzokasek ez du bere jokamoldea aldatu; behar duten baloia ematen die, ez gehiago. Batez ere, bulgariarrak bote gutxi behar izaten ditu puntuak sartzeko. Hori talde lanari esker da; baloi mugimendu etengabea dute greziarrek, jaurtiketarik onena aurkitu arte. Lauko Finala zabalik dago. Olympiakos da hautagai nagusia, baina ezin daiteke ezer ziurtatu.
Inoiz ez ikusitakoa
Benetan zabalik dagoena NBA da. Aurten ere txapeldun berria egongo da; azken sei urteetan desberdina izan da. Are gehiago, inoiz ez ikusitako finalak izango dira. Pacers-Knicks eta Thunder-Timberwolves. Lau taldeen artean ez dute azken 45 urteetan eraztuna irabazi. Minnesotan, adibidez, inoiz ez; beste batzuek ABA zegoenean bai baina NBAn ez. Knicks moduko talde historiko batek 25 zeramatzan konferentziako finaletara heldu barik. Horrenbestez, ikustekoak izan daitezke kanporaketak. Aurten, gainera, edozer gerta daiteke, orain arteko bilakaera ikusita.