Astebetek askotarako ematen du. Baten batek oraindik ametsetan jarraituko du. Besteren batek oraindik ospakizunetan segituko du. Baina bai, Bilbo Basket Europako Kopako txapeldun da. Zazpi egunen ostean, ordea, hausnarketa bat egiteko tartea ere bada. Zer gertatu den mila aldiz esan delako. Nola gertatu den ere garrantzitsua da. Baina ez naiz Greziako partidari buruz ari. Sakonago joan beharra dago.
Egurra
Hasteko, bi izen nabarmendu nahiko nituzke. Merezi baino lore gutxiago jasotzen dituzten bi pertsona dira. Aitzitik, egurra jasotzen dute askotan, sutea sortu nahian. Itzalpean egiten dute lan biek ala biek: Rafa Pueyok eta Jaume Ponsarnauk. Lehendabizikoak 2017-2018 denboraldian eman zuen bulegoetarako jauzia, aulkiak alde batera utzi eta gero. Hala ere, ez dut uste hori inoiz gertatzen denik, entrenatzailea beti delako entrenatzaile. Eta, hala ere, badaude entrenatzaile direla uste dutenak; asteburuero kantxetan ikus ditzakezu. Bilbotarra izanik, inor gutxik baino hobeto ezagutzen du kluba Pueyok. Badakizki mugak, eta horietara ezin hobeto egokitzen da. Hori da bere ezaugarririk egokiena. Horregatik, bestelako merkatuak aztertzen ditu, eta ahal dituen jokalariak erakarri: Alemaniako, Lituaniako eta Espainiako Urrezko LEB ligakoak, adibidez. Gainera, Bilbo Basket beste jauzi bat emateko taldea izanik, lortu du, behintzat, bi urterako kontratuak sinatzea. Orain Melwin Pantzar edo Thijs de Ridder dena emanda atera daitezke.
Partidak jokalariek jokatzen dituzte, baina atzetik ere lan handia dago. Ponsarnauren irudiaren inguruan hainbatetan hitz egin da. Lasaiegia da, isilegia, nortasunik gabekoa... baina emaitzak hor daude. Ezin zaio askoz gehiagorik eskatu. Hori izan delako bere dohainik onena, jakin badakielako non dagoen, eta batez ere zein den helburu nagusia. Finalera arte ausartuko nintzateke esatera ACB liga une oro helburuetan aurretik egon dela. Ahal izan duen bakoitzean esan du hori. Badaki zerk ematen dion jatekoa, zer den benetan garrantzitsua. Bere lantaldearen garrantzia ere nabarmentzekoa da; alde taktiko, fisiko eta emozionaletik, asko dago kudeatzeko.
Jauzia
Hori izan baita gakoetako bat. Europako Kopako lehen faseak maila oso baxua dauka. Bilbo Basketeko jokalari gazteenek ezin hobeto baliatu dituzte izan dituzten aukerak. Hori bilatu nahi izan zuten udan, eta udazkenean martxan jarri. Pueyoren eta Ponsarnauren aldeko elkarlana da. Ruben Dominguezen edo Amar Syllaren moduko jokalariek ohi baino minutu gehiago izan dituzte aste barruan, eta haien garapenerako funtsezkoa izan da. Konfiantza hartu dute, akats egiteko tartea izan dute; hau da, ikasi egin dute. Bassalla Bagayoko lesiotik oraindik erritmoa hartzen ari zelako, bestela hark ere jokatuko zuen. Gainera, aurrerapauso horiek gero ACB ligako jardunaldietan erakusteko gai izan dira, nahiz eta gutxiago jokatu.
Azken batean, Europak bestelako erakusleiho bat eskaintzen dizu. Zalantza asko izan dira inguruan, Europako txapelketak jokatzea merezi zuen edo ez. Klubaren barnean une oro argi izan dute. Dena ez delako kirol arloa, badaudelako hedabideak edo babesleak, eta haiek ere babestu beharra dagoelako. Kontua da lehiaketari zelan egiten diozun aurre. Fitxaketak egiterakoan ere amu ona da Europan jokatzea, guztiek nahi dituztelako astean bi partida jokatu entrenatu beharrean.
Infernu bakarra
Ez dago 25. urteurrena borobiltzeko modu hoberik Europako lehen garaikurra irabaztea baino. Hori bai, ez da atzean geratzen 2018-2019 denboraldiko Urrezko LEB Ligakoa; nire ustez, bereziki garrantzitsua izan zen. Asko direlako maila galdu eta hain liga lehiakorrean urteak ematen dituztenak igoera lortu barik. Bizkaitarrek lehendabizikoan lortu zuten, non eta etxean.
Bidea bereziki garrantzitsua da. 2013an Charleroin ia zerua ukitu ostean, bilbotarrak infernura jaitsi ziren, eta ez Miribillakora. Horregatik, akatsetatik ikasi beharra dago, eta oinak lurrean izan. Alde horretatik, zuzendaritza taldeak arlo ekonomikoa ere landuagoa dauka, ez litzateke arriskurik egon behar.
Infernue ezagutu zendun,
bizixek ihes egin eutsun,
urrundu egin zinen, eta orain
zutunik nago,
zuri lorak eskeintzen.