Nerea Zusberro Alberro.
Kazetaria eta entrenatzailea

Inoiz baino faboritoago

2024ko apirilaren 5a
05:20
Entzun

Athleticek ohiko bihurtu du ohiz kanpokoa dena. Aurten ere Espainiako Kopako finalean izango da, seigarrenez 2009-2010eko denboralditik. 1984tik lortu ez duten titulua irabazteko, Mallorca garaitu beharko du. Mallorcak Girona kanporatu zuen final-laurdenetan, eta Reala finalerdietan. Bi kasuetan, ez zen istripu bat izan, ezta kasualitatea ere. Mallorca talde deseroso eta zekena da. Zakarra, lehiakorra eta ausarta ere bada. Javier Aguirreren jokalariak gai dira ustezko gabeziak bertute bihurtzeko. Gainera, Mallorcak, futbolaz haratago, tresna emozional indartsua izango du final honetan: Athleticek ez bezala, ez dute ezer galtzeko.

Rol erreaktiboa

Zalantzarik gabe, Mallorcak uko egingo dio baloi jabetzari, eta erdi-beheko blokean ezarriko da. Aguirreren taldea ohituta dago zonako defentsa lanetan moldatzera, euren aukeraren zain dauden bitartean. Ohikoa duen 1-5-3-2 sistemarekin, jokalari kopuruari dagokionez aurkariak lor ditzakeen nagusitasunak saihesten espezialistak dira; zelaiko eremu guztietan, gainera. Defentsa lerroaren bizkarrean uzten duen espazioa ondo kudeatzen ere ahaleginduko da, Athleticek korrika egin ez dezan. Beraz, nola sor ditzake Athleticek abantailak atzean sartuko den bloke baten aurrean? Hor egongo da gakoa.

Guruzeta berdintasuna hausteko

Nahiz eta zuri-gorrien indargune nagusia oraindik ere kontraerasoan egon, joan den denboraldiarekin alderatuta, nabarmen hobetu dute eraso posizionalak egiteko gaitasuna. Eraso horien egile nagusietako bi, zalantzarik gabe,  Iñigo Ruiz de Galarreta eta Gorka Guruzeta dira. Lehenengoak, zuri-gorriek zelai erdian bi euskarrirekin jokatzeko zuten ohitura hautsi du. Mallorcako jokalari ohia bigarren altuera batean kokatzen da euskarriarekiko, eta erasoak sortzeko lanak bere gain hartzen ditu. Horrek sormenetik aldendu du Sancet, baina jaurtiketa edo erremate gehiago gehiago egitea ahalbidetu dio.

Guruzeta, bestalde, nahiz eta Katedralak betidanik gustuko duen aurrelariaren profila ez eduki, ezin hobea da talde honentzat. Asko laguntzen du, eta zelai erdirantz egingo dituen mugimenduak ezinbestekoak izango dira bertan egongo den hiru hiruren aurkako berdintasuna hausteko. Baita Mallorcaren defentsa lerroa apur bat ateratzeko ere; edo, behintzat, haren erdiko atzelariei zalantza sortzeko. Guruzetaren lan horrek hobeak egiten ditu Williams anaiak.


Williams anaien bidez banakako abantailak bilatzen

Mallorcaren helburu nagusietako bat Williams anaien buruz burukoak saihestea izango da. Horretarako, ustez barruko erdilariak izango diren Dani Rodríguez eta Antonio Sanchez De Marcosen eta Yuriren aurrean egingo dute lan. Haiek izango dira lehen oztopoa Nicoren eta Iñakiren kontra, bi baten aurkako egoera mantentze aldera, bizkarrean alboetako zentralak dituztela. Beraz, Athletic Mallorcaren areara gerturatzen denean, Nicok, eta batez ere iñakik, posizioa itxi beharko dute, nagusi izango den eta oso atzean egongo den bloke bati min egiteko. Ander Barrenetxeak halaxe egin zuen Realarekin, eta partidako jokalari onenetakoa izan zen. Desmarkatzeko mugimendu motzak eginez, barruko korridoreetatik sartu zen. Kanpotik sakontasuna hegalek emango dute, horrek dakarren arriskuarekin.

Aurrelarien eta erdiko atzelarien arteko lehiak

Geldikako jokaldiak alde batera utzita, Mallorcaren aukerarik garbienak kontraerasoan iritsiko dira. Horretarako, haien bi aurrelariak Vivianekin eta Paredesekin parekatuko dira, banakako lehien bila. Bikote zuri-gorria denboraldiko onenetakoa izaten ari da, baina sufritu egiten du lekutik ateratzen zaionean. Beraz, partida honetan Unai Simonen atetik metro askotara hartu beharko du esku. Dani Rodriguezek De Marcosen bizkarrean bilatuko duen progresioa ere zaindu beharko dute zuri-gorriek.

Athleticek txapelketarekin duen harreman berezia ukaezina da, baina final honek badu zerbait ezberdina: inoiz ez dira hain faborito izan garaikurra altxatzeko. Hori izango da kudeatu beharreko benetako erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.