Joerak etengabeak dira gaur egungo gizartean. Jende asko horien arabera mugitzen da. Duela ez asko joera horietako bat zen —izan zen— joeretatik kanpo aritzea, bestelakoa izatea, bakarra. Kontrako norabidean aritzea. Gizartearen aldaerak ikusita, joerek indar handia daukate, eta egunerokoan mantentzeko ezinbestekoa da horien parte izatea.
Oinarriaren ezagutza
Saskibaloian indarra hartzen doan joera horietako bat ondorengoa da: 3x3 diziplina. Bilbon jokatu da zirkuituko probetako bat, eta adin guztientzako txapelketak antolatu dituzte. Kaleko saskibaloia berreskuratzeko saiakera bat da, eta egiari zor, eguraldiak— batez ere larunbatean— gehiegi lagundu ez bazuen ere, giro bikaina egon zen. Gainera, Bilbo Basketen nesken zein mutiletan 3x3 taldeak aurkeztu zituzten. Modu hoberik ez dago horretarako: lehen txapelketa etxean jokatzea. Gainera, bi kategorietan nagusitu ziren. Gero eta talde profesional gehiagok egiten dute modalitate horren aldeko apustua: Gipuzkoa Basketek, Gironak eta Valentzia Basketek, besteak beste.
Hori gutxi ez, eta dagoeneko badaude jokalariak saskibaloi klasikoa alde batera utzi eta diziplina horretan bidea egin nahi dutenak: adibidez, Gracia Alonso de Armiño bilbotarrak. Iragan astean Gernikako jokalari ohi batek egin zuen urrats hori: Sandra Ygueravidek. 5X5 saskibaloia alde batera utzi, eta 3X3 diziplinan jarraituko du lehiatzen; eta gehiago etorriko direlakoan nago. Izan ere, indarra hartzen ari den modalitate bat da.
Gainera, azkenaldian, urte osoan zehar jokatzen dira txapelketak. Oraindik ere gehienak uda sasoian jokatzen badira ere, badira zirkuituak, txapelketak, urte osoko egutegia dutenak. Jokalari asko daude, batez ere emakumezkoetan, horrelako txapelketak entrenamendu modura jokatzen dituztenak. Hilabete gutxiago lehiatzen direnez, ohiko entrenamenduetatik at, bestelako aukerak bilatzen dituzte. Beste jokalari batzuk Mexiko ligara joaten dira. Liga hori ekainetik abuztura jokatzen da. Mongolia da herrialderik indartsuenetako bat 3X3 diziplinako Munduko Zirkuituan. Aspalditik ari dira modalitate hori lantzen. Entrenamendu saio bereziak egiten dituzte, besteak beste.
'Vintage'
Baten batek pentsa dezake hautu hori egiten dutela kantxa osoko saskibaloia baino leunagoa delako; ezta gutxiago ere. Kantxa erdira jokatzen da, agian korrika gutxiago egiten duzu alde batetik bestera... Baina atseden bako partidak dira. Denbora gutxian mugimendu asko egin behar dira. Hori dela eta, aldaketak baloia geratzen den bakoitzean egiten dira. Horrez gain, epaileek askoz kontaktu gehiago egotea uzten dute, kaleko partida horiek berdindu nahian.
Hori da horrelako joerekin gertatzen dena: benetan garrantzitsua dena alde batera uzten da. Horrelako diziplinak buruz buruko jokaldietatik jaio ziren, eta batez ere Ameriketako Estatu Batuetako hiri handietako kaleko parkeetan ikusten ziren. Bi jokalari, baloi bat eta helburu bakar bat: aurkaria umiliatzea. Bai, hori zelako helburu nagusia. Esentzia hori galdu egin da. Gaur egun inprobisaziotik gutxi dauka 3x3 diziplinak. Etengabeko jokaldiak ikusten dira profesionalen artean. Jokalari horiek eredu dira, eta gazteek batez ere haiei erreparatzen diete. Jokaldi laburrak dira, espazioak ere bestelakoak dira, baina hala eta guztiz ere sistemak dira. Une bakoitzean batzuk edo besteak jokatzen dira.
Buruz buruko jokaldietatik abantaila sortzeko gaitasun hori atzean geratu da: erabakia berehala hartzeko gaitasun hori, jokalari bati baloia eman eta ezer gabe uztairako bidea aurkitzeko gai izatea. Horiek ere joerak izango ote dira. Kontuak kontu, beste hainbat gauzarekin gertatu den bezala, horrelakoak ere aspaldikoak dira, vintage-ak. Saskibaloiaren oinarrizko gauzak dira, baina bestelako aldaera batzuekin, gaurkotuak. Azken batean, bizitza eta tendentziak etengabeko mugimendu ziklikoak dira.