mikel reina
Hirukotik

Jolas parkeak

2025eko ekainaren 10a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasierak dauden bezala, amaierak ere badaude. Amaiera horiek askotarikoak izan daitezke. Gorenean ari diren saskibaloiko euskal taldeentzat, amaitu da denboraldia. Batzuen arabera, nahi baino lehenago bukatu da, baina esango nuke azkenean espero baino apur bat gehiago luzatu dela. Urteak zerbait badu, zera du: luzea dela. Gainera, gorabehera asko izaten ditu. Baskoniako marketin edo komunikazio arduradunei esan diezaietela bestela. Jolas parke bat bezala irudikatu zuten denboraldia.

Norabideak

Baskoniarenak zati gehiago izan ditu goranzkoak, beheranzkoak baino. Normalean goranzkoak astunenak izaten dira; beheranzkoak, berriz, emozio eta adrenalina handiena dutenak. Halakoa izan da, beraz, Pablo Lasok arabarren aulkian egin duen lehen denboraldia: gorabeheratsua. Taldeak ez du orekarik izan. Aste, egun, partida, laurden bakoitzean onena eta txarrena batzeko gai izan da. Denboraldia nola joan den kontuan hartuta, zalantza gutxi daude: Josean Kerejetak entrenatzailea kenduko zuen 2024a amaitu baino lehen. Baina ez zen hala izan. Lasoren inguruan proiektu bat eratzeko asmoa dago, behintzat. Ez dago beste aukerarik, nahiz eta lehen denboraldian oso urrun egon den zeuden aurreikuspenetatik: ez zen sailkatu Espainiako Koparako; Euroligan, Play-In kanporaketak jokatzetik urrun geratu zen; eta ACB ligan, azken orduan sailkatu zen kanporaketetarako.

Horrez gain, sentipenak ere ez dira onak izan. Zaleak emaitza onak nahi eta espero ditu, baina baita taldearekin bat egiteko arrazoiak ere. Denboraldi honetan, ordea, partida bakan batzuetan baino ez ditu eman. Baskoniari maiz geratu zaio ondorengoa denboraldi honetan: partida oso txarto hasi, markagailuan oso atzean egon, hurbiltzeko gaitasuna erakutsi, baina azken minutuetan, egindako ahalegina tarteko, puntu gutxiren aldeaz galtzea.

Baskonia ezin daiteke urrezko garai haietatik bizi: eguneratu beharra dauka. Lehengoak orain ez du balio, zaharkituta geratu da. Are gehiago datorren denboraldian. Euroligan beste bi talde lehiatuko dira; beraz, beste lau jardunaldi jokatu beharko ditu. Horrenbestez, lehiakor izan nahi badu, hausnartu egin beharko du azken denboraldietan bi txapelketetan lehiakor izateko izan dituen arazoen inguruan.

Jauziak

Europako saskibaloia beste astindu bat hartzen ari da. NBArena bakarrik ez,  NCAAren mehatxua ere handia da. Egun, unibertsitateek eta babesleek aukera dute jokalari gazteei ordaintzeko; orain arte, legez, ezin zuten. Bada, badakigu nolakoak diren diru kontuetan Ameriketako Estatu Batuetan. Hori dela eta, hainbat jokalarik NCAAn jokatzeko urratsa egingo dute: Bilbo Basketeko Ruben Dominguezek, adibidez. Dagoeneko ez da ikasketak eta saskibaloia uztartzea izango bakarrik: dirua ere jasoko dute.

Jokalari gazteek ahal bezain laster egingo dute alde, NCAA merkaturik onena baita noizbait NBAn jokatu nahi dutenentzat. Amets horri eusten diotenentzat behintzat, bai. Eta taldeek lortu beharko dutena zera da: bueltatzen direnerako prest egotea. Harrobitik ateratako jokalarien eskubideei eutsi egingo diete, itzultzen direnean fitxatzeko lehentasuna izateko. 

Lehenago alde egingo dute, baina lehenago itzuliko dira. Zelan itzultzen diren izango da kontua. Jokoari eta lehiari dagokienez, ezin daiteke alderaketarik egin Europako liga eta txapelketekin. Azpiegitura eta baliabide hobeak izango dituzte AEBetan. Baina jokoari eta lehiari dagokienez oso bestelakoak dira kontuak. Baina gaur egungo munduan diruak agintzen du; beraz, ez dago besterik. Onartu beharreko zerbait da, eta, ondorioz, egokitu beharra dago. Biziraupen kontua da. Ondoen eta arinen egokitzen denak asko edukiko du irabazita.

Horregatik, alde batetik, Baskonia arriskatzera eta betiko apustuak egitera behartuta dago. Baina orain gazteen profila oso bestelakoa da, eta asmatu beharra dago. Hori izango da gakoa. Bilbo Basketek ere bestelako jokalari gazteak erakarri nahiko ditu, Bassala Bagayokorekin egin bezala. Jolas parkera joateko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.