Danel Agirre.
SASKI DA!

Kalamua, drogei aurre egiteko

2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Minez nola bizi. Golden State Warriorseko entrenatzaileak, Steve Kerrek, bizkarra porru egina du. Sufrikarioa arintzeko operatzea erabaki, eta okerrera egin zuen bere osasunak duela bi urte. Migrainak —eta beste hainbat lazeria— direla eta, ohetik altxatu gabe eman ditu bolada luzeak ordutik. Lantaldeak barneratua du bere gorputzaldiak aginduta falta den bakoitzean Mike Brown laguntzaileari jaramon egitea tokatzen dela. Denboraldi honetan, aurreko bietan baino bizkorrago dabil Kerr. Sendagileek tratamendu berriren batekin asmatu ote duten galdetu ziotenean, marihuanaren aldeko berbaldi mamitsu batekin erantzun zuen jokalari eta entrenatzaile moduan NBAko txapeldun izandakoak. Kerren aburuz, bada garaia ligak kalamua galarazitako produktuen zerrendatik atera dezan, eta jokalariek analgesiko moduan erabil dezaten, berak bezala. Aspalditik zabalduta dauden alternatibak askoz arriskutsuagoak direlako, ezer bainoago.

Giltzurrun transplanteak. «Vicodin, Oxycontin, Percocet... Oso droga itsusiak dira. Menpekotasuna sortzen dute, epe luzera albo-ondorio beldurgarriak. Eta atletei ardura gabe banatzen zaizkie», arrazoitu zuen Kerrek. Painkiller delakoak —Michael Jackson edo Princen hil zituzten horiek— inon baino bortitzagoak dira AEBetan. Orain gutxi arte, medikuaren errezetarik gabe eta merke asko eskuratu ahal izan ziren estatu gehienetan. Egunero dozenaka pilula irenstera ailegatu dira milioika zonbi, osasun epidemia lehertu arte. Futbol amerikarrean eta NBAn ere barra-barra kontsumitu izan dira Vicodin, Oxycontin edo Percocet, baita kirol gehienetan galarazita dauden kortisona injekzioak ere. Brett Favre quarterback ezagunak egunean hogei Vicodin hartzera iritsi zela aitortu zuen. Eta jokalari talde batek NFL auzitara eraman berri du, taldeko medikuak bultzatuta painkiller delakoekin hasi eta menpekotasun larriak garatu zituztelako. NBAko profesionalen artean, Alonzo Mourning eta Sean Elliotti oso denbora gutxian giltzurrun transplanteak egin ondoren, psikosia zabaldu zen aurreko hamarkada hasieran. Shaquille O'Nealek, Mourningek bezala, sasoiak zeramatzan analgesiko bortitzenak egunero erabiltzen. Ikaratuta, guztiak utzi zituen.

Mina, injekzioa, kito. Painkiller gehienak, teorian, galaraziak ditu NBAk. Medikuek, ordea, baimen bereziak eskura ditzakete pilulak atletei banatzeko. Kerri babesa azaldu, eta jokalarien errutina nolakoa den zehaztu berri du Draymond Green Warriorseko hegal-pibotak: «Minez mugitu ezinik egon zintezke, eta Vicodin ematen dizute, edo Toradol injekzioa ipini, eta jokatzen hasi eta ez duzu ezertxo ere sentitzen, primeran zaude. Epe luzera begira ona al da hori?». Marihuanaz askorik ez dakiela onartu du Greenek. Baina lesioei eta egutegi kriminalari aurre egiteko metodo berri eta adeitsuagoak probatzearen alde azaldu da. Al Harrington jokalari ohiak belauna ia tolestu ezinik hartu zuen erretiroa. Marihuanari esker bere bizi kalitateak nabarmen hobera egin, eta kanpaina abiatu du, NBAk kalamua debekatutako sustantzien zerrendatik atera dezan. David Stern komisionatu ohia konbentzitu du, besteak beste.

Trukoa du, eta berdin zaigu. NBAk ez du Dopinaren Aurkako Munduko Kodea betetzen, eta pasaporte biologikoa ezartzetik urrun dago oraindik. Giza hazkundearen hormona kontrolatzen hastekotan zela iragarri zuen duela bi urte, baina halakorik egiten ari den jakiterik ez dago. George Karl entrenatzaile ohiak ligak «dopinaren arazo larria» duela idatzi berri du bere autobiografian. Eta Kobe Bryant zeharka salatzeko aprobetxatu, Peter Wehling sendagilearen Alemaniako klinikan egin ohi zituen egonaldiak aitzakia hartuta. Nahierara diseinatutako dopinaren aurkako politikak direla eta, NBA trukodun ikuskizuna denaren susmoa ez dago uxatzerik. Mundu osoko zaleei iruzur egitea larria da. Are etsigarriagoa da, ordea, showa geratu ez dadin atletak Oxycontin modukoen jonki bihurtzen dituztela jakin, eta mundu osoko zaleei piperrik ez zaigula axola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.