Danel Agirre.
Saski da!

Kerejetaren bi botilak

2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gaixoarekin, sentibera. Denboraldiaren abioan izandako eragozpenen zerrenda amaiezinean, bada Gasteizen egonezin berezia sortu duen gertakari bat. Izan ere, Fabien Causeurren giltzurruneko gaitzaren inguruan zabaldu den informazio urria ez da inola ere lasaigarria. Eta Josean Kerejetari Baskoniako presidente gisa unerik garratzenetakoa igarotzen ari dela entzutea, are gutxiago. Beharrezkoak diren azterketa guztiak egin ditzan laguntzen ari zaio frantziarrari kluba, bere egoera ahal den modu zuhurrenean kudeatuta. Orain lehentasuna ez da Causeurren ibilbide profesionala 26 urterekin amaitu den ala ez jakitea, ikaratuta behar duen gazte bat lasaitzea baizik.

Gaixoarekin, zorrotz. Antzeko kontu bat kudeatu behar izan zuen azkeneko aldian, duela ia hogei urte, Baskoniak ez zuen, ordea, egungo adeitasunik erakutsi. 1995ean, Pablo Laso Madrilera joan berritan, David Salak hartu zuen Gasteizen lemazain rola. Ardura itzelezkoak antolatzailea gainditu, eta hiru partida igarota, depresioagatik gaixo-agiria hartu zuen, taldeari abisurik eman gabe. Isun handia jarri zion, hasteko, Kerejetak, eta gogor kritikatu ondoren. Salak, hilabete batzuk geroago, kluba utzi zuen, elastiko zuria beste behin jantzi gabe, hiru urterako kontratua eteteagatik kalte-ordaina jasota. Jordi Millerak bete zuen haren tokia, eta Errekopa poltsikoratu zuen udaberrian, PAOKen aurka. Salak handik gutxira hartu zuen erretiroa, modu ezin anonimoagoan, eta Leongo Elosuan ikusitako jokalari elektrikoaren zirriborroa ezerezean geratu zen.

Rolak trukatuta. Aurten ere baditu arazoak Baskoniak bere orkestra zuzendariekin. Joan den denboraldian bezala, Heurtelek aldez aurretik ezarritako hierarkia irauli, eta hasierako bostekoan aritzeko fitxatutako taldekidea eseri du. Hein batean, oso txukun ari delako, baina baita Hodgeri ezina antzeman izan zaiolako ere. Gabezia nabariekin batera, baditu Heurtelek entrenatzeko oso zailak diren berezko bi dohain. Bakarrik geratu den hurkoari asistentzia banatzeko erraztasuna, bat. Eta baloiak eskuak kiskaltzen dituen une erabakigarrietan emankor azaltzea, bestea. Azken hiru minutuetan beti kantxan behar duen plazagizona da.

Raulen ordu estrak. Haietaz gehiago espero bada ere, Gasteizen badute antolatzaile parea. Bilbon ezin dute gauza bera esan. Altxortegia dardarka ez balego, Raul Lopezek soldata bikoiztea eskatuko luke, biren lana egiten ari delako. Udako plangintzaren arabera, Grimauk behar zuen haren ordezko, baina hilabete bat nahikoa izan da esperimentua ausartegia zela egiaztatzeko. Lleidan 1 bezala Supermanagerra hankaz gora jarri zuen ilehoriak, baina ordutik igarotako hamarkadak bizitasuna lapurtu dio. Pueyok Bertans erabiltzen du orain Lopez tartetxo batez eseri dadin, baina jokalari txikiak zulo erraldoia uzten du. Eta hori gutxi ez balitz, ederki ari den letoniarrak eraginkortasuna galtzen du berea ez den eginkizunean. Buruhausteari azkar konponbidea ipini behar lioke Bilbo Basketek. Sosik gabe, irudimena beharko da, beste behin.

Uriz espiatzen. Amaitzeko, zutabegile honek eskerrak eman nahi dizkio David Doblasi, sei astean eraikitako izen on apurra hiru minutuan txiki-txiki egiteagatik. Kantabriarraren heldutasuna hementxe miretsi eta sei egunera, alebin batek sinatuko ez lukeen azkeneko laurdena bete zuen. Lau jaurtiketa libre jarraian huts egitearekin ase ez, eta sekula ikusitako jokoz atzerako irrigarrienetakoa sinatu zuen, hiruzpalau defentsa tamalgarrirekin batera. Halere, nabarmenagoa izan zen Javi Salgadoren ezintasunak atzealdean eragindako zulotzarra, eta Tenerifek ia galduta zeukan partidan irauteko zirrikitu hori baliatu izana. Ricardo Uriz da talde hartako gidaria, eta oso egoera iluna zutenean eskatutako hutsarte batean, telebistako mikrofonoen bitartez entzun ahal izan genuen zein zen hark proposatutako plana: Salgadori behin eta berriz erasotzea, blokeo guztietan katigatuta gelditzen zelako. Emaitza ikusita, ezin esan estrategia burutsua ez zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.