Nerea Zusberro Alberro.
Futbola. Osasuna Kopako finalean. HARMAILATIK AULKIRA

Koparen bila

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Real Madrilen aurka aurkeztu zuen Osasunak Ligako talderik interesgarrienetako bat izateko hautagaitza. Iazko urriaren 2an, zazpigarren jardunaldian, gorritxoek bana berdindu zuten Bernabeun. Baina emaitza gutxienekoa izan zen. Egun horretan ezagutu genuen Jagoba Arrasateren taldea.

Osasunak 4-3-3 marrazkia hartzen du oinarritzat, eta 4-4-2an bihurtzen da geldikako defentsan. Normalean, ez du goi-presiorik egiten aurkariaren irteeran, benetako oztopoa erdiguneko lerroan egiten baitu. Baloia berreskuratu ondoren, azkar irteten da trantsizioan. Lehenik eta behin, aurkariaren alde ahulerantz joatea bilatzen dute. Ondoren, alboko zentro bati ekiten diote. Hemen dago, hain zuzen ere, Osasunaren botere handienetako bat: arearen okupazioa. Amaiera-gunera futbol eskoletan irakasten den bezala iristen da.

Gutxienez lau jokalari iristen dira errematearen eremura. Aurrelariak lehen zutoinari eraso egiten dio, kontrako eraso-hegala bigarren zutoinera gerturatzen den bitartean. Aldi berean, barruko bi erdilariak bigarren lerrotik heltzen dira, eta penalti puntuan eta aldaratze zonan banatzen dira. Horrek azaltzen du zein ondo egokitu den Chimy Avila hegalera, haren benetako lana area zapaldu eta jokaldiak amaitzea baita. Eta barruko erdilarien aukeraketa ere argitzen du: Moi Gomez eta Aimar Oroz erdilari bihurtutako punta-erdiak dira, eta biek primeran betetzen dute haiengandik espero dena.

Bernabeun bere nortasun ezaugarriak erakutsi zituen Osasunak. Jokalari hipererasokorrez osatutako taldea da, eta indartsu egiten da bi areatan. Talde sendo eta harritsua izaten jarraitzen du baina, horrez gain, baloiarekin trebea da orain. Bere ahultasunik nabarmenena ekimena eramatea bada ere, oso talde orekatua da baloia duenean, baita ez duen fase ezberdinetan ere. Osasuna egile talde bat da; Jagoba Arrasateren taldea da.

Hala ere, ligako partidaren aldean, Real Madrilen aurkako finala oso ezberdina izango da. Real Madrilek egun handietarako bere hamaikakoa aurkitu du. Gorritxoek dena ondo egin beharko dute Kopa lehen aldiz altxatu nahi badute.

Viniciusen bat-batekoa. Osasuna oso talde sendoa da posizioko defentsan, baina gaur Camavinga eta Vinicius izango ditu aurrez aurre. Frantziarrak ezker hegaletik barrurantz joko du, Osasunaren eskuin eraso-hegala, Chimy Avila (erasokorragoa) edo Ruben Garcia (defentsiboagoa), Viniciusen laguntzara irits ez dadin. Barruko erdilariaren (Moi Gomez) eta euskarriaren (Lucas Torro) lana funtsezkoa izango da Real Madrilek inguru horretan triangulariorik egin ez dezan.

Camavingaren bizkarra. Real Madrilen sendotasun handiena ahulezian bihurtzen da baloia galtzen duenean. Baloia berreskuratzen duenean, Osasunak erraztasunak izango ditu Camavingaren bizkarra erasotzeko. Aurrelari gorritxoak hegalera erori beharko du. Ondorioz, zentrala (Ruediger) bere zonatik ateraraziko du, erremate-guneko okupazioa erraztuz. Horretarako, Osasunak gauzak egiteko ohiko modua aldatu beharko du: normalean, ezkerretik aurrera egiten badute eskuinetik amaitzeko, partidaren gidoiak kontrakoa egitera behartuko ditu.

Kontuz defentsa trantsizioarekin. Barruko erdilarien erasorako joera dela eta, Osasunak zatitzeko joera du. Lehentasuna jokaldiak amaitzea izango da. Bestela, optimizatu egin beharko dute baloia galdu ondorengo presioa, Real Madrilek erasoko hirukoaren sasoi ona balia ez dezan. Nahiz eta Real Madrilek zailtasun handiak dituen geldikako jokaldia hasteko, min handia egiten du kontraerasora irteten denean; ez du barkatzen. Kroosen gaineko defentsako zaintzak funtsezkoak izango dira Real Madrilek espazioekin eraso ez dezan.

Abde bertakotu. Ez Abde da Osasunako jokalaririk desorekatzaileena, baina baita defentsan gutxien inplikatzen dena ere. Real Madrilek baloia duenean, bere ezkerretik irtengo da nagusiki. Beraz, kontrako hegala izanda, bere posizioa itxi beharko du, erdigunera gerturatuz, aurkariak zelai erdian nagusitasunik lor ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.