mikel reina
HIRUKOTIK

Lehen aldia

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Lehen aldia beti da berezia. Hau, adibidez, denboraldi honetako lehenbiziko zutabea da. Lehen aldi bakarra baitago. Hori bai, hortik aurrera askoz gehiago eman daitezke. Edo ez. Alemaniak lehen aldiz irabazi berri du Munduko Txapelketa. Europako saskibaloiaren garaipena izan da, Serbiaren aurka jokatu baitzuen finalean.

Izen propio asko utzi ditu txapelketak, onerako eta txarrerako. Hala ere, albisteak onetik txarrera ematea da ohikoena, txarra gozatzeko asmoz. Europa nagusitu da bai, baina izar nagusiek NBAn jokatzen dute. Txapelketako bi bosteko onenetan bakarrik bi jokalarik ez dute jokatzen NBAn. Deigarria izan da, era berean, bostekorik onenean barneko jokalaririk ez egotea. Deigarria da, argi uzten duelako saskibaloiaren norabidea. Txapelketako emaitzei erreparatu bakarrik ez dago: puntu askoko partidak izan dira, erritmo bizikoak eta hiruko asko egon direnak. Letoniak, adibidez, 1994tik zegoen marka apurtu du: hiruko gehien sartu dituen selekzioarena. Errekor bakarra mantentzen da, hiruko bikoitzarena. Baten batek haustea espero nuen, eta batzuk hurbil egon dira, baina oraindik ez da lehen aldirik egon.

Aldaketa. Izen propioez hitz eginda, Munduko Txapelketaren ostean, merkatua beti zabaltzen da berriro. Agian, horregatik, talderen bat edo beste geratu dira zain: Baskonia, adibidez. Azken asteetako izen nagusietako bat zuzenean lotu zen Gasteizko taldearekin: Arturs Zagars letoniarra. Haren lan bikainak zerikusi handia izan du Letonia bosgarren izan dadin. Joventutetik atera zen, eta orain eztanda egin du.Hala ere, Kataluniako taldearen esku daude haren eskubideak ACB ligan.

«Txarra kenduta, ondo». Lanera bueltan askok esaten dugun esaldia da. Ez dakit Estatu Batuetan zabalduta dagoen. Azken 25 urteetan bi aldiz bakarrik jantzi dute urrezko domina Munduko Txapelketan. AEBetan hedatuta dago benetako Munduko Txapelketa Olinpiar Jokoak direla. Hala izan daiteke, baina, era berean, aitzakia bat besterik ez da. «Azken 15 edo 30 urteetan munduko saskibaloiarekiko gure errespetua asko aldatu dela esango nuke». Argi utzi zuen Carmelo Anthony jokalari ohiak.

Hala ere, izen propio bat denen gainetik nabarmendu nahiko nuke: hamazazpigarren sailkatuarena, Hego Sudanena. Luol Deng jokalari ohia da herrialde horretako federazioko presidentea. Hego Sudan lehen aldiz aritu da Munduko Txapelketan, eta Afrikako talderik onena izan da. Olinpiar Jokoetan ere lehen aldiz hartuko du parte.

Bigarren aukera. Munduko Txapelketak ez ditu bakarrik lehen hirurentzat sariak. Askoz gehiago dago jokoan: datorren urtean Parisko Olinpiar Jokoetan aritzea, hain zuzen. Dagoeneko zortzi herrialdek ziurtatuta dute Parisen aritzea: Alemaniak, Serbiak, AEBek, Kanadak, Hego Sudanek, Japoniak, Australiak eta Frantziak. Antolatzaile izateak salbatu ditu frantziarrak.

Zuzenean sailkatu ez arren, bigarren aukera izango dute beste 24 herrialdek. Lau selekziok bakarrik lortuko dute helburua. Lau multzotan banatuko dituzte, eta lehen sailkatuak bakarrik parte hartuko du Frantziako hiriburuan. 2024ko uztailaren 2tik 7ra dira jokatzekoak Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko txapelketa horiek, baina oraindik zozketa egin beharra dago, baita egoitzak zehaztu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.