Denboraldia hastear dago. Hitz hauek irakurtzen ari zarenerako, ofizialki hasia izango da jada festa Melbourneko Albert Park zirkuituan. 2010a oso ikusgarria izan zela entzun izan dut. Ikusgarria bainoago gorabeheratsua izan zen, eguraldi aldrebesaren eta gidarien akatsen ondorioz. Loteriak eta emozioak ikusleak erakartzen ditu. Aurten ere halako sasoia izango al dugu? Hemendik hilabete batzuetara zer giro edukiko dugun akaso Pello Zabalak jakinen du. Besteontzat aldagai hori oraingoz kontrolaezina denez, azter ditzagun beste batzuk.
Pneumatikoak: dudarik gabe azken urteotako aldaketarik handiena. Lau slick ezberdinetatik bi mota (prime eta option) izango dira erabilgarriak sari nagusi bakoitzeko, eta beraien arteko diferentziek oso handiak dirudite. Izendatzaile komuna zera dute, ordea, tenperatura erraz hartu baina era berean grip maila bat-batean eroriko dela. Ingeniariek ez dute ia degradapena aztertzeko denborarik edukiko. Gidariak gainbehera handi horren aurretik zantzu minimoa somatzeko duen abileziak esango dio lehenbailehen boxetara sartu behar duen ala ez. Gehiegi itxaronez gero, itzuli bakarrean hiru segundo inguru galduko ditu. Goiz sartzea ere ez da garantia, arazoak lasterketaren azken zatirako utziaz odolkiak ordainetan jasoko baititu. Geldialdiak maizago ikusiko ditugu, eta, esan bezala, leiho optimoa oso laburra izango da. Estrategia, beraz, guztiz garrantzitsua izango da, gidariaren fintasunarekin batera. McLarenen denboraldi-aurrea teknikoki korapilotsua izan den arren, egoera berri horretan Buttonek eman dezakeen maila ikusteko irrikan nago.
KERSa 2009ko modu berberean dator. Logikoa da aldaketak ekiditea, 2013rako motore berriei itxarotea hobe baita kostu aldetik. Pisu minimoa altuagoa denez, KERSaren orduko desabantaila ere partzialki joana da, eta sistemaren 60kW-ko potentziak aurreratzeko eta kalifikazioan hamarreko batzuk xahutzeko ahalmena dakar. Aurreraketa eta espektakulu mailan efektu berbera lortu nahi da baita aleroi mugikorrarekin ere, zeina soilik aurreko autotik segundo bakarrera egotean alda daiteke.
Gidariak kexu dira nahasketa gehiegi dela beraientzat, eta arrazoia dute. Aldaketa horiek guztiek —pneumatikoena, batik bat— kaos dezente sorraraziko dute. Loteria boletoak esku batetik bestera aldatzen maiz ikusiko ditugula uste dut. Hori ikusle arruntarentzat positiboa izan daitekeen arren, apur bat izaera klasikoaren aurka doa, alternantzia edo epe ertainerako berdintasuna era artifizial samarrean aldatua izango baita. Auto eta gidari onenek ez du beti irabaziko. Bestalde, lehen difusorean zegoen, orain eskapeen kokapenean egon daiteke aerodinamika trikimailua. Noizko grip mekanikoaren bultzada aerodinamika hutsaren ordez?
Gidari eta autoei buruz hitz batzuk? Newey-ren kreazio berria, McLarenen irregulartasuna, Hispaniaren beste txapuza bat? Toki gehiagorik ez dut adiskide. Ikus dezagun lehenik aurreneko test serioa, Australiako Sari Nagusia!
Analisia
Loteria eta emozioa berriz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu