Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Mahaia garbitzeko egunak

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bukatu da. Eman du eman beharrekoa ikasturteak, denboraldiko lehiaketa nagusiak. Ohi bezala eta dagokion legez, denetarik dago azkeneko notetan. Ikastolan, urte sasoi honetan, mahaiak garbitzeko agintzen ziguten maisuek eta andereñoek, zikina kentzeko eta hurrengo ikasturterako txukun izateko. Gure taldeetan ere mahaia garbitzeko ordua da. Denboraldian bertan idatzirik utzitakoa ezabatzeko tenorea. Zer ote daukate idatzia?

Osasuna. Mahai honetan, hitz politak baino ez daude. Gustura ibili den seinale. Gozatu egin du ikasturtean, gustura ibili da denboraldian, eta joan zen uztailetik herenegun bitarte idatzitako gauzetan antzematen da aldarte on hori. Salbazioa garaiz, jartzen du erdi-erdian. Helburutzat hartu zuen sasoi hasieran, baita bete-betean bete ere. Jardunaldi batzuen faltan, zehatz esateko. Hori da hori etxeko lanak dotore egitea. Europa orain, jartzen du albo batean. Igartzen zaio duela gutxi idatzitakoa dela. Beste helburua lortu eta segituan, hain zuzen ere. Azkenean, baina, ezin koska hori igo. Raul Garcia idatzita ere badago, ondoan bihotz geziduna duela. Maiteminduta utzi ditu denak etxeko erdilariak. Hori da hori denboraldi puska. Eta Andres Fernandez ere badago mahaiaren gainean lapitzaren bidez itsatsita. Atearen zaintzaile on askoa hura. Mendi ere badago hor nonbait. Entrenatzailea nola ahaztu. Neurri-neurriko lekua du hau. Patxi Izko, zorrak ordaindu! ere idatzi du norbaitek, agintariei egiten zaien burla-haize berezi horrekin, presidentea zirikatu nahian. Umore ona ibili da mahai honen jiran. Emaitzak onak direnean, haizea alde denerako.

Athletic. Mahai honetan, sekulako lana egin da. Eta egiteko dago oraindik. Ez da ikasturtea gainditu ez duelako eta ikasgai batzuk zintzilik geratu zaizkiolako. Kanporaketa bidezko lehiaketetan, onenen pare ibili da, eta saria irabazi du: azkeneko partida jokatzeko aukera. Hilaren 25ean izango da hori, Kopako finalean. Bestelakoan, lanaren hariari tiraka, lan honen sortzailearen izena ageri da ia mahai osoan, behin eta berriz idatzita: Bielsa, carajo han, Bielsa, carajo hemen. Estimatua da gizona, alajaina. Baten batek marraztu ere egin du: txandala soinean, eta betaurrekoak lepotik zintzilik, sokarekin lotuta. Dotore margotu du entrenatzailea. Sinesten dut ere ikusten da lekuren batean. Ez dagokio erlijioko klaseari, ez. Bakoitzaren barruko indarraren berri ematen du. Sinetsi egin dute denek emaitza handiak lor ditzaketela, baita lortu ere. Nekea ere jarri du norbaitek. Gogorra izan da denboraldia: partida ugari, bidaiak ere noiznahi eta noranahi. Hiri batzuen izenak ere badaude; batean, denak batera azaltzen dira: Paris, Bratislava, Salzburgo, Manchester, Gelserkinchen, Lisboa eta Bukarest. A zer oroitzapenak!

Reala. Mahai honen gainean ere gauza asko dago idatzia. Ezer baino hizki larriagoz, izen hau: Mikel Aranburu. Eta, alboan, ondorengoa: Gure kapitain handia. Esker ona adierazteko modua badoan futbolariari. Marrazki batzuk ere ageri dira; gezi itxura daukate, eta batzuek goranzko traza dute; besteek, beheranzkoa. Denboraldian izandako gorabeherak azaltzeko marraztuko zituen norbaitek. Montanier ere jartzen du, sasoiko hizpide handienetakoa hura izan delako, entrenatzailea. Bazihoala, bazetorrela, ez doala, badoala... Lehendabizi, salbazioa jarrita dago, hori ere hizki handi samarretan. Lehen helburua zen, eta bete zuen duela hiru jardunaldi. Kalitatean hobekuntza idatzita al dago han? Hala ematen du, bai. Klubeko agintariek jarritako lana zen; bete ote da? Hain da galdera subjektiboa... Norbait, hala ere, ausartu da erantzuna idazten. Azpian, hauxe: Denboraldiaren hasieran baino jokalari osoagoa naiz. Azkenekoa beste marrazki bat da: kandela. Ez itzali idatzita alboan. Velari ez joateko egindako eskakizuna. Harrobia ere ikus daiteke jarrita. Taldearen funtsa, filosofiaz, eta partida askotan azaldua. Bide zuzena gehitu dio norbaitek.

Ezabatu bai, ahaztu ez. Garbituko dituzte hiru mahaiak. Geratuko dira ikasturte eta denboraldi hasieran bezala, garbi. Itzuliko dira hiru ikasleak denbora gutxi barru, oporren bueltan. Orain, ezabatuko duten dena ez ahazteko aholkua emango diegu hemendik. Ezabatzea ez dadila izan ahaztearen sinonimo. Hauek ondo gogoan izan behar dituzte: Bielsa, Mendilibar, Montanier, emaitza onak, lan hobea, salbazioa eta harrobia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.