Aitor Manterola Garate.
Harmailetatik begira

Makarroiak gosaltzeko

2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Erreakzioak. Jagoba Arrasateri entzun zitzaion joan zen ostiralean edo larunbatean. Valentziako astebeteko egonaldia amaitzen ari zela esan zuen hau: «Igande eguerdian jokatzea berezia izaten da; besteak beste, egunero egiten ez diren gauzak egin behar direlako; esaterako: goizeko zortzi eta erdietan, makarroiak gosaldu». Digestioa eta jarduera fisikoa egiteko elikadura egokia ezohiko orduetan uztartzeko, ia-ia komeriak egin behar partida 12:00etan denean. Makarroiak gosaritan. Belarritik ez da ondo sartzen, behintzat. Ahotik sartu egin behar, ze erremedio! Astuna izango da. Betekada latza. Desatsegina. Gogoz kontrakoa. Lehorra.

Betekada latza. Athleticek hartu zuen Valladoliden kontura, eta Valladolidek jasan behar izan zuen Athleticen gose aseezina. Bete egin ziren Ernesto Valverderenak zelaian, gozo jokatuz, gozatuz; zaleak ere bapo janda oheratu ziren, ikuskizuna ikusita. Eta Valladolidekoei ondoeza eragin zien aurkariaren etxean ikusitako jankadak. Goizean goizeko makarroiak ez bezala, ederki sartu zen San Mames berriko afalostekoa. Etxekoei, jakina. Athletic dena jaten ari da etxean. Jartzen zaiona jartzen zaiola, dena barrura, denak ahora. Eta San Mames berria inoiz ez dela aseko ematen du.

Lehorra. Polboroiak intxaurrekin jatearen parekoa, edo goizean goiz pasta jatearen albokoa. Osasunak eta Granadak seko partida lehorra jokatu zuten larunbat iluntze-gauean behinola arabiarren leku ku- ttun izan zen hirian. Golik ez, zast egiteko aukerak ere eskasean, eta nolako ikuskizun txikia izan zen adierazten duen esaldia Euskadi Irratiko emanaldian: «Bi taldeak balekotzat ematen dute puntua. Azkeneko jardunaldia balitz eta biei berdintzea komeni balitzaie, berdindu egingo lukete». Gogoz kontra sartzen den janaria bezalakoa izan zen norgehiagoka baino nor gutxiago izateko partida hau.

Desatsegina. Realekoek igande goizean zer gosaldu zuten ezaguna da. Getafekoak ere antzera ibiliko ziren ziurrenik. Bai behintzat partida hasiera ikusita. Bi kolpe latz eta zehatz eman zizkien Imanol Agirretxek. «Makarroiak ez al dituzue nahi? Bada, tori, makarroiak eta oilasko gehiegi egina, lehorra». Ematen zuen, ematen zuen... baina Realari ez zion eman bi goleko aldeak norgehiagoka irabazteko. Platerkadak kontrako norabidea hartu baitzuen. Getafek Realari ere bota zion handi askoa. Ez zen atsegina izan Realekoentzat azkeneko emaitza. Zenbaitek gosaritan zuten nazka aurpegi bera izango zuten bukaeran.

Astuna. Alaves, makarroiak eta gosaria uztartzea oso erraza izaten ari da denboraldi honetan. Asteburu guztietan 12:00etan jokatuko balu bezala. Astuna. Beti kontu bera. Ezin zurrunbilo horretatik atera. Egiten dena egiten dela, Mendizorrotzatik gosearekin atera- tzen dira zaleak, jokalariak, agintariak eta denak. Larunbatean ere betikoa. Ezin hiru puntuen gozoa dastatu. Platerkada jaki on muturren aurretik pasatu eta kentzearen pare. Eskua luzatzerako, joan da urruti. Eskua azkarrago luzatzeko, hiru kide berriren laguntza iragarri omen du Josean Kerejetak. Jaten hasi beharrean da Alaves, flakiak joko ez badu.

Gogoz kontrakoa. Hauei berdin zaie eguerdian jokatu edo arra- tsaldean. Partida ia guztien digestioa ondo asko egiten dute. Dena barrura: makarroiak, oilaskoa, arroza, arraina, haragia... Ase ezinda dabiltza Eibarko kide guztiak. Gogoz kontra ere bapo jaten dute. Jate- txez jatetxe dabiltza, hau eta beste dastatuz, eta janaldi ia guztietan indarrak hartuz. Hauek ez dute aurpegi txarrik jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.